Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-06-07)

Prentsaurrekoa. Gasteizko Udalaren eta Euskaltzaindiaren arteko hitzarmenaren aurkezpena eta Gasteizko Toponimia: Arratzua III liburukia-ren aurkezpena

Parte-hartzaileak: Iñaki Gurtubai alkateorde eta Euskara zinegotzia; Roberto González de Viñaspre, euskaltzain osoa, Arabako ordezkaria eta Gasteizko Toponimia egitasmoaren zuzendaria; eta Elena Martínez de Madina, euskaltzain urgazlea eta Gasteizko Toponimia egitasmoaren teknikaria.

Eguna. Astelehena, ekainak 7

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

——————————————

Prentsaurrekoa. Gasteizko Agenda auzoz auzo aurkeztea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Astelehena, ekainak 7

Ordua. 12:00

Tokia. Zabalganako osasun zentroaren ondoko postuan (Ilustrazioaren hiribidea, 46)

 

Share

Prentsa-deialdiak (2021-06-05)

#UnÁrbolPorEuropa landaketa eta xafla agertzea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; alkateorde Ana Oregi; eta Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escudero

Eguna. Larunbata, ekainak 5

Ordua. 11:00

Tokia. Udalaren San Martingo bulegoen aurrean

Share

Asteburuko aurreikuspenak

  • Alkate Gorka Urtaranek, alkateorde Ana Oregik eta Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok parte hartuko dute #UnÁrbolPorEuropa ekimenean 11:00etan, San Martingo udal bulegoen aurrean.
  • Ingurumenaren Munduko Eguna dela eta,Andre Maria Zuriaren plazan jarri duten  “Klimaren aldeko Ring”-ean antolatu dituzten ekintzak bisitatuko ditu alkate Gorka Urtaranek.
Share

Andre Maria Zuriaren plaza boxeo ring bihurtuko da hiriko klima aldaketaren kontrako borrokan energia herritarra pizteko

Koroatzeko BIZANeko adinekoek eta Egibideko ikasleek estreinatu dute ringa, Gasteizen klima-aldaketari aurre egiten laguntzeko belaunaldien arteko lantegi baten ondorioak alkateari aurkezteko

Herritarrek ohitura jasangarriagoak izateko aholkuak biltzen ditu ringak, eta ekainaren 5ean Alde Zaharreko Azokarentzako atal berezi bat izango du, klima-aldaketaren kontra borrokatzen duten Gasteizko saltokien adibideekin

Ekimena Udalaren “% 100 energia herritarra” sentsibilizazio-kanpainaren parte da, zeinak hirian klima-aldaketa arintzea lortu nahi baitu

 

Gorka Urtaran alkateak eta Ana Oregi alkateordeak boxeo ring berezi bat inauguratu dute gaur Andre Maria Zuriaren plazan; hurrengo 2 egunetan klima-aldaketaren kontra borrokatzeko gune bat izango da eta herritarren artean ohitura jasangarriagoak sustatuko ditu.

Sentsibilizazio-jarduera hori Udalak apirilaren 16an aurkeztutako “% 100 energia herritarra” kanpainaren barruan egingo da, klima-aldaketa gure inguruan eragiten ari den arazoez eta gure eguneroko bizitzan haren kontra borrokatzeko beharraz pertsona guztiak kontzientziatzeko helburuarekin.

Ringa “eskuoihalez” beteta dago, gure egunerokotasunean klima-aldaketari aurre egiteko aholkuekin, eta Koroatzeko zentroko adinekoek eta Egibideko ikasleek maiatzean elkarrekin egindako lantegiaren ondorioak aurkeztu dira bertan. Haiek aurkeztu dizkiete alkateari maiatzean elkarrekin landutako klima aldaketaren kontrako mezuen kartelak, “esperientzia polit honetan adinekoen esperientziak eta sen onak eta gazteen indarrak eta aldatzeko gogoak bat egin dute, erronka hau guztion ardura dela argi uzteko”, azpimarratu du alkateak.

Horrela, bi belaunaldiek gainerako herritarrak kontzientziatu nahi dituzte, eguneroko bizitzan klima-aldaketaren kontrako “ekintzaile” bihur daitezen, adibidez elikagaiak xahutzea saihestuz, kutsatu gabe mugituz eta tokiko kontsumoa sustatuz. Oso ondo definitu dute mezu batean: “Klima-aldaketarena da gurekin betidanik dagoen pandemia”.

18:30etik aurrera, hiriko “klimaren enbaxadore” batzuk bilduko dira gune horretan. Pertsona horiek haien lanekin edo proiektuekin karbono isuriak murrizten laguntzen ari dira ekonomia eta gizarte berdeago bat sustatuz. Hainbat sektoretako esperientziak dira, hala nola merkataritzakoak, nekazaritzakoak edo berrikuntzari loturikoak, eta haien ekimenak aurkeztu, eta hirian trantsizio ekologiko hori nola bultzatu eztabaidatuko dute. Parte-hartzaileen artean CIC energiGUNE Miñaoko ikerketa-zentroko ordezkari Sara Ortiz eta RE-Utiliza, altzariak birziklatzeko eta berrerabiltzeko Aranbizkarreko dendaren sortzailea izango dira, besteak beste.

Ingurumenaren Mundu Eguna

Bihar, ekainak 5, Ingurumenaren Mundu Eguna da, eta klimaren aldeko ringa Gasteiz ON elkarteak antolatu ohi duen Alde Zaharreko Azokaren bihotz berdea izango da. Gune horren inguruan, hiriko 7 saltokik standak jarriko dituzte, modu batera edo bestera aldaketa globalaren kontra borrokatzen duten produktu eta zerbitzuekin. “Helburua da herritarrei erakustea tokiko merkataritza garrantzitsua dela arazo global hori arintzeko, eta herritarrak animatzea modu jasangarriagoan kontsumitzera”, nabarmendu du Gorka Urtaranek. Hala, adibidez, Almacenes Caypek karpa bat jarriko du haurrekin lantegi jasangarriak egiteko, baina RE-Read liburudendaren standa, Tierra Viva produktu ekologikoen denda, Luz y Bellezaren kosmetika jasangarria, Eguren upategiaren ardo ekologikoa eta Wilco eta Tribal Area Gasteiz denden jantzi jasangarriak ere izango ditugu.

12:30ean saltokiak ringera igoko dira eztabaidatzeko tokiko merkataritzak nola egin diezaiokeen aurre modu aktiboan klima-aldaketari eta aldi berean komunitatean aberastasuna sortu. Edukiera gehienez ere 20 pertsonatara mugatuko da, bai saio honetan, bai ostiral arratsaldekoan, COVID-19aren aurkako araudia betetzeko. Ring-gunea larunbateko 20:00ak arte egongo da zabalik, herritarrek planetaren egungo erronka handienetako bati aurre egiteko aholkuak hurbiletik ezagutzeko aukera izan dezaten.

“% 100 energia herritarra” kanpainak ekainaren 16an jarraituko du “Herritarrak eta klima-aldaketa” gaiari buruzko web mintegi batekin. Bertan, karbonoan neutro den hiri baten alde lan egiteko bat egin duten pertsonen esperientziak ezagutzeko aukera egongo da, eta Zaragozako Ecodes fundazioak sortutako Klimaren Aldeko Komunitatearen zuzendaria izango dugu bere esperientzia azaltzeko.

Europako Intensify programak diruz lagundutako kanpaina horren baitan hainbat ekintza egin dira bi hilabetetan zehar, besteak beste: “Klimaren zaindariak” jarduera, Ibiltaria eta Toreatzailea azken 50 urteetan hirian eman den klima-aldaketaren lekuko bihurtu zituena; herritarrak sentsibilizatzeko bi ikus-entzunezko pieza zabaltzea; eta “Klimaren enbaxadoreak” ekintza, zeinaren bidez hiriko 5 pertsonak erakutsi duten nola aurre egin dakiokeen klima-aldaketari hainbat sektoretatik, hala nola ikerkuntzatik, nekazaritzatik, mugikortasunetik, tokiko merkataritzatik edo arkitekturatik. Lantegiak eta topaketak ere egin dira, eta asteburu honetako kaleko ekintza topagune garrantzitsu bat da herritarrei mezu hori helarazten jarraitzeko.

 

 

Share

Urtaranen gobernuak Olarizuko gurutzea babesteko prozedura abiarazi du Elementu Txikien Babeserako Katalogoan sartuz

Urtaranen gobernuak Olarizuko gurutzea babesteko prozedura abiarazi du udalerriko toki-erakundeetako elementu txikien babeserako katalogoan sartuz. “Gasteizko Kuadrillako Ondare Arkitektonikoa – Elementu Txikiak” azterlana hartuko da oinarri gisa, orain jendaurrean jarriko dena, gero horri buruzko kontsulta publikoa egin eta iradokizunak jasotzeko. Erabaki hori, gainera, Gasteizko toki-erakundeei jakinaraziko zaie.

Gorka Urtaran alkateak gogorarazi duenez, Olarizuko gurutzea “gure ondarearen, tradizioaren, kulturaren eta historiaren zati bat. Herri-harpidetzaren bidez eraiki zen, herritarren eta familien ekimenez, eta Gasteizko ondarearen zati bat da, errespetatu eta zaindu beharrekoa. Gasteizen sinbolo bat da”. Horregatik, udal gobernuak babesteko konpromisoa hartu zuen Mendiolako administrazio-batzarrarekin lankidetzan, “Olarizuko gurutzea eta haren ingurua ahalik eta baldintza onenetan mantentzeko, pertsona guztiek haietaz, aisialdiaz, paisaiaz eta kulturaz gozatzeko aukera izan dezaten”, gogoratu du alkateak.

Gasteizko 63 menpeko toki-erakundeen bereizgarritasun bat da arkitektura eta kulturaren aldetik garrantzia duten elementu txikiak dituztela.  Orain arte erregimen juridiko espezifikorik eman ez bazaie ere, urteetan zehar azterlanak eta ikerketak burutu dira, eta, horiei esker, katalogoa bezalako tresna juridiko egoki baten bidez babestu beharko liratekeen elementu txikien zerrenda xehatua daukagu.

Katalogoaren proiektua gauzatzeko oso garrantzitsua izan da Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailak garatu duen programa, Victorino Palacios Mendoza historialariaren gidaritzapean, Arabako Lurralde Historikoan landa eremuan dagoen ondare arkitektonikoaren inbentarioa egiteko.

Gasteizko Udalak 2010eko “Gasteizko Kuadrillako Ondare Arkitektonikoa – Elementu Txikiak” dosierra emaitza gisa zuen lana osatzeko eskatu zion historialariari. Bertan, arkitektura eta /edo kulturaren ikuspegitik garrantzia duten elementu txikiei buruzko informazioa biltzen da, kokapena eta deskribapen xehatua barne.

Share

Gasteizko Udalak beste urrats bat egin du telelana ezartzeko bidean

 

  • Telelanaren proiektua onetsi delarik, esperientzia pilotu bat abiaraziko da, 40 pertsonekin

 

Tokiko Gobernu Batzarrak Gasteizko Udalaren telelan-proiektua onetsi du gaur goizean. Erreferentziazko agiri horrek informazio- eta komunikazio-teknologiek ahalbidetzen dituzten lan-modalitate ez-presentzialei buruz Udalak eman dituen xedapen guztiak biltzen ditu. Pandemiak eragindako egoerari aurre egiteko azken urtean garatu diren esperientzia puntualetatik harago, telelan-proiektuak sendotu egingo du lan-modalitate hori, zein esparru arautu batean baliatu ahal izango baita.

Udaleko langileen sindikatu-ordezkariekin aztertu ostean, telelanaren proiektua onesteak esperientzia pilotu bat abiarazteko aukera emango du. 40 langile arituko dira esperientzia horretan, betiere betetzen dituzten lanpostuak telelanerako aukera ematen dutenen artekoak. Lehen esperientzia hori irailean hasiko dela aurreikusten da, aurretiaz bertan parte hartzeko deialdia egingo delarik.

“Administrazio modernoek informazio- eta komunikazio-teknologien alde egin behar dute nahitaez. Teknologia berri horiek eskaintzen dizkiguten aurrerapenen artean telelana dago, zeinak abantailak ematen baitizkie langileei, Udalari berari, eta herritarrei oro har. Azken urtean jauzi handia egin dugu lan-modalitate ez-presentzialen alorrean. Orain telelan egonkorra ezartzeko bidean beste urrats bat egiteko egoeran gaude; izan ere, telelana garapen-formula iraunkor gisa ulertzen dugun hirien artean gaude, betiere 2030 agendaren esparruan ”; horra zer esan duen alkateorde eta Giza-Baliabideen Saileko zinegotzi Iñaki Gurtubaik.

Urruneko lanean aritu ahal izateko, langileek hala jarduteko ezagutza informatiko eta telematiko nahikoak izan behar dira, Udalak xedatutako komunikazio-sistemak izan behar dituzte telelanean arituko diren lekuetan, eta lan-segurtasunaren eta -osasunaren alorrean indarreko araudiak telelanari buruz ezarritako bete behar dute.

Horrez gain, telelanaren bidez garatu daitezkeen zereginak zerrendatu dira, esaterako proiektuak aztertu eta ebaluatzea, txostenak idaztea, aholkularitza, informazio-sistemen kudeaketa, informazio grafikoaren (marrazkiak, planoak, mapak…) tratamendua, itzulpengintza eta prozeduren mekanizazioa. Aldiz, ez dira telelanaren bidez egiteko modukoak, besteak beste, herritarrak artatzeko eta informazioa emateko lanpostuak, batez ere eskuz eta aurrez aurre egin beharrekoak, edo idazkaritza edo batez ere administratiboak direnak.

Hasiera batean bederen, gehienez ere urtebetez aritu ahal izango dira langileak telelanean, hartara saihestu egin nahi baitira deserrotze- edo isolamendu-egoerak, bai eta aurrez aurreko lan modalitatera itzultzeko zailtasunak. Telelanean aritzen direnek, asteko hiru egunez arituko dira, gehienez ere, urruneko lanean, eta gainerako bietan aurrez aurre, ohiko lanaldi eta ordutegi berberak beteta. Telelanean arituko direnek bere gain hartuko dute jarraipen sistematiko baten mende jartzeko konpromisoa, bai eta urtea amaitzean ebaluazioa egitekoa ere, hartara aztertzeko sistemaren onurak eta ezarritako helburuen betetze-maila. Udalak ordenagailu bat utzi ahal izango die telelanean arituko direnei, eta langileek Interneteko konexioa izan behar dute, beren lanpostuari dagozkien zereginetan aritu ahal izateko.

Telelanean aritzen direnek beren borondatez arituko dira, eta edozein unetan itzuli ahal izango dira lehengo egoerara; alabaina, administrazioak baimena berraztertu, eta horren ondorioz, telelanaren formula amaitu, aldatu do eteteko aukera izango du.

Gasteizko Udalaren telelan-proiektuak deskonexio digitalarekiko eskubidea aitortzen die –zehazten den disponibilitate-denboratik kanpo– horrela arituko diren langileei, halako moduan non errespetatu egingo baitira beren atseden- eta intimitate-tarteak, .

 

Share

Gasteizko Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak adostu dute tranbia Zabalganara eramateko trazadura

  • Lovaina plazaren ingurunean lotuko zaio tranbia-sistemaren egungo sareari
  • Joan den astean adjudikatu zen informazio-azterketak sei kilometro inguruko trazadura hartzen du aintzat tranbia-bide bikoitzean eta Lovainan eta Kontxetan bi lotura alternativo aztertuko ditu
  • Zabalganarako tranbia martxan jartzeko Aretxabaleta edo Salburua inguruan kokatuko diren kotxetegi berriak eraikiko dira

Gorka Urtaran audioa

Egungo proiektuan gauzatzen da Vitoria-Gasteizko tranbia-sistema Zabalganara hedatzeko eta auzo hori hiriaren erdialdearekin tranbiaz lotzeko asmoa —abiadura handiko trenaren trenbidea lurperatzeak libre utzitako espazioan barrena— eta tranbia bihurtuko da korridore horren elementu egituratzaile. Nolanahi ere, Vitoria-Gasteizerako trenbide-sarbide berria lurperatzeak baldintzatzen du aurreikusitako konponbidea eta gaur egungo sarearekiko konexioa. Hori dela eta, tranbiaren proiektuaren garapenean eta finantzaketan parte hartzen duten hiru erakundeek, Gasteizko Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak, ingurune hiriko erdialdearekin lotzeko beste aukera batzuk ere aztertu dituzte, eta aukera horiek ez daude proiektu honetan zehaztutako epeen mende.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburu Iñaki Arriolak eta Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzálezek, gaur goizean, Eusko Jaurlaritzak Vitoria-Gasteizen duen egoitzan egin duten agerraldian, adostutako trazaduraren alternatibak aurkeztu dituzte. Trazadura hori San Martin auzoan barrena hedatzen da eta Vitoria-Gasteizko erdialdearekin lotzeko bi aukera hartzen ditu aintzat Lovaina ingurunean, baita beste bi aukera ere Zabalgana auzoarekin lotzeko.

Euskal Trenbide Sareak —Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko erakunde publikoak— joan den astean adjudikatu zuen proiektuaren zati berritzaileari buruzko informazio-azterketaren eguneratzea, Lovaina ingurunearen eta Zabalgana hiribidearen arteko tartearen trazadura behin betiko zehatz dadin. Puntu horretatik aurrera eta trazaduraren gainerakorako, baliagarria da Zabalganara Jundizko eta Mariturriko adarretatik iristea aurreikusten zuen aurreko azterketa. Aldi berean, tranbiaren kotxetegien kokalekuari buruzko informazio-azterketa tramitatzen jarraituko da. Bi kokagune aztertzen ari dira, bat Aretxabaleta inguruan eta bestea Salburua auzoan.

Informazio-azterketa

Adjudikatutako azterketak hiri-integrazioaren ikuspuntutik aztertu beharko du egungo trazadurarekin konektatzeko aukera emango duen modalitate arteko geralekua, baita egungo egoerarekin bateragarria den eta Zabalgana hirigunearekin lotzen duen ustiapenik egokiena ere.

Azterketa horretan aztergai izango dira, halaber, eraginpean dauden hiri-elementuen birkokapena (autobusen eta taxien geralekuak, zama-lanetarako eremuak, aparkalekuak, edukiontziak, eta abar), oinezkoentzako ibilbideen analisia eta trafikoaren doikuntzak eta desbideratzeak, betiere ustiapen faseetan.

Hedapena ez da sei kilometrotik gorakoa izango, tranbia-bide bikoitzean. Lovainarekin konektatu ostean, trazadura jarraitzeko bi aukera daude, Ama Vedruna kalean barrena edo Adriano VI.aren kalean barrena bideratzea, Abendaño, Díaz de Olano margolariaren eta Teodoro Dublang margolariaren kaleetatik jarraitzeko. Hemen aukera dago, batetik, zuzen jarraitzeko edo, bestetik, Pedro Asua kalerantz biratzeko eta Kalkutako Teresa kalearen eta Mediterraneoaren hiribidearen arteko elkargunearekin konektatzeko.

Puntu horretan, bat egingo luke aurreko informazio-azterketarekin. Azterketa horrek definitzen du Zabalgana etorbidean zeharreko ibilbidea, gero, bitan banatuko litzatekeena: batetik, Nazio Batuen hiribidera egingo luke, Mariturri bulebarreraino; eta, bestetik, Zabalgana etorbidetik jarraituko luke Giza Eskubideen hiribideraino, eta Iruña-Veleia hiribidean barrena jarraituz, Sofia Erreginaren hiribidearen eta Mariturri bulebarraren arteko elkarguneraino.

Informazio-azterketaren eguneratze horren ondoren, berriro ere jarriko da proiektua jendaurrean, herritarrek proiektua kontsultatu eta bidezkotzat jotzen dituzten alegazioak aurkez ditzaten.

Tranbia Zabalganaraino hedatzea baliagarria izango da Vitoria-Gasteizko hiri-kohesioa indartzeko eta, aldi berean, hiriko mugikortasun jasangarria errazteko, auzo hori erdialdearekin eta ahalmen handiko beste garraio publiko batzuekin lotuz, hala nola tranbiaren gainerako lineekin eta BEI bus elektriko adimentsuarekin.

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak hiru erakundeek lortutako akordioaren garrantzia nabarmendu du, aukera emango baitu tranbia Zabalgana auzora, hau da, Gasteizko auzo jendetsu eta gazteenetako batera arrazoizko epe batean eramateko. Era berean, Eusko Jaurlaritzak Vitoria-Gasteizko mugikortasun jasangarriarekin duen konpromisoa nabarmendu du. Denboran luzatzen den inbertsio

jarraitua du, 2027. urtera arte hitzartuta dagoena, tranbiaren azpiegiturarako eta BEI bus elektriko adimentsurako. 300 milioi eurotik gorako inbertsioa da.

Inbertsio-ahalegin horri urtez urte eusteko borondate irmoa dugu, eta, Salburuako lanak amaitu ondoren, Zabalganako lanei ekin ahal izateko borondatea, Vitoria-Gasteizko auzoak elkarrekin eta auzo horiek erdialdearekin lotuko dituen garraio publiko efizientea eta erosoa lortze aldera” erantsi du.

Bestalde, Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkateak Salburuarekin eta Zabalganarekin hartu zuen konpromisoa gogorarazi du, tranbia bi auzo horietara eramateko eta kalitateko garraiobide moderno, elektriko, jasangarri horrek hiriaren erdialdearekin konektatzeko hartutako konpromisoa hain zuzen ere. “Salburuako auzokoek tranbia beren auzora iristeko lanak aurreratuta ikusten dituzten bezalaxe, Zabalganako auzokoek ere ziur egon behar dute, alkate naizen aldetik, gainerako euskal erakundeekin etengabe lanean jarraituko dudala tranbia haien auzora iritsi arte. Gaur, beraz, urrats irmoa egin dugu helburu utziezin hori lortzeko bidean” eman du aditzera.

Ramiro González Arabako diputatu nagusiak gogorarazi du Arabako Foru Aldundiak Vitoria-Gasteizekin eta jasangarritasunarekin duen konpromiso bikoitza, eta nabarmendu du Foru Aldundiak jasangarritasuna eta mugikortasuna lotzen dituzten proiektu guztietan parte-hartzen duela. “Parte hartu genuen tranbia abian jartzeko prozesuan eta hegoalderantz Salburuara hedatzeko lanetan; orain, Zabalganakoan ere parte hartuko dugu, BEI bus elektriko adimentsuarekin egiten ari garen bezalaxe”, adierazi du. Era berean, ziurtatu du “Vitoria-Gasteiz Green Capital hiriak ereduzkoa izan behar duela mugikortasun jasangarriari eta deskarbonizatuari dagokionez. Etorkizuneko mugikortasuna da, eta mugikortasun hori lortuko badugu, lan handia egin beharko dugu energia berriztagarrien sorreran. Horixe da Arabako Foru Aldundiaren erronka eta konpromisoa”, adierazi du, azkenik baterako lanaren eta erakundeen arteko akordioen garrantzia nabarmenduz.

 

 

Share

Leku gehiago egongo dira “Kirol bidean” kanpainan

  • 12 eta 30 urte bitarteko gazteen artean kirola egitea sustatzeko ekimen horrek 118 plaza gehiago izango ditu

 

Astelehenetik aurrera Udalak 118 leku gehiago eskainiko ditu “Kirol bidean” kanpainaren baitan udaberri-udarako antolatutako jardueretarako. Joan den asteazkenean indarrean sartutako osasun-neurri berriei esker, plaza gehiago egongo dira honako jarduera hauetan: arroilak, espeleologia, zaldi erronka, ferrata bidea, kayak zeharkaldia, bizikleta+SUP/kayak eta eskalada haitzetan.

Maiatzaren 31ko 26/2021 Dekretua indarrean jartzearekin batera, desagertu egin ziren aire zabalean kirola egiteko ezarrita zeuden pertsona-taldeei jarritako mugak, ordura arte taldeak ezin baitziren 6 pertsona baino gehiagokoak izan.  Aldaketa horri esker, Udalak 118 leku gehiago eskaini ahal ditu ekaineko, uztaileko, abuztuko eta iraileko asteburuetan egingo diren 28 saioetarako.

Izena emateko epea ekainaren 7an zabalduko da, 8:30ean, eta Udalaren web orrian edo aurrez aurre Gizarte Etxeetan eta Gazteen Argibideetarako Bulegoan egin ahal izango da.

Izen-emate berri horiek COVID-19ari aurre egiteko osasun neurrien aldaketen menpe egongo dira, taldeko pertsona kopurua mugatu baitezakete. Kasu horretan, izena eman duten pertsonei jakinaraziko zaie inskripzioa ezeztatzeko eta dirua itzultzeko.

“Kirol bidean” kanpainaren helburua da ariketa fisikoa sustatzea Gasteizko gazteen artean (12 eta 30 urte bitartekoak), batez ere, 12 eta 18 urte bitartekoen artean, kirol desberdinak eginez oinarrizko maila batean. Jarduerak Arabako natur inguruneetan egingo dira, eta guztiak dira ohikoaz bestelako esperientziak, edukiari zein aritzeko inguruneari (mendia, itsasoa, airea) dagokienez. Kirol erakundeetako (klubak eta federazioak) eta enpresa espezializatuetako begirale kualifikatuak izango dira gidari.

Informazio gehiago eta izen-emateak: Kirol bidean kanpaina (udaberri-uda)

Share

Lakua eta Arriaga auzoen artean oinezkoentzako lotura bat sortzeko Forondako Ateko erdibitzailean eta Julian Arrese kalean aparkaleku berria egiteko kontratua esleitu dute

“Konpromiso bat genuen auzokoekin eta bete egingo dugu”, esan du Raimundo Ruiz de Escudero Mugikortasun eta Espazio Publikoko zinegotziak. 

9 hilabeteko epea izango dute lanek.

 

Dosierraaparkalekua oinezkoentzako loturakLAKUA-ARRIAGA

Urtaranen gobernuak Lakua eta Arriaga auzoen arteko oinezkoentzako lotura hobetuko du Forondako ateko erdibitzailean “pasealeku” urbanizatu bat sortuz; pasealeku horretan sartzeko, semaforoz araututako bi zebra-bide egongo dira. Horretaz gain, aparkaleku berria egingo du Julian Arrese kalean. Azpiegitura horrek Arriaga auzoko aparkalekuan (Forondako Atea) galduko diren plazak konpentsatuko ditu, bertan merkataritza-azalera bat eraikitzea aurreikusten baita.

“Konpromiso bat genuen auzokoekin, hobekuntza horiek eskatu zituztelako, eta bete egingo dugu. Auzoko beharrak ezagutzen dituztenekin aritu gara lanean, eta Forondako Atearen inguruan bide-segurtasuna hobetzeko eta aparkalekuan azken astetan galdu diren plazak konpentsatzeko irtenbide on bat proposatu dugu”, adierazi du Raimundo Ruiz de Escudero zinegotziak gaur goizean.

Gobernu Batzarrak lehiaketara kontratua esleitzea onartu du. Opacua S.A. enpresak egingo ditu lanak, 693.391,79 eurotan, BEZ-a barne, eta 9 hilabetetan.

Proiektuak Jose Maria Diaz de Mendibil kalean hasi eta Eskualdeetako Etxeetako iparraldeko fatxadatik igarotzen den oinezkoentzako ardatza egungo aparkalekutik luzatzea ere aurreikusten du. Horretarako, orain dagoenaren zabalera bereko zati bat zolatuko da eta inguruaren estetika mantenduko da (duen marrazki geometriko bereizgarriarekin) Forondako Atearaino.

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak diseinatutako esku-hartzearen helburuetako bat da Arriagako egungo aparkalekuaren murrizketa konpentsatzea, merkataritza-azalera bat eraikiko baita bertan. Helburu horrekin, Udalak 124 ibilgailurentzako aparkaleku berria sortuko du orain erabili gabe dagoen ondoko lursail batean; plaza horietatik 7 mugikortasun murriztuko pertsonentzako izango dira. Julian Arrese kaletik sartuko dira ibilgailuak gune honetara. Kanpoko perimetroan zein barruan lorategi-eremuak, tamaina txikiko landaketak eta zuhaitz handiak jarriko dira.

Hala ere, bide-segurtasuna da proiektuaren funtsezko alderdietako bat. Zolaturiko pasealeku bat egingo da Forondako Ateko erdibitzailean Lakua eta Arriaga auzoak segurtasunez lotu ahal izateko. Oinezkoentzako bide berriak bi noranzko bidegorria ere izango du, eta orain auzotarrek bere egin duten lur-ibilbide bat dagoen lekuan eraikiko da. Hara iristeko, gainera, semaforoz araututako bi zebra-bide erabiliko dira (bai Lakuarantz, bai Arriagarantz).

Jarduketa osoan argiteria sare berri bat jarriko da, argi-puntu berriekin (aparkalekuan, oinezkoentzako ardatzean eta erdibitzailean) eta inguruko instalazioetan hobekuntzak egingo dira.

 

Share