Prentsa Oharren banner

Prentsa deialdiak (2021-06-17)

Kukai Dantzaren ‘Hnuy Illa’ ikuskizunaren aurkezpena.

Parte-hartzaileak: Jon Maya, Kukai Dantzaren zuzendari eta Hnuy Illa ikuskizuneko koreografoa; Aritz López ikuskizuneko dantzari eta Larrua proiektuko kidea; eta Marta Monfort, udalaren Antzoki Sarearen arduraduna.

Eguna: ekainak 17, osteguna

Ordua: 11:00.

Lekua: Principal antzokia.

———————————————————-

Stop Bide Indarkeriak antolatutako “Ikusi eta ikasi. Por un espacio público de calidad, convivencia vial segura y sostenible” lehiaketaren argazki-erakusketaren aurkezpena.

Parte hartzaileak: Raimundo Ruiz de Escudero, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzia; eta Rosa Trinidad, Stop Bide Indarkeria Elkarteko lehendakaria; eta Blanca de la Peña, Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatua.

Data. Osteguna, ekainak 17

Ordua: 11:00

Lekua: Ignacio Aldecoa kultura etxea.

——————————————————————————

Lorenzo Ascasibar eskultureari omenaldia

Parte-hartzaileak: Gorka Urtaran alkatea, udal korporazioko talde politikoen ordezkariak eta Lorenzo Ascasibar eskultorea eta senide eta lagunak

Eguna: ekainak 17, osteguna

Ordua: 19:00.

Lekua: Florida parkea (Manuel Iradier esploratzailearen eskultura), eta udaletxeko harrera-aretoa.

 

Share

Gasteizek hitzarmena sinatu du Michelin fundazioarekin, ekintzaile zein enpresa txiki eta ertainei laguntzeko

Lehen alkateorde eta Ekonomia-Sustapenerako zinegotzi Maider Etxebarria eta Michelin España Portugal Fundazioaren Komunikazio-zuzendari Mónica Rius Aymamí andreek lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur goizean, berrikuntza eta garapen ekonomikoa sustatzeko, eta ekintzailetza eta Gasteizen enpresak sortzeko ekimenari laguntzeko.

Hitzarmenaren baitan, Udalak Michelin España Portugal Fundazioak enplegua sortzeko ematen dituen laguntza-programen berri zabalduko, eta aretoak eskainiko dizkio Udalaren enpresa-zentroetan, enpresa-proiektuen sustatzaileak hartzeko.

Bere aldetik, Michelin España Portugal Fundazioak (FMEP) bere laguntza-programen onuradun izateko aukera emango diete Gasteizko Udalak ekintzailetza sustatzeko antolatzen dituen programetan parte hartzen dutenei, bai eta Udalaren enpresa-zentroetan instalatutako enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei.

Laguntza horiek era desberdinekoak dira: aholkularitza eta laguntza teknikoa; finantza-laguntza, banku-entitateren batek FMEPren babesarekin emandako mikrokredituen bidez; eta itzuli beharrik gabeko laguntza ekonomikoa onuradunaren eta FMEPren arteko hitzarmena sinatu osteko bi urteetan sortutako enplegu berri bakoitzeko.

Horrez gain, Michelin España Portugal Fundazioak ”Araba Ekinean” programan lagunduko du, informazio teknikoa eta praktika egokien trukearen bidez, zeinean jardunaldi, foro, lantegi eta abarretan izan duen eskarmentua eskainiko baitu.

Maider Etxebarria, lehen alkateordea eta Ekonomia Sustapenaren zinegotzia: “Itun honek Gasteizko ekintzaile, autonomo eta enpresa ertain eta txikiei laguntzeko estrategian aurrerapausoak ematea ahalbidetzen digu. Espero dugu hiriko enpresa-ehunaren berrikuntza eta garapena sustatzen lagunduko duela.

 

Share

Hiru atxilotu Ariznabarrako etxebizitza batean drogarekin trafikatzeagatik

Udaltzainek atzo 50, 41 eta 33 urteko hiru gizonezko atxilotu zituen droga-trafikoaren delituaren ustezko egileak izateagatik.

Atxiloketak 10:00ak baino zertxobait geroago gertatu ziren Ariznabarran maiatzaren amaieran abian jarri zuten operatiboari amaiera emateko. Izan ere, orduan, Ikerketa Unitateak auzoko etxebizitza batean drogarekin trafikatzen zutela zioen susmoaren berri jaso zuen.

Informazio haren ondorioz, Udaltzaingoak zaintza- eta kontrol-operatiboa jarri zuen abian eta etxebizitza hartan lan ezagunik ez zuten hiru gizonezko bizi zirela egiaztatu zuen. Ikerketa hartan, udaltzainek biztanleen hainbat mugimendu ikusi zuten; izan ere, etxebizitzan eta atari inguruan bezeroak izan zitezkeenei harrera egiten zieten. Zehazki, marihuana, kokaina eta haxixa saltzen zituzten. Hori zela eta, atzo, hiru gizonezkoak atxilotu zituzten.

Ikerketak etxebizitzaren erregistroarekin aurrera jarraitu zuen agindu judizialari esker. Barruan, 5 gramo kokaina, haxixaren 300 gramo inguru, marihuanaren 12 gramo eta 1.400 euro baino zertxobait gehiago topatu zituzten.

Atxilotuak gaur goizean geratuko dira epailearen esku.

Zirkulazioko kanpaina berezia

Gaurtik hasi eta ekainaren 22ra, asteartera, arte, Udaltzaingoak gidatzeko garaian eragin negatiboa duten eta istripua izateko arriskua areagotzen duten alkoholaren, drogen eta beste substantzia estupefaziente batzuen kontsumoa kontrolatzera zuzendutako zirkulazioko kanpaina berezia garatuko du.

Kanpaina hori Bide Segurtasuneko Udal Plan Estrategikoan jasotako zaintza- eta kontrol-ekintzen baitan sartu behar da.

Share

Autokontsumorako instalazio fotovoltaikoak jarriko dira udalaren 5 eraikinetan

Elkarrekin taldearekin lortutako akordioari esker, kontsumitzen duten energia elektrikoaren % 33 ekoiztuko dute Hegoalde eta Ariznabarreko gizarte-etxeek, Lourdes Lejarreta haur eskolak, Aranaldeko kiroldegiak eta Ariznabarreko BIZANek.

 

Alkateorde eta Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi Ana Oregik eta Elkarrekin taldeko eledun Oscar Fernendezek gaur goizean iragarri dutenez, Gasteizek autokontsumorako instalazio fotovoltaikoak izango ditu udalaren 5 eraikinetan urte amaierarako.  Izan ere, Elkarrekin taldearekin lortutako akordioari esker, Hegoalde eta Ariznabarreko gizarte-etxeek, Lourdes Lejarreta haur eskolak, Aranaldeko kiroldegiak eta Ariznabarreko BIZANek kontsumitzen duten energia elektrikoaren % 33 ekoiztuko dute.

“Gasteizek klima-aldaketaren kontrako borrokan modu aktiboan parte hartzeko konpromisoa du, nazioartean egiten dituen itun, akordio eta politiken ildo beretik. Gure helbururik anbiziotsuena 2030erako bide-orria adostea da, 2050a baino lehen karbono-neutraltasuna lortzea xede. Ildo horretan, lanean ari gara kontsumoa murrizteko, instalazio eraginkorragoak sustatzeko eta energia berriztagarriren ekoizpena bultzatzeko politiketan, eta gaur aurkezten dugun proiektu hau ekintza horiekin bat egiten du” nabarmendu du Ana Oregik.

Elkarrekin taldeko eledun Oscar Fernandezek azpimarratu duenez, “udal instalazioetan eguzki-energian inbertitzea trantsizio energetikoaren aldeko beste pausu bat da Gasteizen. Elkarrekin taldean uste dugu erakundeek eta gizarteak norabide berean joan behar dutela, energia-sistema berriztagarri eta banatua bermatzeko. Gaur, datozen urteetan azkartu nahi dugun bideari jarraitzen diogu, gure Green Capital energia garbiaren arloan ere erreferente izan dadin”.

Gasteizko udalaren eraikinetan instalazio fotovoltaiko hauek giltza eskura hornitzean datza aurkeztutako proiektua.

MULTZOAKOKALEKUAPOTENTZIA
1. MULTZOAHEGOALDE GIZARTE-ETXEA100 kWn
 

2. MULTZOA

ARIZNABARREKO GIZARTE-ETXEA15 kWn
ARIZNABARREKO BIZAN30 kWn
LOURDES LEJARRETA HAUR ESKOLA30 kWn
ARANALDEKO KIROLDEGIA15 kWn

Kontratu honen bitartez, udalaren eraikin eta instalazioetan energia elektrikoa hornitzen duten instalazio berriztagarrien kopurua handitu nahi da. Instalatu beharreko potentzia nominala 190 kW-koa da guztira.

Multzo guztien lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 258.024 eurokoa da (BEZa barne) eta egikaritze-epea, 4 hilabetekoa.

5 instalazio fotovoltaikoek 260.000 kWh ekoiztuko dute, gutxi gorabehera, eta bost eraikinen gutxi gorabeherako kontsumo elektrikoa 785.000 kWh da urtean. Instalazio fotovoltaikoen ekoizpen fotovoltaikoak kokatuko diren eraikinen kontsumo elektrikoaren % 33a da.

Share

Europa jauregiak Hiri Hezitzaileen Topaketa hartuko du 2022ko martxoan

Topaketak –zein Hezkuntza Zerbitzuak antolatuko baitu– komunikazio eta hausnarketarako gune bat irekiko du Estatuko hainbat hiritako udal eta eragile sozioedukatiboen artean

Europa biltzar-jauregiak Hiri Hezitzaileen Estatuko Sarearen (RECE) Topaketa hartuko du 2022ko martxoaren 17an eta 18an, ‘Hiri hezitzailea sendotu’ lelopean.

Ekimena bi formatutan egingo da, aurrez aurre eta online, jardueretako batzuk streaming bidez jarraitzeko aukera emango da, Udalaren webgunean propio egokitutako gune baten bidez.

Hezkuntza eta Kulturako zinegotzi Estíbaliz Cantok esan duenez, “2020ko martxoan Gasteiz RECEko hirien koordinatzailea hautatu zen 2020-2022 aldirako. Orduan gure gain hartu genituen konpromisoen artean topaketa hau antolatzea zegoen. Ekimen honek komunikazio eta hausnarketarako gune bat irekiko du Estatuko hainbat hiritako udal eta eragile sozioedukatiboen artean”.

Erakundeetako ordezkari, eragile sozioedukatibo eta ikasleen artean, 300 pertsona inguru bilduko direla espero da. Izena emateko epea 2021eko abenduaren 1ean hasiko da, eta 2022ko otsailaren 18an amaituko, egun horiek biak barne.

Programak hainbat hitzaldi, solasaldi eta aurkezpen hartzen ditu baitan, bai eta RECEren Batzar Nagusiaren bilkura ere.

Topaketak RECEn bildutako 91 hiritan egindako lana ezagutzeko aukera emango du, 4 gai-multzotan berezita: ‘Hiri inklusiboa, hiri hezitzailea’, ‘Hiri berdinzale eta genero-indarkeriarik gabeak’, ‘Lan kooperatiboaren ereduak: Hizi Hezitzaileen erreakzioa’ eta ‘Garapen jasangarriaren helburuak, haurren inplikazioarekin (II. fasea)

Horrez gain, RECEko hiri kideek 4 gai-multzo horien inguruko esperientziak azalduko dituzte.

Partaideek lehen eskutik ezagutu ahalko dituzte Gasteizko leku eta baliabide hezigarriak zein artistiko eta kulturalak, Topaketarako propio antolatutako bisita gidatuen bitartez.

Zer da RECE?

Hiri Hezitzaileen Estatuko Sarea (RECE) elkarte bat da, Hiri Hezitzaileen Kartarekin bere gain konpromisoa hartu duten tokiko gobernuen lankidetza-egitura iraunkorra da. Gaur egun 226 dira RECEko kide, Espainiako estatuko autonomia-erkidego guztietakoak.

Informazio gehiago

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Share

Udalbatzaren aparteko osoko bilkura Goiuri jauregian, 2021eko ekainaren 17an

Sindiko edo Herritarren Defendatzailearen urteko txostena aurkezteko aparteko osoko bilkura egingo da bihar, ekainaren 17an, Goiuri jauregiko Martin de Salinas aretoan, zinegotzien artean osasun agintariek gomendatutako distantzia gordetze aldera.

Aurreko bilkuretan bezala, bertan bost pertsonak jarraitu ahalko dutela bilkura jakinarazten zaie komunikabideei. Halaber, esteka honen bitartez edo udaletxeko prentsa-aretoan ere jarraitu ahalko da saioa streaming bidez.

Share

Jorge Javier Vázquez, Carlos Sobera eta Loles León izango dira Gasteizen uda honetan

Udalaren Antzoki Sareak 11 ikuskizun programatu ditu uztailaren 14tik abuztuaren 8ra bitartean

 

Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok Gasteizko Udalaren Antzoki Sareko udako programazioa aurkeztu du. 11 ikuskizun egingo dira uztailaren 14tik abuztuaren 8ra bitartean Principal antzokian, eta, besteak beste, Jorge Javier Vázquez, Carlos Sobera eta Loles León izango dira protagonista. Guztira 21 emanaldi eskainiko dira, eta komedia eta musika izango dira nagusi.

“Urtebete daramate antzokiek zabalik, osasun neurriak zorrotz aplikatuz eta ordutegi- eta edukiera-mugetara egokituz, eta orain ozen esan dezakegu kultura eta antzokiak seguruak direla, eta gure hiriko jendeak Udalaren Antzoki Sareko ikuskizun guztietara joateko ohitura mantendu duela. Horrek adore eman digu entretenimenduan oinarritutako programazio bat diseinatzeko, eta barre egiteko eta une onak igarotzeko aukera izango dugu”, adierazi du Cantok.

Gasteizko Nazioarteko Jazzaldiaren 45. edizioak irekiko du denboraldia ‘Jazza Antzokian’ zikloarekin, eta, horren barruan, 5 kontzertu egingo dira uztailaren 14tik 18ra bitartean. Egitarauak emankizun hauek aurreikusten ditu: Miguel Salvador Quartet (uztailak 14), Gonzalo del Val Trío feat. Benet Palet (uztailak 15), CMS (uztailak 16), Lucía Martínez & The Fearless (uztailak 17) eta Maciej Obara 4tet (uztailak 18). 18:00etan hasiko dira denak, Principal antzokian.

Sarrerak Principal antzokiaren ohiko bideak baliatuz erosi ahal izango dira (leihatiletan, telefonoz eta Internet bidez). Abonamenduak, ekainaren 16tik aurrera, eta sarrerak, ekainaren 25etik aurrera.

Udako denboraldiak uztailaren 23an jarraituko du; Mikel Urdangarinek bere azken diskoa aurkeztuko du, ‘Izurdeen Lekua’, gaueko 21:30ean. Berarekin Koldo Uriarte (teklatua), Rafa Rueda (gitarrak), Nika Bitchiashvili (biolina), Jon Cañaveras (baxua) eta Ander Hurtado de Saracho (bateria) izango dira.

Urtero bezala, aurtengo udan ere EGO Euskal Herriko Gazte Orkestra entzuteko aukera izango dute herritarrek; izan ere, Mozart eta Brahmsi eskainitako programa aurkeztuko du orkestrak uztailaren 26an Principal antzokian, 19:00etan.

Uztailaren 29tik 31ra ‘Desmontando a Séneca’ komedia egongo da Principaleko agertokian. ‘De la brevedad de la vida’ liburuan oinarritzen da obra , eta Jorge Javier Vázquez du protagonista. 5 emanaldi egingo dira, proiekzioekin, musikarekin, filosofiarekin eta umore askorekin.

Abuztuaren 3an eta 4an ‘La Coartada’ thrillerra egongo da ikusgai, Gorka Otxoa, María Castro eta Miguel Hermosorekin eta Bernabé Ricoren zuzendaritzapean. Txalo Produkzioak taldearen eskutik.

Ondoren, ‘Asesinos todos’ obraren txanda izango da, Carlos Sobera, Neus Asensi, Elisa Matilla eta Ángel Pardo protagonista dituen komedia klasikoa. Pentación taldearen eskutik eta Pep Antón Gómezen zuzendaritzapean.

Udako denboraldia ixteko Loles León eta ‘Una noche con ella’ lan berria izango ditugu, bidaia bat historiaren eta bere bizitzaren azken berrogeita hamar urteetan barrena, music hall eta kabaretaren lengoaia erabiliz kontatuta. Aktore ospetsua horrekin batera Briel González eta Fran del Pino arituko dira, Juan Luis Iborraren zuzendaritzapean.

“Egitarau fresko bat proposatzen dizuegu, komedia askorekin eta aktore garrantzitsu eta ospetsuekin, eta ziur nago une oso atseginak igarotzeko aukera emango digutela”, erantsi du zinegotziak.

Udako denboraldiko sarrerak uztailaren 7an jarriko dira salgai, 10:00etan, eta leihatiletan, telefonoz eta Internet bidez erosi ahal izango dira.

Antzerki Jaialdia

Bestetik, urriaren 10etik azaroaren 28ra bitartean egitekoa den Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren 46. edizioari buruz ere hitz egin du Cantok. “Tokiko eta euskal sorkuntza eszenikoa sustatzen jarraitzen dugu eta nazioarteko proposamenak berreskuratzeko ere ari gara lanean. Era berean, arte eszenikoen hitzordu garrantzitsu honen nortasunaren parte diren antzezpenez gain, beste ekintza batzuk ere programatuko ditugu”, adierazi du.

Urriaren 29an, herritarrek ‘El hombre almohada’ ikusteko aukera izango dute, Martin McDonagh dramagile ingelesaren maisulanaren egokitzapena. David Serranok zuzentzen du eta Belén Cuesta, Ricardo Gómez, Juan Codina eta Manuela Paso dira protagonistak. Principal antzokian.

Eta iragarritako beste obra ‘Las noches bárbaras’ izan da. Hervé Kouvi koreografo aljeriar-frantsesaren dantza ikuskizun horrek Mozart, Fauré eta Afrikako musika tradizionala hip-hop kulturarekin eta capoeirarekin nahasten ditu. Azaroaren 4an Principal antzokian.

Informazio gehiago

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Share