Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-06-04)

Prentsaurrekoa. Zabalgana auzora tranbiaren ibilbidea aurkeztea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriola; eta Arabako ahaldun nagusi Ramiro González

Eguna. Ostirala, ekainak 4

Ordua. 10:45

Tokia. Eusko Jaurlaritzako prentsa aretoa (Donostia kalea, 1)

——————————————–

Prentsaurrekoa. ‘El príncipe constante’ antzezlana aurkeztea

Parte hartzaileak. Xavier Alberti, zuzendaria; Lluís Homar, muntaia; eta Arturo Querejeta eta Beatriz Argüello, aktoreak

Eguna. Ostirala, ekainak 4

Ordua. 11:30

Tokia. Teatro Principal Antzokia

——————————————-

Prentsaurrekoa. Klima aldeketaren aurkako ring-a aurkeztea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; alkateorde Ana Oregi; eta Egibideko eta Koroatze auzoko BIZANeko ordezkariak

Eguna. Ostirala, ekainak 4

Ordua. 12:00

Tokia. Andre Maria Zuriaren plaza (eguraldiak baldintzatuta, eta ondoren udaletxeko harrera aretoan egingo da)

 

Share

Gasteizeki bat egingo du Ponle Freno lasterketa solidarioarekin, hartara trafiko-istripuen biktimak babestuko dituelarik

Beste behin ere, Gasteizek Ponle Freno herri-ekimena hartuko du, hots, bide-segurtasuna sustatzen eta trafiko-istripuko biktimak babesten dituen lasterketa solidarioa.

Aurten, eta pandemia tarteko, kirol-jarduera birtuala izango da. Horrenbestez, parte hartu nahi dutenek partaide guztien geolokalizazioa eta sinkronizazioa ahalbideko duen Ponle Freno Virtual aplikazioa baliatu beharko dute.

Lasterketa estatuko 10 hiritan egingo da aldi berean, bi egunez: ekainaren 19aren (larunbata) goizeko 06:00etatik ekainaren 20aren (igandea) 23:00ak arte. Tarte horretan, partaideek hautatu duten distantzia egin beharko dute (5 edo 10 kilometro), eta aplikazioaren bitartez emaitza igo beharko dute gero. Hartara, partaide bakoitzaren mugikorrak izango dira euren chipak.

Ekimenaren xehetasunak azaldu ditu gaur goizean Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Marian Gutiérrezek, Foru plazan egin den aurkezpen ekitaldian, alboan zituela lasterketaren komunikazio-zuzendari Natalia Rico eta Axa Fundazioaren zuzendari nagusi Josep Alfonso.

Gutiérrezek esker ona adierazi die antolatzaileei, “beste behin ere Gasteizen konfiantza jarri duzuelako ekimen hau egiteko. Aintzat hartzekoa da osagai hezigarri eta elkartasunezko oso nabarmenak dituela, hala baita trafiko-istripuen prebentzioa. Irakasten, prebenitzen eta kontzientziatzen badugu urrats sendo eta seguruak ematen ariko gara kale eta errepideak seguruagoak izan daitezen. Udaltzaingoan bide publikoaren erabiltzaileen arteko bizikidetza hobetzeko lanean dihardugu. Eta horrek bizitzak salbatzen ditu”.

Share

Bi aldiz atxilotuak 24 ordu baino gutxiagoan saltokietan lurringintzako ehunka produktu lapurtzeagatik

Bizitokia Madrilen duten bi gizonezkoak 6.500 euroko balioa zuten lapurtutako merkantzia zeraman auto batean hiritik alde egitear zeuden

 

Gaur goizean jarri dituzte epailearen esku 24 ordu baino gutxiagoan bi aldiz atxilotutako 33 eta 21 urteko bi gizonezko. Ebatsitakoa lurringintzako produktuak ziren eta 6.500 euro inguruko balioa zuten.

Udaltzainek astelehenean atxilotu zituzten lehen aldiz Gasteiz hiribideko supermerkatu batean aurpegiko eta eguzkitako 50 krema inguru ebasten saiatu ostean. Produktu haien balioa 800 euro ingurukoa zen.

Zegozkien izapidetze polizialak eta judizialak egin ostean, atxilotuak asteartean, ekainaren 1ean, aske geratu ziren, baina Udaltzaingoko Ikerketa Unitateak bere ikerketekin aurrera jarraitu zuen. Ikerketa horren ondorioz, bi gizonezkoak berriro atxilotu zituzten egun berean Armentiaganan, 14;40an, Audi Q7 baten barruan hiritik alde egitera zihoazenean.

Ikerketa Unitateko udaltzainek gelditzeko agindu eta ibilgailua erregistratu zieten. Autoaren maletategian 36 zabor-poltsa topatu zituzten eta, haien barruan, gordeta, kosmetikako eta lurrindegiko ehunka produktu (baita elikadurakoak ere).

Zehazki, Udaltzaingoak honako hauek guztiak topatu zituen: eguzkitako 200 krema inguru, 50 likore-botila, aurpegiko kremen eta serumen 100 poto baino zertxobait gehiago, b90 pakete, eskuila elektrikoen buruen hamar pakete inguru, ilerako 6 laka-poto inguru eta elikadurako hainbat produktu. Guztizko balioa 6.500 euro ingurukoa zen. Era berean, lapurreten aurkako etiketa magnetikoak banantzeko gailu bat topatu zuten.

Hori ikusita, udaltzainek materiala konfiskatu eta bi gizonezkoak atxilotu zituzten (era horretako ebasketetan aurrekariak zituzten). Gaur goizean geratu dira epailearen esku.

Ikerketa Unitateak lanean jarraitzen du artikulu guztien jatorria aurkitzeko. Ondorioz, Udaltzaingoak eragindako saltoki posibleei dei egin die dagokien salaketa jartzea Agirrelandara joan daitezen.

Udaltzaingoaren ustez, baliteke produktu horietako batzuk beste probintzia batzuetako establezimenduetatik lapurtutakoak izatea atxilotuek egoitza Madrilen dutelako eta Estatuko lurralde osoan ibiltzen direlako. Bestalde, susmoen arabera, lapurtutako merkantzia bazar eta azoketara bideratu behar zuten.

Share

Amaitu da Salburuko hezegunean zenbait espezie mehatxatu babesteko proiektu bat

Finkatu egin dira bisoi europarra eta apoarmatu korrontezalearen populazioak  

 

Gasteizko Udalaren Eraztun Berdearen eta Biodibertsitatearen Atalak zenbait jarduera garatu ditu (Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin), Salburuko hezeguneko dibertsitate biologikoa babesteko, eta bertako flora eta fauna mehatxatuaren egoera hobetzeko. Jarduera horien artean apoarmatu korrontezalea eta bisoi europarra babestekoak nabarmentzen dira.

Salburuko hezegunea da apoarmatu korrontezalearen populazioa nagusia Euskal Herrian , bai eta espeziea ugaltzen den leku bakarra ere. Espezieak dituen mehatxuen artean, apoarmatu exotikoak daude, maskota gisa erosi, eta gero ardurarik gabe inguru naturalean askatzen direnak. 2013tik aurrera espezie inbaditzaileetako aleak harrapatzeko eta espezie autoktonoaren jarraipena egiteko kanpainak burutu dira. 2019 eta 2020 urteetan espezie exotikoetako 6 ale harrapatu dira, eta 50 apoarmatu korrontezale identifikatu dira, horietatik 15 ale berriak.

Bisoi europarra munduan mehatxatuen dagoen haragijale txikia da. Salburun eta inguruetan populazioa garrantzitsua dago. Bisoi europarraren mehatxu nagusia bisoi amerikarra da, espezie exotiko inbaditzailea, zein ingurutik desagerraraztea lortu baita. Alabaina, bisoi europarraren populazio urria ez zen bere kasa hazteko gauza; horrenbestez, itxian hazitako aleak eraman ziren bertara. 2020an 10 ale askatu dira, eta horietatik 7k aurrera egin dute unerik larrienean, hain zuzen ere askatu osteko lehen asteei. Datozen urteetan ere jarraituko dugu jarduera horiekin, harik eta inguruan populazio egonkor eta buruaskia sendotzen den arte.

 

Beste jarduera batzuk

2014an hegazti-botulismoaren agerraldi bat izan zen Salburun; gaixotasun larria da, eta orduko hartan ia 800 hegazti garbitu zituen. Agerraldia kontrolatu ondoren zenbait neurri berri abiarazi ziren, gehiago gerta ez zedin. Besteak beste, udan astero aintziren barrualdea ikuskatzen hasi zen, hartara ale hilik ba ote zen ikusteko, eta gaitzaren kutsadura saihesteko. Neurri horiei esker, azken urteetan ez da berriro hegazti-botulismoaren agerraldi nabarmenik gertatu.

Olarizuko Lorategi Botanikoko Landareen Germoplasma-Bankuak flora mehatxatuko eta interes handiko espezietako haziak bildu ditu, epe luzera kontserbatzeko, eta espezie horien ernatze eta landatze protokoloak definitu ditu.

Salburuko belardi-ihidietan animalia belarjalerik gabeko hiru partzela sortu dira, eta horietan Galium boreale eta Senecio carpetanus landareak sartu dira. Biak ala biak babestuta daude EAEn, «Espezie kaltebera» eta «Desagertzeko zorian» kategorietan sailkatuta, hurrenez hurren. Belardi/ihidien desagerpena da aurrean duten mehatxu nagusia; izan ere, antzina belardi hezeek eremu handiagoak hartzen zituzten Arabako Lautadan eta beste inguru batzuetan. Salburuak ongi kontserbatutako belardi/ihidi zabalak ditu, bi espezie horien populazio bideragarriak hartu ditzaketenak, ez daitezen desager.

Duela apenas 40 urte, nenufar zuria (Nymphaea alba) Arabako erreka eta hezegune gehienetan hazten zen, baita Gasteizen ere, Zadorra ibaian. Araban (eta EAEn) herri bakar batean iraun du landareak, eta bertan hartutako haziekin 18 landare landatu dira hiru gunetan, hartara espeziea Salburuko aintziretan ere berreskuratzeko.

Berula erecta espezieko 50 landare biltzen dituzten hiru gune sortu dira Salburuko ubide eta hezeguneetan. EAEko zituen azken hiru populazioak Araban daude, horietako bat Gasteizen.

Bi landare espezie horiek ur-ingurunetan hazten dira, eta gaur egun “desagertzeko zorian” sailkapenean daude. Ubideen eta hezeguneen eraldaketa eta kutsadura dituzte mehatxu nagusi. Salburun, bi habitat horiek landareok sartzen saiatzeko beharrezko baldintzak dituzte; hartara, bi espezieak autonomia-erkidego osoan berreskuratzea lortu nahi da.

 

Historia apur bat

XIX. mendean aldaketa sakonak egin ziren Salburuko inguruetan, nekazaritzarako baliatzeko asmoz; 1994an hasi zituen Gasteizko Udalak hezegunea lehengo egoerara eraman eta berreskuratzeko lanak. Ingurunearen natura-balioa nabarmen handitu da aintzira-sistema berreskuratu eta bertako habitat bereziak leheneratu zirenetik, eta, ildo beretik, flora eta faunaren aberastasuna eta dibertsitatea areagotu egin dira. Gaur egun, interes handiko espezieen komunitateak hartzen ditu, horien artean desagertzeko zorian dauden batzuk.

Ondorioz, Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu (HBBE) izendatu zuten, eta, gainera, nazioarteko garrantzia duten hezeguneen RAMSAR zerrendan sartu zuten.

Liburuxka dibulgatiboa: https://bit.ly/3g7RVXe

Proiektuaren oroit-idazkia (gaztelaniaz): https://bit.ly/2RgkclS

Share

Gasteizko lore-saltzaileek bost monumentu esanguratsu apaindu dituzte Udalarekin eta Aenkomer elkartearekin lankidetzan 

Enplegu eta Merkataritza zinegotzi Igor Salazarrek aurkeztu du gaur Gasteizko monumentu esanguratsuak loreekin apaintzeko ekimena, Aenkomer elkartearen zuzendari-kudeatzaile Edurne Parrorekin eta Arabako lore-saltzaileen ordezkariekin batera. Aurten bost eskultura apaintzea erabaki da: Ibiltaria, Toreatzailea, Begirada, Zeledon eta Iqbal Masih haurra. Apaingarriak egiteko 4.000 lore erabili dira guztira, eta, eguraldia lagun, ekainaren 10era arte egongo dira ikusgai.

“Ekimen hau udaberriari egindako omenaldia da, Arabako lore-saltzaileen lana agerian jartzen duelako, gure ondarearen edertasuna azpimarratzen duelako, eta Gasteizko erdiguneko tokiko merkataritza dinamizatzen duelako. Lankidetza honekin, gure hiriko hainbat monumentu apaindu dituzten profesionalen lan bikaina eskertu eta ezagutzera eman nahi dugu Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailetik”, azpimarratu du Enplegu eta Merkataritza zinegotzi Igor Salazarrek.

 

Share

Armentumeko I. Kultur Aste Erromatarra egingo da Zabalganen

Ekainaren 17tik 20ra izango da eta 20 jarduera inguru antolatuko dira herritar guztientzat

 

Zabalgana Batuz auzo elkarteak Armentumeko I. Kultur Aste Erromatarra antolatu du; ekimen berri horrek auzoko Mariturriko sektoreko aztarnategiaren garrantzia nabarmendu nahi du, eta, bide batez, herritar guztientzako jarduera kultural eta sozial bat sortu. Ekainaren 17tik 20ra.

Ekimenaren aurkezpenean izan dira Hezkuntza eta Kulturako zinegotzi Estíbaliz Canto, Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibáñez de Opacua, eta Zabalgana Batuz arduradun Alain Larreina.

“Ekimen honen bidez, Armentumeko Aztarnategia ezagutzera eman nahi dugu, ondare-balio handia duelako, bai eta kokatuta dagoen gunea sozialki suspertu ere. Erromatarrek aztarna garrantzitsua utzi zuten gure hirian, eta Historian erabakigarria izan den zibilizazio horren handitasuna eta jakintza zabaltzeko aukera ematen digu”, adierazi du Hezkuntza eta Kulturako zinegotziak.

Alain Larreinak, berriz, Armentumeko I. Kultur Aste Erromatarraren egitarauaren xehetasun batzuk aurreratu ditu; iragarri duenez, hogei bat hitzordu izango ditu, eta “era askotako jarduerak egingo dira herritar guztientzat, tokiaren historia ezagutarazteko: antzerkia, dantza, musika, lantegi didaktikoak, erromatar bizitzaren antzezpenak eta hainbat sorpresa…”

 Larreinak Paquita Sáenz de Urturi arkeologoaren parte hartzea nabarmendu eta eskertu du; izan ere, Sáenz de Urturi indusketa proiektuaren egilea da eta hitzaldi bat eta gunearen bisita gidatu bat egingo ditu ekainaren 20an.

Adituak Armentum-Mariturri parkearen sekretuetan sakonduko du, zeinak oso ondo lortu duen arkeologia aztarnategia hiri- eta etxebizitza-ingurune berri batean integratzea eta musealizatzea.

Hauxe da jardueren egitaraua:

Ekainak 17-18 

Erakusketa ibiltaria Mariturriko saltoki eta eskoletan.

Ekainak 19, goizean

  • 11:00 Informazio-panelen erakusketa: iraunkorra
  • 11:00 Familientzako lantegiak
  • 12:00 Kirola Erromatarren garaian
  • 12:00 Enperadorearen altxorraren bila
  • 12:00 Ipuin kontalaria: Mari Mariturrira doa bisitan
  • 13:00 Dantza

Ekainak 19, arratsaldean:

  • 17:00 Erromatar bizitza birsortzea
  • 17:00 Familientzako lantegiak
  • 18:00 Antzezpena: Mariturriko kondaira
  • 20:00 Kontzertua historiarekin

Ekainak 20, goizean:

  • 11:00 Erromatar bizitza birsortzea
  • 11:00 Familientzako lantegiak: Erromako mapa / Mariturriko maketa
  • 12:00 Enperadorearen altxorraren bila
  • 12:00 Antzezpena: Mariturriko kondaira
  • 12:00 Sketchinga Mariturrin
  • 12:00 Hamaiketakoa La Vitorianaren kontura
  • 13:00 Arkeologia hitzaldia: Paquita Sáenz de Urturi

Armentumeko I. Kultur Aste Erromatarra Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiko Arkeologia Sailaren, Arabako Arkeologia Institutuaren eta Vital Fundazioaren laguntzarekin antolatu da.

 

Bideoa ikusi 

 

Informazio gehiago

 

 

 

 

 

Share

Udal langileek parte hartuko duten loaren kalitateari buruzko ikerketa hil honetan hasiko da

  • BioArabak eta Osakidetzak Gasteizko Udalaren eskutik burutzen duten Vitoria-Gasteiz Sleep Smart City proiektuaren barruan egingo da

 

Ekainaren 4an, ostiralean, irekiko da epea loaren efizientziari buruzko ikerketa aitzindari batean parte hartu nahi duten udal langileek boluntario gisa izena eman dezaten. Epea ekainaren 16an amaituko da, eta 202 pertsonaz osaturiko lagin bat lortu nahi da, Vitoria-Gasteiz Sleep Smart City proiektuaren barruan egingo den ikerketa burutu ahal izateko.

Loaren alorrean aditu diren medikuek gomendioak emango dizkiete banaka eta modu interaktibo eta birtualean parte-hartzaileei, txat baten bidez, eta gomendio horiek lo-defizita duten pertsonen loaren kantitatea zein kalitatea hobetzen duten egiaztatzea izango da ikerketaren helburua. Parte-hartzaileen loari buruzko datuak bi modutan bilduko dira: modu objektiboan, jarduera-eskumuturreko baten bidez, eta modu subjektiboan, astero loari buruzko galderak eginez, web-galdetegi baten bidez.

Laginarekin honako ezaugarri hauek dituzten pertsonen talde adierazgarri bat osatu nahi da: 18 eta 65 urte bitarteko pertsonak, osasuntsuak, gutxi edo gaizki lo egiten dutenak, eta loaren arloko patologiarik diagnostikatu edo tratatu gabekoak. Lagina 101 pertsonako bi lantaldetan banatuko da. Aldez aurretik ikerketaren ezaugarrien berri emango zaie eta jarduera-eskumuturrekoak jasoko dituzte; izan ere, eskumuturrekoek hainbat datu bilduko dituzte, hala nola loaldian egiten dituzten mugimenduak, guztira lo egiten duten edo esna dauden denbora, eta loaren efizientzia.

Parte-hartzaileen erdiak —ausaz hautatua— kontsulta birtuala izango du astean behin Osakidetzako Loaren Unitateko mediku-taldearekin, zuzeneko online txat baten bidez, programatutako ordu-tarte batean, zalantzak argitu eta banakako aholku eta gomendioak emateko.

Parte-hartzaileen beste erdiak ez du ¨live-chat¨ sistema baliatuko mediku-taldearekin komunikatzeko. Haien kasuan, astero aztertuko dira jarduera-eskumuturrekoen datuak, baina loarekin lotutako gomendiorik eman gabe.

Urtebetez iraungo dute datu-bilketak eta gomendio-bidalketak. Ondoren, azken neurketa bat egingo da, eta lortutako emaitzak alderatuko, behin betiko azterketari forma emateko. Horren guztiaren helburu nagusia da loaren inguruko laguntzaile birtual bat garatzea, zeinek gomendio banakatuak emango baititu, loaldia areagotu eta efizientzia hobetzeko.

“Gero eta hobeto dakigu gaizki lo egiteak ondorio negatiboak dituela osasunean, errendimendu kognitiboan eta produktibitatean. Udal langileek parte hartuko duten ikerketa honekin pauso garrantzitsu bat emango da loaren kalitatea hobetzeko; horrek onura pertsonalak ekarriko dizkie parte-hartzaileei, eta ikerketaren emaitzek onura komunitarioa izan dezakete guztiontzat”, azpimarratu du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek.

Vitoria-Gasteiz Sleep Smart City proiektua Vitoria-Gasteiz Green Deal delakoaren ekintzetako bat da. eta protagonista izan zen atzo Ingurumenaren Biltzar Nazionalaren azken jardunaldian, Arabako ESIko Loaren Unitate Funtzionalaren buru eta Bioaraba Osasun Ikerketaren Institutuko ikertzaile Carlos Egeak egindako aurkezpenari esker.

 

Share

Udala hasi da datozen egunetan etxebizitzak utzi behar dituztela jakinarazten Olarizu hiribideko legez kanpoko okupei

Gorka Urtaran audioa

Udalak badu dagoeneko Olarizuko hiriburuan legez kontra okupatutako udal jabetzako etxebizitzak ofizioz berreskuratzeko baimena ematen dion Gasteizko Administrazioarekiko Auzietarako 3. Epaitegiaren autoa.

Joan den apirilean, Urtaranen gobernuak Olarizu hiribidean legez kanpo okupatutako 25 etxebizitzetan sartu eta utzarazteko baimena eskatu zuen.

Autoaren bidez, bertan sartzeko eta administrazio-dosierrean jasotako legez kanpoko okupak bertatik ateratzeko baimena eman zaio.

Gaur goizean, ebazpen judizial hori banan-banan jakinarazten hasi da udaltzaingoa. Jakinarazpenean honakoak adierazten dira:

  • ekainaren 8an nahitaez kaleratuko dituzte oraindik etxebizitzan dauden pertsonak
  • egun horretatik aurrera, etxebizitzetan dauden objektuak administrazioaren esku geratuko dira.
  • udalaren gizarte-zerbitzuen telefonoa, kaleratutako pertsonen egoera baloratzeko.

Gorka Urtaran alkateak bere balorazioaren berri eman du sare sozialetan: “Dicho y hecho. Estamos notificando a los okupas ilegales de #Olarizu su desalojo inminente. Ya es cuestión de unos pocos días.  #VitoriaGasteiz

Share