Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-06-03)

Prentsaurrekoa. Armentun, I. Erromako Kultur Astea aurkeztea

Parte hartzaileak. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto; Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibañez de Opacua; eta Zabalgana Batuz elkarteko arduradun Alain Larreina

Eguna. Osteguna, ekainak 3

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

——————————————

Prentsaurrekoa. Lore apainketa ekimena aurkeztea

Parte hartzaileak. Merkataritza zinegotzi Igor Salazar; Aenkommer Elkarteko zuzendari gerente Edurne Parro

Eguna. Osteguna, ekainak 3

Ordua. 11:00

Tokia. Arka plaza

—————————————

Prentsaurrekoa. Ponle Freno lasterketa aurkeztea

Parte hartzaileak. Herritarren Segurtasun zinegotzi Marian Gutiérrez; Ponle Freno Lasterketako Komunikazio arduradun Natalia Rico; eta AXA Fundazioko zuzendari nagusi Josep Alfonso

Eguna. Osteguna, ekainak 3

Ordua. 12:00

Tokia. Posta eta Independentzia kalegurutzean (Foru plaza)

Share

Gazte lidergoa Ibaguéko eta Gasteizko eraldaketa politiko eta sozialerako

 

Garapenerako Lankidetza eta Gazteria Zerbitzuek proiektu bat diseinatu dute Kolonbia-Euskadi Elkartearekin batera, eta topaketa birtualak zein aurrez aurrekoak, eta ekintza artistiko bateratuak izango ditu

Garapenean Laguntzeko Zerbitzua eta Gazteria Zerbitzua lanean ari dira Erronka: Gazteak Gazte Planean 2021erako ezarritako helburu batzuk lortzeko. Zehazki:

– Estrategia berritzaile bat sortzea (boluntariotza, kulturala,…) Gasteizko eta Hegoaldeko herrialdeetako gazteen arteko trukerako, haien errealitateak eraldatzeko ekintzak egin ahal izateko.

– Kultur kudeaketaren alorrean munduko beste leku batzuetako gazteekin ezagutzak trukatzea ahalbidetuko duten ekintzak sustatzea.

Horretarako, proiektu bat gauzatzen ari dira Kolonbia-Euskadi elkartearekin batera. Proiektu horretan, gizarte-eragina duten prestakuntza-, kualifikazio- eta laguntza-estrategiak burutuko dira gazteentzat kultura-kudeaketaren eta -ekintzailetzaren alorrean, baita Gasteizko eta Ibaguéko gazteen arteko truke-prozesuak ere, gazteen gaietan lan-agenda globalago bat prestatzeko. Horrez gain, kultur arloko kudeaketa prozesuak indartu nahi dira, zerbitzuak eskaintzen dituzten eta ekintzailetza kulturala duten Ibaguéko gazte-ekimenak sendotu eta jasangarri izan daitezen.

Trukerako proposatutako ekintzak:

  1. Trukeetarako plataforma digitala. www.trukecultural.org

Elkarrekintza-prozesu iraunkorra; bertan, hainbat produktu partekatuko dira aldian-aldian, hala nola kultura arloko kudeaketa prozesuei edo gazteen eskubideei buruzko bideoak, infogramak, podcastak eta txostenak, besteak beste, txatetan, web mintegietan, YouTuben, foroetan edota streaming bidez eztabaidatzeko.

Plataforma digitala programazioa eta jarduerak partekatzeko gune gisa antolatuko da. Erakusleiho birtual bat ere izango da, eta blog edo txat bat izango du Gasteizko eta Ibaguéko gazteek elkarrizketa iraunkorrak eta irekiak izan ditzaten, eta Ibaguéko eta Gasteizko gazteei eta kulturari buruzko dokumentuak, produktuak eta informazioa bildu eta eskura izan dezaten. 

  1. Topaketa birtual tematikoak.

Topaketa birtualak egingo dira Gasteizko eta Ibaguéko gazteen artean, programatuak, gidatuak eta hedapen handikoak. Gai espezifiko orokorrak izango dituzte, tokiko adierazpenekin. Desberdintasunak eta kointzidentziak bilatuko dira, bai eta lankidetza hitzarmenak ere, hainbat arazori ekiteko, besteak beste klima-aldaketa, gazteen aurkako indarkeria matxista, gazte lidergoa eta kultur arloko kudeaketa prozesuak, batzorde binazionalak zehaztutakoaren arabera.

 Aurrez aurreko trukeak egitea.

Aurrez aurreko bi truke egingo dira, bat Gasteizen eta beste bat Ibaguén, bi hirietako gazteen artean, senidetze-prozesuak sendotzeko eta sinergiak eraikitzeko, Ibaguéko eta Gasteizko gazteen kultura-prozesuak nazioartean kokatze aldera. (Dena dela, COVID-19aren bilakaera eta hark eragindako murrizketak kontuan hartu beharko dira trukeak gauzatu ahal izateko).

  1. Bi hirietan aldi bereko ekintza artistiko bat koordinatzea.

Esku-hartze artistiko bat egitea proposatu da bi hirietako gazteen parte-hartzearekin; proiektua koordinatzeko, bi aditu egongo dira zuzendaritza teknikoan.

Gidoi bakarrari jarraituz, bideo bat egingo da prozesu osoa jasotzeko, gaia aukeratzen den unetik eta esku hartzearen aurreprodukzioa eta postprodukzioa egin arte. Hiri bakoitzean artista gazteek lantegiak egingo dituzte kolektiboekin bizipenak, teknikak eta irakaspenak partekatzeko. Prozesua eta bideoa proiektuaren plataforma digitalean ikusi ahal izango dira.

 

 

 

 

Share

(Eguneratua) Gasteiz ikerketaz, talentuaz eta konpromiso berdeaz harro agertu da CONAMAn

Gorka Urtaranek Madrileko, Zaragozako eta Valladolideko alkateekin partekatu du “Gasteiz hiri berdetik ekonomia berderantz” igarotzeko Green Deal ituna.

 

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Ingurumenaren Biltzar Nazionalak (CONAMA), iraunkortasunari eta ingurumen-politikei buruzko topaketa nagusia, aurten 1.200 aditutik gora bilduko ditu Madrilen. Gaur egingo diren hiru aurkezpenetan, Gasteiz harro agertzen da Green Dealen baitako ikerketa, talentu eta konpromiso berdeaz. 2019ko azaroan aurkeztu zen Vitoria-Gasteiz Green Deal, eta dagoeneko lehen fruituak ematen hasi da ikerkuntzan eta berrikuntzan erreferente diren proiektuekin.

Izan ere, Gasteizko Green Deala da Gasteizek hiriaren aldeko, hurrengo belaunaldien etorkizunaren aldeko eta planetaren aldeko itun-eredua proiektatzeko hiru ekintza lotzen dituen haria. “Gure bizi-kalitate handia sendotzeko eta etorkizun ekonomiko eta sozial sendo eta bideragarri baten oinarriak finkatzeko itun bat, akordio zabal eta plurala, zeinak jarraitu beharreko bideari buruzko askotariko ikuspegi osagarriak txertatu nahi baititu”, gogorarazi du Gorka Urtaran alkateak  CONAMAko lehen saioa irekitzeko Madrilgo alkate José Luis Almeidarekin, Zaragozako alkate Jorge Azcónekin, Valladolideko alkate Oscar Puenterekin eta Bartzelonako Diputazioko Klima Ekintza Saileko lehendakari Xesco Gomarrekin egin duen topaketan. “Hirietan nahi dugun berroneratzea” izeneko solasaldia egin dute alkateek, eta bertan Gasteizek hiri berdetik ekonomia berde igarotzeko ituna“ azaldu du Gorka Urtaranek. 

“Gure hiria erreferentea da beste hiri eta erakunde askorentzat ingurumen-arloko politikak hartzeari dagokionez; hiru faktoreri esker da hori: Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko eta Udalaren beste atal batzuetako (hala nola Espazio Publikoa, Ingurumena, Hondakinak, Ekonomia-sustapena eta Hirigintza) teknikariek duten aintzatespena; enpresek, unibertsitateek, eragileek eta erakundeek hiri berdetik ekonomia berdera igarotzeko duten inplikazioa, eta bi ekimenak (publikoa eta pribatua) herritarren bizi-kalitatearen hobekuntzan eta gure planeta zaintzearen kontzientziazio eta errespetu handiagoan elkar daitezen herritarrek duten konpromisoa”, nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak.

Alkateen topaketa hori amaitu ondoren, Klimaren aldeko Ituna sinatu dute tokiko hedabideen zuzendariek CONAMAko areto nagusian. Green Dealaren barruko akordio horrek hedabide hauen konpromisoa jasoko du: El Correo, Diario de Noticias de Álava, Gasteiz Hoy, EITB, RTVE, Cadena Ser, Radio Vitoria, Atresmedia Euskadi, Agencia EFE, Radio Gorbea, COPE, Onda Vasca, elDiario, Crónica Vasca eta Alea Aldizkaria. 

“Gasteiz aintzatetsi egin dute eta aintzatetsi egiten dute udaleko gobernuek eta teknikariek beren proposamenak baliozkotzeko izan zuten eta duten ikuspegi eta ausardiagatik; hirian dugun talentu handiagatik, esaterako teknikari eta zientzialariek Gasteizen egiten diren proiektuak azaltzean erakutsiko dutena, eta herritarrekiko konpromisoagatik. Gainera, komunikabideak ere funtsezko sektore zarete Green marka eta planetarekiko konpromisoa gure nortasunaren eta gure hiriaren marka adierazgarri bihurtzen duten konpromiso horretan. Eragile sozial, ekonomiko, kulturalek… guztiok eraikitzen dugu hiria. Harro gaude guztion artean eraiki dugun herriaz” adierazi du alkateak.

Abangoardiako proiektu gasteiztarrak

 

Gasteizko Green Deal ekonomia berdean, gizarte-kohesioan eta natura-ingurunea babestean oinarritzen da; hitzetatik egintzetara igarotzeko aukera ematen duten eta eragin nabarmena sortzen duten ekintzak egiten ari dira, eta datorren eta beharrezkoa den eraldaketari heltzen dio. Arratsaldean, hainbat arlotako itzal handiko ikertzaile eta zientzialariek hiri-itun handi honen haritik Gasteizen dagoeneko egiten ari diren proiektuak azaldu dituzte CONAMAn.

Hala, CIC energiGUNEko Biltegiratze Termikoaren Ataleko zientzia-zuzendari Elena Palomok puntako bi proiekturen berri eman du “Bero-ponparen esparruko proiektu eta aukerak” eta “Energia-efizientzia industriaren esparruan” gaiei buruzko bere hitzaldiekin.

Bioaraba Osasun Ikerketa Institutuak hitzaldi hauek izan ditu: José Aurelio Cordero epidemiologoaren “Osasuna eta klima-aldaketa” eta Arabako Unibertsitate Ospitaleko Loaren Unitate Funtzionaleko itzal handiko buru Carlos Egearen hitzaldia, zeinak Gasteizen egingo den “Sleep Smart City” proiektu berriaren aurrerapena egin baitu.

EHUko Farmaziako irakasle Gorka Orivek eta Arabako Osasun Mentaleko sareko farmazia-ataleko buru Unax Lertxundik “Basque Sustainable Pharmacy. Gorabidean dauden kutsatzaileak analizatzeko proiektua, farmakoek ingurumenean duten eraginz” proiektuaren xehetasunak azaldu dituzte.

BC3 Basque Centre for Climate Change-ko ikertzaile Julia Neidig-ek ezagutzera eman du “REVALUE: Relational Values in Urban Environments: A transdisciplinary approach” proiektua, zeinarekin lankidetzan jarduten baitu Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak.

 

 

 

Share

Udaltzaingoak mila droga-konfiskatze baino gehiago egin zituen 2020. urtean eta 15 pertsona atxilotu zituen

Udaltzaingoak, 2020an, 1.007 droga-konfiskatze egin zituen substantzia estupefazienteen trafikoaren, jabetzaren eta kontsumoaren kontra egindako jardueretan eta Herritarren Segurtasuna Babesteko Lege Organikoa aplikatuta.

Esku-hartze horien garapenean, 2019an egindakoak baino % 4 gehiago, udaltzaingoak 15 pertsona atxilotu zituen eta horietako 11 utzi dituzte epailearen esku.

Marihuana eta haxisa izan ziren Agirrelandako kideek gehien atzemandako substantziak. Joan den urtean zehar, Udaltzaingoak 26 kilo marihuana (haziak, kukuluak, landareak) inguru konfiskatu zituen, baita 4 kilo haxis ere. Horiez gain, 280 gramo kokaina, anfetaminikoen 270 gramo, opiazioen 150 gramo eta psikotropikoen 41 gramo ere atzeman zituen. Orotara, urtebetean 31 kilo droga atzeman dituzte.

Atzemandako substantziekin batera, hauek atzeman ziren: 17.159 euro, ibilgailu bat, salmentarako dosiak prestatzeko erabilitako zehaztasuneko 21 balantza eta trafikatzaileek erabilitako arma desberdinak: taser pistola, labana eta kuter bat.

Jarduerak 2021ean

2021ean Udaltzaingoak droga-trafikoaren kontrako hainbat ikerketa egin ditu. Urtarrilean Ariznabarrako etxebizitza batean droga-salmentan ari ziren 3 pertsona atxilotu zituzten. 70 gramo kokaina eta 6.000 euro inguru atzeman zizkieten.

Maiatzean, Agirrelandako Ikerketa Unitateak Tomas Zumarraga Dohatsuaren kaleko etxebizitza batean drogarekin trafikatzen ari zen 35 urteko gizonezko bat atxilotu zuen. Erregistroetan, dagoeneko landatutako marihuana-landaketa atzeman zen; baita kukulu lehorren 800 gramo ere.

Duela gutxi, joan den astean, Udaltzaingoak 37 urteko gizonezko bat atxilotu zuen. Gizonezkoak kokaina eramaten zuen Zaramagako ostalaritzako establezimenduetara, industrialdeetara eta partikularrei ere kokaina saltzen zien. Bete etxebizitzan egindako erregistroan, 3 kilo haxis inguru, 629 gramo kokaina eta billetetan 46.620 euro atzeman zitzaizkion. Gainera, saldu ahal izateko dosiak prestatzeko, pisatzeko bi baskula ere bazituen.

 

 

 

Share

Montehermoso-Euskararen Etxeak Belar Sounds aire libreko musika programa antolatu du udako asteburuetarako

Falerina lorategian doako 6 kontzertu egingo dira ekainaren 26tik irailaren 11ra bitartean eta derrigorrezkoa izango da gonbidapena erreserbatzea

Belar Sounds musika programaren hirugarren edizioa  kalitatezko musika gerturatzeko asmotan dator beste behin Falerina lorategira. 2020. urteko etenaldia eta gero, gune historikoa aisialdirako eta elkar bizikidetzarako espazioan bihurtuko da udako asteburuetan, musika estilo ezberdinetako kontzertuak eskainiko baitira aire librean.

Programa aurkezteko prentsaurrekoan Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Canto, Ohianeder Euskararen Etxearen ordezkari Iker Durana; Resaca taldeko Julio César Romero ‘Julius’ eta The Binilo’s taldeko Irantzu Garamendi izan dira.

Ekainaren 26an hasi eta irailaren 11ra luzatuko den musika programa honek, lehenengo aldiz Oihaneder Euskararen Etxea eta Montehermoso Kulturunea jarri ditu elkarlanean.

“Montehermoso kulturunetik bat egiten dugu ekimen honekin, tokiko kulturaren sektoreari laguntzeko bizitzea egokitu zaigun garai zail hauetan”, adierazi du Estíbaliz Cantok. “Belar Soundek uda honetan proposatutako musika hitzorduetara joatera animatzen ditugu gasteiztarrak. Berriro azpimarratu nahi dut Kultura segurua dela”, gehitu du.

Iker Duranak, berriz, Belar Sound 2021 programaren xehetasunak eman ditu.“Guztira sei kontzertuz osatutako egitaraua antolatu dute: Voodoo Charms, The Binilo’s, Resaca Jackson, Serious Business, Belceblues eta Neona taldeak izango dira Falerinako oholtza gainera igoko direnak. Talde guztiak Hego Euskal Herrikoak dira, horietako bat, gasteiztarra. Emanaldi guztiak arratsaldeko 19:00etan izango dira”.

Hona hemen egitarau osoa:

Ekainak 26. VOODOO CHARMS: Lotura estua duten estilo ezberdinetatik datozen musikariek osatzen dute taldea, hala nola bluesa, rocka, jazza eta rockabillya. Publikoa rhythm and bluesaren urrezko garaira eramanez, eszenaratze bikaina aurkezten du.

Uztailak 3. THE BINILO’S: Irantzu eta Oier Garamendik osatutako bikote umoristikoa. 50-60. hamarkadako zuzeneko irratsaio gisa aurkezten dute beren emanaldia, garaiko iragarkiak txertatuz, umorez beteriko gidoi batekin eta, nola ez, abestiekin.

Uztailak 24. RESACA JACKSON: laukote honen musikak hegoaldeko rock doinuak rock klasikoenaren, hard rockaren eta bluesaren eraginarekin nahasten ditu. Abestien letra garratzak, kritika sozialez beteak, denboran irauteko sortu dituzte.

Abuztuak 28. SERIOUS BUSINESS: musika munduan esperientzia handia duten Aitor Badiola, Maria Armendariz, Antxon Sarasua eta Ander Zulaika musikariek osatutako taldea. Bluesa eta rockaz gain, funka, R&Ba, popa eta jazza lantzen dituzte.

Irailak 4. BELCEBLUES: Sormen handiko gitar riff-ez eta tronpeta harrigarri batez lagunduta, bere musikarien soinu kementsuek blues klasikoa eta garaikidea nahasten dituzte.

Irailak 11. NEONA: “Neona” izenaren atzean “Natali” taldetik eratorritako proiektua dago. Gorka Mendizabal, Andres Insua, Oihana Rodriguez, Ixak Arruti eta Natali Izagirre dira partaideak. Pop, rock, funky eta beste hainbat estilo entzun daitezke beren lanetan.

Saio guztietarako gonbidapenak eskuratu beharko dira:

  • Entradium plataformaren bidez
  • Telefonoz 945 161 830 zenbakira deituta, 10:00etatik 20:00etara astelehenetik ostiralera (jaiegunetan izan ezik).

Programaren lehenengo hiru kontzertuetarako, Voodoo Charms, The Binilo’s eta Resaca Jackson taldeen kontzertuetarako, alegia, gonbidapenak ekainaren 3tik aurrera jarriko dira eskuragarri, goizeko 10:00etan. Gainontzeko kontzertuetarako –Serious Business, Belceblues eta Neona taldeen kontzertuetarako– , berriz, abuztuaren 3an, goizeko 10:00etan. Lagun bakoitzak, gehienez, lau gonbidapen eskuratu ditzake. Haur eta heldu guztiek izan behar dute beren gonbidapena. Imprimatuta edo edozein gailu mugikorretan erakutsi daitezke gonbidapenak. Edukiera mugatua izango da.

Info +: oihaneder.eus / montehermoso.net

Oihaneder Euskararen Etxea – Montehermoso Kulturunea, 945 16 18 30

 

 

 

 

 

 

Share

Gasteizek merkataritza eta ostalaritza-enpresak ezarri eta modernizatzeko laguntzak eskatzeko epea ireki du

Maider Etxebarriak dioenaren arabera, aurkeztutako proiektuek “inbertsioaren % 25 eta % 40 bitarteko dirulaguntza jaso ahal izango dute”.

Laguntzek ildo berri bat dute, terrazetarako altxariak erosteko.

Gasteizko Udalak txikizkako merkataritzaren, zerbitzu pertsonalen eta ostalaritzaren arloetako enpresa txikiak —50 enplegatu, gehienez— ezartzeko eta berritzeko laguntzak eskatzeko epea ireki du. Eskabideak ekainaren 18ra arte aurkeztu ahal izango dira eta deialdiak 300.000 euroko aurrekontua du. Maider Etxebarria lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapenerako zinegotziak azaldu duenez, “sektorearen eskaerak aintzat hartu ditugu eta aurkeztutako proiektuek inbertsioaren % 25 eta % 40 bitarteko laguntzak eskuratu ahal izango dituzte. Dirulaguntzak ahalik eta lokal gehienetara iristea espero dugu, atzeraeraginezkoak izango direlako gainera. Zehazki, 2020ko uztailaren 18tik hil honetako 18ra bitartean egindako gastuak ordainduko dituzte”.

Laguntza-ildoaren helburua da hiriko enpresa txikien lehiakortasunaren hobekuntza sustatzea. Honako hauei zuzentzen zaie deialdia: abian jartzeko edo berritzeko inbertsioa egiten duten saltokiak, tabernak, jatetxeak, hotel txikiak, eta zerbitzu pertsonalen negozioak —hala nola ile-apaindegiak eta estetika-zentroak—. Diruz lagundu daitezke, besteak beste, ekintzak hauek: lokalak zaharberritzekoak, ekipoak hobetzekoak —jarduera nagusiarekin zerikusia duten makinak eta altxariak, eguzki-oihalak, pertsianak, aire-garbigailuak eta manparak—, eta pandemiak eragindako aholkularitza-gastuak.

Berrikuntza gisa, deialdiak ildo bat dauka Udalak baimendutako mahai hankabarrak ekipatzeko elementuak erostea diruz laguntzeko. “Pauso hau ematen dugu ostalaritzari laguntzeko, terrazak ahalik eta gehien aprobetxatu behar dituelako. Laguntza hauekin eguzki-oihalak, mahaiak, aulkiak, aldi baterako itxiturak edo lorontziak erosteko dirulaguntzak emango dira”, gehitu du Etxebarriak.

 

Share