Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-07-01)

Prentsaurrekoa. ‘Saborea Vitoria-Gasteiz’ / ‘Dastatu Vitoria-Gasteiz’ kanpaina aurkeztea

Parte hartzaileak. Lehen alkateorde eta Economía Sustapen zinegotzi Maider Etxebarria; SEA Ostalaritza elkarteko presidente Elena Martin; eta Gasteiz On elkarteko presidente Diego Martinez de San Vicente

Eguna. Osteguna, uztailak 1

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

(*) Prentsaurrekoa baino lehen, parte hartzaileek komunikabide grafikoen esanetara egongo dira Espainia plazan.

—————————————

Prentsaurrekoa. ‘Proceso de investigación psicoanalítica plástica sobre desigualdad y violencia de género’ erakusketa aurkeztea

Parte hartzaileak. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto; eta Inés Medina, erakusketako egilea

Eguna. Osteguna, uztailak 1

Ordua. 11:00

Tokia. Montehermoso Kulturunea (Ortuño aretoa)

 

 

Share

Itxi egin dira Aldabeko igerileku estaliak eta Ibaiondoko gizarte-etxeko igeriketa-ontzia, kautelazko neurri gisa

Aldabeko igerileku estaliak eta Ibaiondoko gizarte-etxeko igeriketa-ontzia itxi ditu Gasteizko Udalak, kautelazko neurri gisa, ohiko neurrietatik kanpoko parametro mikrobiologikoak antzeman direlarik uretan. Gasteizko udal-laborategiak instalazio horietan egin ohi dituen analisietan ohiz kanpoko balioak agertu dira pseudomona aeruginosa mikroorganismoaren neurketan, eta, igerilekuen araudi tekniko-sanitarioa betetze aldera, itxi egin dira igerileku horiek, kautelazko neurri gisa.

Zehazki, Aldabeko gizarte-etxeko igerilekuetako ontzi handiari eta txikiari eragiten die neurriak, baita Ibaiondoko gizarte-etxeko igerilekuetako igeriketa-ontziari ere —zabalik dago igerileku ludikoa—. Gaur goizean bertan erabaki da igerileku horiek ixtea, neurketen emaitzen berri izan bezain laster, eta parametroak ohiko balioetara itzuli arte mantenduko dira horrela.

Bien bitartean, behar diren neurri zuzentzaileak aplikatuko dira, uraren kalitatea normaltze aldera. Neurri horien ondorioz igerilekuak berriro irekitzeko aukera izan bezain laster emango du Udalak horren berri.

Share

Udalak eta Eusko Legebiltzarrak doako bisita gidatuak eskainiko dituzte Florida parkera eta garai bateko institutuaren kanpoaldera, urteurrena ospatzeko ekitaldien amaiera gisa

Alkateak nabarmendu du erdi-erdian dagoen parkea hiriaren arnasgune eta sinbolo nagusietako bat dela

 

Gasteizko Udalak eta Eusko Legebiltzarrak doako bisita gidatuak eskainiko dituzte Florida parkera eta garai bateko institutuaren kanpoaldera, berdegunearen 200. urteurrena eta Legebiltzarraren 40.a bete izana ospatzeko ekitaldien amaiera gisa. Uztaileko lehen hamabostaldian egingo dira bisitak, goizez eta arratsaldez.

Zehazki, 2020an ziren ospatzekoak bi urteurren horiek. Pandemiak, ordea, aurreikusitako jarduera-programa osorik betetzea eragotzi zuen, eta bi erakundeek erabaki dute bisita gidatu hauek antolatzea ekintza-zikloa amaitutzat jotzeko. Eusko Legebiltzarraren eraikinaren, Santo Domingo komentuko arkuaren eta Florida parkearen historia izango dute hizpide, bertako lorategi botanikoa, eskulturak eta kioskoa.

Gorka Urtaran alkateak gogorarazi duenez, parkea Arabako hiriburuko harribitxietako bat da, eta bi mendetan zehar askotariko ospakizunak bizi izan ditu: jaialdiak, dantzaldiak, musika-ikuskizunak, kirol-lasterketak eta bestelako ekitaldiak.  “Erdi-erdian dagoen parke hau du hiriaren arnasgune eta sinbolo nagusietako bat da. Gasteiztarrek eta bisitariek gogokoen dituzten lekuetako bat da. Gaur gehixeago ezagutzeko aukera dugu, eta nahi dutenak bisita gidatuetan parte hartzera animatzen ditut; datozen bi asteetan egingo dira, parkearen 200. urteurrena eta  atzean hain historia luzea duen eraikin honetan Eusko Legebiltzarrak 40 urte egin izana ospatzeko ekitaldiei amaiera emateko“, azaldu du.

Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariak azaldu duenez, bisita gidatuekin Ganberak amaitutzat eman du bere 40. urteurrena. “Covid-19k programatuta genituen ekitaldi gehienak bertan behera uztera behartu gaitu”, deitoratu du; baina, “azkenean, pandemiaren amaiera ikusten hasi gara, eta ardura neurriak ahaztu gabe, gure bizitzetan hain garrantzitsuak diren hainbat alderdi jorratzeari ekin geniezaioke berriro, hala nola kulturari eta gizarte-bizitzari”, gaineratu du. “Bisita gidatu hauek hor kokatu nahi ditugu; gasteiztarren, Eusko Legebiltzarraren eta Florida Parkearen arteko harremanak estutzea dute helburu”, esan du.

Herritarrei zuzendutako bisitak uztailaren 1etik 15era arte egingo dira, goizeko 11:30ean zein arratsaldeko 18:00etan. Doakoak izango dira, Gasteizko Udaleko turismo-bulegoan, turismo@vitoria-gasteiz.org helbidean edo 945.16.15.98/99 telefono-zenbakietan izena emanda.

Santiago Arcediano arduratu da gaurko inaugurazio-bisita egiteaz, ezin hobeto ezagutzen baititu bai parkea bai duela lau hamarkadatatik Eusko Legebiltzarraren egoitza den eraikina ere.

Izen ematea bisitak egiteko

 

 

 

 

 

Share

Gasteizek babes ofizialeko etxebizitzetarako berreskuratu ditu erabilgarri jartzeko adostutako lursailetako bi

21 Zabalguneak jabeekin adostu zuen 2009tik geldirik zeuden lursail batzuk itzultzea, eta gaur bi lursail esleitu ditu, bat Larreinen, 2,1 milioi euroan, eta beste bat Aretxabaleta-Gardelegin, 2,8 milioian

 

2020ko irailean adostutakoari jarraituz berreskuratu bi lursailen esleipena onetsi du gaur 21 Zabalgunearen kontseiluak; izan ere, duela hamarkada batetik geldirik zeuden babes ofizialeko etxebizitzetarako zenbait orube erabilgarri jartzea adostu zuen. Sozietatearen barruko akordio “historikoak” EAJ-PNV, PSE-EE, PP eta Elkarrekin taldeen aldeko botoak lortu zituen.

Zehazki, Larreingo lursail baten salmenta esleitu du gaur, 2,1 milioi euroan, eta Aretxabaleta-Gardelegiko beste batena, 2,8 milioian.

UNECAren bitartez lortutako akordioak 24 milioi eurotik gorako irabaziak ekarriko dizkio udal sozietateari, 13. eta 19. sektoreetako lursailak lehiaketa publikoaren bidez salduta.

21 Zabalguneko zerbitzu teknikoek azaldu dutenez, akordioak “urte askotan ezin konponduriko arazo” bat desblokeatu zuen. “Aurkeztutako eskaintzak onuragarriak dira 21 Zabalgunearentzat, formula horren bidez lursailen jabetza udal sozietatearen eskuetara itzultzen delako eta sozietateak aukera duelako horiek esleitzeko beste prozesu batzuk egiteko aurrekoez bestelako baldintzetan, denbora-tarte honetan aldatu egin baita babes ofizialeko etxebizitzak saltzeko baldintzei buruzko araudia”.

Gainera, lursailen salmentatik lortzen den dirua hiriko auzoen biziberritzea sustatzeko erabiliko da.

Orobat, 10. sektorean beste lursail bat saltzeko lehiaketa egitea onetsi du 21 Zabalgunearen kontseiluak.

 

Share

2020-21 ikasturtean 24.000 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte ‘Gasteiz Hiri Hezitzailea programan’

Ahultasun handieneko egoeran dauden ikastetxe gehiagok hartu dute parte, eta eskabideen % 22,35era iritsi dira

 

24.000 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte 2020-21 ikasturtean ‘Gasteiz Hiri Hezitzailea programan’ proposatutako jardueretan ; guztira udalaren 23 sail eta zerbitzuk antolatu dituzte, Hezkuntza Zerbitzuak koordinaturik.

Orotara 212 jarduera eskaini dira, COVID-19ak sortutako egoera sozio-sanitarioari egokitzeko ahalegin handia egin delarik. “Eskerrak eman nahi dizkiot hezkuntza-komunitateari, haien ahaleginari esker egin ahal izan baitira jarduerak aurreikusita zegoen moduan“, azpimarratu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Cantok gogorarazi du udalaren eskaintzaren berrikuntza nagusietako bat izan dela ahultasun-egoera handienean dauden ikastetxeen eskabideei lehentasunez erantzutea, hezkuntza-ekitate eta gizarte-kohesio handiagoak lortzearren. “Aurreko ikasturteetan partaidetzaren analisi xehea egin genuen, eta gainerako ikastetxeek baino gutxiago hartzen zutela parte ondorioztatu genuen. 2020-2021 ikasturtean, berriz, zenbait neurri jarri genuen abian, eta ikastetxe horien eskabideen kopurua nabarmen handitu da, guztien % 22,35 izateraino“, azpimarratu du.

Udalaren hezkuntza-eskaintzan hiriko ia ikastetxe guztietako ikasleek hartu dute parte. Eskabideen % 65,65ean jarduera euskaraz egitea eskatu da; % 10,47ean bi hizkuntzetan, eta % 25,16an, gaztelaniaz.

Programa kudeatzeaz gain, Hezkuntza Zerbitzuak zenbait programa kudeatu eta eskaintzen ditu.

 

IKASTETXEENTZAKO JARDUERAK

Batetik, ikastetxeei zuzendutako jarduerak ditugu: ‘Musika adierazpena’, ibilbide historiko-artistikoak, eta informazioari eta komunikazioari buruzko ‘Gasteiztxo’ programa. Hiru programa horietan 842 taldek hartu dute parte, 23.430 pertsonak guztira; % 72,88k euskaraz egin dituzte programak, eta  % 27,12k, gaztelaniaz. Ahultasun-egoera handienean dauden ikastetxeek egin dituzte eskabideen % 26,51.

 

‘Musika adierazpena’

Horren barruan, hiriko zenbait musika-taldek kontzertu pedagogikoak eskaintzen dituzte. Hiru ataletan banatzen da: ‘Musikarekin jolasean’, ‘Notak Eskolan’ eta ‘Hau ezaguna zait’. Eskaintza osatzeko, ‘Jazz uhinak hirian barrena’ programa eskaini zen. Programa horretan guztira 323 taldek hartu dute parte, 10.744 pertsonak orotara.

 

Ibilbide historiko-artistikoak

Berariazko dinamika eta edukiak dituzten ibilbideak dira, hiria hobeto ezagutzearren: ‘Erdi Aroko Gasteiz’, ‘Gasteiz neoklasikoa’, ‘XIX. mendeko Zabalgunea’, ‘Artxiboak ezagutzea’, ‘Idazketa eta idatzitakoa’, ‘San Pedro eliza’, ‘Udala eta Santa Maria katedrala’ eta beste.

Bereziki nabarmendu nahi dugu ‘Ikusarazi beharreko historia: emakumeak Gasteizen’ ibilbidea, zeinaren helburua baita emakumeek Gasteizko historiari eginiko ekarpena aitortu eta ikusaraztea, garai bakoitzeko politikan, gizartean, artean, eta ekonomian izan zuten partaidetza testuinguruan jarriz“, azaldu du zinegotziak. Programa horretan guztira 350 taldek hartu dute parte, 7.936 pertsonak orotara.

 

‘Gasteiztxo’

Informazioari eta komunikazioari buruzko ‘Gasteiztxo’ programaren bidez, komunikazio hedabideak (internet, irrati, prentsa, telebista eta publizitatea) gaitzat dituen prestakuntza-prozesua proposatzen zaie Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako eta DBHko ikasleei. Metodologiaren oinarria esperimentazioa eta lantegiak dira; lantegiak Frai Zacarias udal eraikinean egiten dira, bertan baliabide tekniko ugari baitituzte, irrati-estudioa eta grabazio-platoa barne. Ikasturte honetan  169 taldek hartu dute programan, 4.750 pertsonak orotara.

 

FAMILIEI ZUZENDUTAKO PROGRAMAK

Bestetik, hiriko ikastetxeetan seme-alabak dituzten familientzako programak ditugu; horien artean daude informazio- eta komunikazio-teknologiei buruzko prestakuntza-programa, guraso elkarteei laguntza eta erraztasunak emateko programa, eta guraso-eskolak.

 

Informazio- eta komunikazio-teknologiei buruzko prestakuntza-programa

2020-2021 ikasturtean zehar, ahultasun egoera handieneko zenbait ikastetxetan gaitasun digitalei buruzko prestakuntza eskaini zaie familiei, eskolako eta hezkuntza-eremuko erabilerari begira. Sartu Araba elkartearen laguntza baliatu da horretarako, Saregune proiektuaren bitartez, jarduera egin ahal izateko instalazioak eta informatika-ekipamendu nahikoa baititu. Prestakuntza 2020ko azaroaren 9an hasi zen, eta 2021eko otsailaren 26an amaitu.

Hainbat prestakuntza-modulu diseinatu ziren antzemandako edo planteatutako premien arabera, eta ikastetxeetako irakasle eta zuzendariekin koordinatuta. Prestakuntza-modulu bakoitzari buruzko “informazio-pilulak” ere landu ziren, parte-hartzaileei material osagarria eskaintzeko.

Orotara, 22 ikastaro eskaini ziren (162 ordu), eta 10 ikastetxetako 123 pertsonak hartu dute parte. Ekimena positibotzat jo da, eta 2021-2022 ikasturtean familiei berriro prestakuntza digitala berriro eskaintzea lantzen ari da.

 

Guraso elkarteei laguntza eta erraztasunak emateko programa

Probarako proposamen hori Gasteizko ikastetxeetako ikasleen guraso-elkarteei zuzendu zaie, baita guraso-elkarte aktiborik ez dutelarik hori osatu eta garatu nahi dutenei ere. Programaren erronka nagusietako bat familiek hezkuntza-komunitatean parte har dezaten sustatzea zen, eta informatzen eta prestatzen laguntzea, haien premia eta interesak kontuan hartuz“, azaldu du Cantok.

Ekimen hori hiru ikastetxetan garatu dugu, 2020ko azarotik 2021eko ekainera bitartean, eta batez beste 15 saio egin dira ikastetxe bakoitzean. Ekimena positibotzat jo denez, 2021-2022 ikasturtean ere antolatuko dugu”, erantsi du.

 

Guraso eskolak

Guraso eskolen programa prestakuntza- eta ikasketa-proiektu komun batean parte hartu nahi duten helduei zuzentzen zaie.
2020-2021 ikasturtean 42 taldek hartu dute parte, aurrez aurre zein online.

Gasteizko 30 ikastetxetan eta titulartasun publikoko 6 haur-eskoletan osatu dira taldeak. Orotara 462 pertsonak eman dute izena, eta horien % 85 emakumeak izan dira. 452 saio eskaini dira, eta 689 ordu.

Horretaz gain, 2021eko martxoaren 13an Gasteizko Guraso Eskolen XXV. Topaketa egin zen, “Zaintzaren esperientzia: ikasketa morala” gaiaren inguruan, Carolina del Olmoren parte hartzeaz. Europa biltzar-jauregian bertan eta online jarraitu ahal izan zen hitzaldia.

Azkenik, Hezkuntza eta Kultura zinegotziak etorkizunaz hitz egin du. “2021-2022 ikasturteko hezkuntza-eskaintza koordinatzen ari gara. Ahultasun-egoera handieneko ikastetxeei lehentasuna ematen jarraitu nahi dugu, eta zenbait ekintza garatuko ditugu  ikastetxeetan eta hezkuntza-komunitateetan proiektuarekiko konpromiso handiagoa lortzearren eta hura zabaltzearren”.

Share

Saharako futbol selekzioaren kontzentrazioa hartuko du Gasteizek, uztailaren 2tik 4ra

  • Abetxuko ADC taldearen kontrako lagunarteko partida izango da ekitaldi nagusia, egitarauan

 

Mendebaldeko Saharako futbol selekzioak kontzentrazioa egingo du Gasteizen uztailaren 2an, 3an eta 4an. Berrogeita hamarretik gora lagun —jokalariak, teknikariak, Saharako Kirol Federazioko kideak, kazetariak eta politikariak— izango dira Euskadiko hiriburuan, selekzio horrek egiten duen kategoria horretako lehen ekitaldian.

Hurrengo egunetarako aurreikusitako kirol prestakuntzaz gain, Arabako talderik zaharrenetako baten kontrako, Abetxuko ADC taldearen kontrako lagunarteko partida jokatuko du Saharako selekzioak San Martineko futbol-zelaian. Larunbatean izango da, 19:00etan, eta ikusleak izango dira harmailetan, Covid-19aren protokoloa errespetatu beharko bada ere, eta, hortaz, edukiera mugatuta egongo bada ere. Saharako Kirol Federazioaren sare sozialen eta RASD TV telebistaren bitartez ere jarraitu ahal izango da partida.

Kirol-jarduerekin batera, hainbat jarduera instituzional eta kultural aurreikusi dira, Gasteizko eta Saharako herrien arteko harremanak estutzen jarraitzeko aukera emango dutenak.

Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek aurkeztu du kirol ekitaldia, eta, berarekin batera, Saharako Kirol Federazioko presidente Ahmed Baba Bohubeinik. Horren bitartez, beste esparru batzuetara zabalduko da Gasteizek saharar herriari erakusten dion elkartasuna, kasu honetan kirolera. “Gure hiriak Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoarekin hainbeste urtez izandako adiskidetasun-, laguntza- eta harrera-harremanetan beste urrats bat egin dugu, kirolaren esparrura hedatuz. Transmititzen dituen balioengatik eta zubiak eraikitzeko duen gaitasunagatik, modu paregabea da kirola harreman horretan aurrera egiteko”, adierazi du Livia Lópezek.

Hainbat arrazoik bultzatu dute Saharako Kirol Federazioa futbol selekzioaren kontzentrazioa egiteko Gasteiz aukeratzera. Saharar komunitateak diasporan duen populaziorik handienetako bat hirian bizi da, tartean Arabako Futbol Federazioko klubetan jokatzen duten hainbat futbolari, eta, batez ere, “Kirolarekin eta munduko bidezko kausekin konprometitutako hiria da”, Ahmed Baba Buhubainiren hitzetan.

Saharako futbol selekzioak ez du nazioarteko partida ofizialak jokatzeko aukerarik izan, FIFAk ezagutzen ez duenez gero, baina, epe luzera, Mendebaldeko Sahara nazioarteko ekitaldietan ordezkatzera iristea du helburu. “Loturak sortu eta gure selekzioa ikusarazteko aukera ematen digute horrelako kontzentrazioek”, nabarmendu du Saharako Kirol Federazioko presidenteak.

Saharako futbol selekzioak Gasteizen egin duen kontzentrazioaren aurkezpenean M. Liman Mohamed Ali Euskadiko saharar ordezkariak parte hartu du. Gasteizko Udalak Mendebaldeko Sahararekin duen lankidetza-historia errepasatu du.

Kirol eta Osasun zinegotziak, bere aldetik, eskerrak eman dizkie Arabako Futbol Federazioari eta Abetxuko ADC taldeari ekimenean parte hartzeagatik.

Share

Hiria hobetzeko 315 proiektu aurkeztu dituzte gasteiztarrek Hobetuz programaren hirugarren edizioan

  • Parte-hartzea % 85 igo da, udal aurrekontuen zati bat zertara bideratu erabakitzeko zuzeneko demokraziarako tresna honen bitartez
  • Horretaz gain, haurrek egindako 8 proposamen jaso dira haurrentzako AKTIBATU programaren bitartez.

Aurrekontu parte-hartzaileen Gasteiz Hobetuz programak, zeina Borja Rodriguez zinegotzia buru duen Partaidetzaren eta Gardentasunaren Zerbitzuak sustatzen baitu, 315 proposamen jaso ditu hirugarren edizioan. Beraz, parte-hartzea % 85 igo da, iazko edizioan 170 ekarpen egin baitziren guztira. Gainera, eta berrikuntza gisa, Gasteizko haurren 8 proposamen ere jaso dira, haurrentzako AKTIBATU programaren bitartez.

Gasteiz Hobetuz aurrekontu parte-hartzaileak egiteko programa da, eta hari esker herritarrek erabaki dezakete Gasteizko aurrekontuko 3 milioi euro zertara bideratzen diren. Zuzeneko demokraziaren tresna da, eta herritar guztiak gonbidatu dira maiatzaren hasieratik ekainaren 28ra bitartean proposamenak aurkeztera.

Jasotako proposamenen artean, % 20 baino gutxiago aurkeztu dituzte elkarteek eta bestelako herritar taldeek, eta gainerako ideiak norbanakoek aurkeztu dituzte. Besteak beste, kaleen konponketa eta oineztatzea (57 proposamen), parkeen hobekuntza (39), bidegorri gehiago (25) edo hirian kirola egitearekin lotutako ideiak (20) dira interes gehien piztu duten gaietako batzuk. Ondoren datoz ideia sozialak (20), ingurumen-gaiei buruzkoak (14) edo kulturarekin lotutako proposamenak (13).

Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen zinegotzi Borja Rodríguezek adierazi duenez: “Hobetuz aurrekontu parte-hartzaileen programak eraginkorra dela erakutsi du. Gasteiztarrek gero eta hobeto ezagutzen dituzte parte-hartzeko bideak, baina, batez ere, azken urteetan programaren emaitzak ikusi dituzte, herritarrek egindako 30 eskaera baino gehiago gauzatu baita. Herritarren Partaidetzaren Zerbitzua pozik dago edizio honetan izandako erantzunagatik eta lanean jarraituko dugu Gasteiz hobetzeko. Uda ondoren, edonork bozkatu ahalko du bere ustez garrantzitsuen diren aldaketa-proposamenen alde, eta 3 milioi euroko aurrekontua gordea dugu, lehentasun horiek entzuteko eta oso kontuan izateko”.

Proiektuak balioesten direlarik, urriaren 4an argitaratuko dira udalaren webgunean, Gasteizko bizilagunek azarotik aurrera gustukoenak aukeratzerik izan dezaten. Bozketak online edo aurrez aurre egin ahalko dira, herritarrei laguntzeko bulegoetan (gizarte-etxeetan zein San Antonio kaleko bulegoan), San Martineko bulego teknikoetan, eta, lehen aldiz, adinekoentzako zentro soziokulturaletan.

Aurreko edizioetan bezala, zenbait haztapen-irizpide ezarri dira: belaunaldien arteko bizikidetza, genero-berdintasuna,eta kultura aniztasuna eta/edo dibertsitate funtzionala. Aurten hiru irizpide berri gehitu dira: talde ahulenen gizarte-inklusioa, iraunkortasuna eta ingurumenaren babesa, eta arrakala digitala txikitzea.

Ospitale plaza

Connect Ibailakua

Share

Udaltzainen eta suhiltzaileen esku-hartzeak

Atzo Udaltzainek 06:00etara arte eta PSISZek 08:00etara arte egindako esku-hartzeak.

Share