Prentsa Oharren banner

Prentsa deialdia (2021-06-15)

  • Hyundai Motorrek bultzatutako #JuntosEnElAsfalto programaren V. edizioa aurkezteko prentsaurrekoa

Parte-hartzaileak: Raimundo Ruiz de Escudero, Gasteizko Udaleko Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzia; Leopoldo Satrústegui, Hyundai Motor Españako zuzendaria; Blanca de la Peña, Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatua; Sonia Díaz de Corcuera, Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendaria; Julia Liberal, Arabako Txirrindularitza Federazioko presidentea; Pedro Martín de Artola, RACVN-ko presidentea; Maite Sébal, Gasteizko Elizbarrutiko Caritaseko zuzendaria; Juan Ignacio Fernández, ‘Movimiento Ultreya’-ko arduraduna; Ricardo García Ambroa, Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindulari profesional ohia

Eguna. Asteartea 15 ekaina

Ordua: 11:00

Tokia: NH Canciller Ayala hotelean

 

Share

XIII. Beñat Etxepare Sariak eman dira

Teatro Paraíso konpainiak Beñat Etxepare sariak antolatu ditu, ikusleak, ikastetxeak, irudi grafikoa eta antzerki-kritikarik onena aitortzearren; publikoak sortu eta prestatzeko proiektu horretan bat egiten dute sorkuntzak, hezkuntzak eta familiak.

Aurtengoan (hamahirugarren edizioa baita) 2019-2020 eta 2020-2021 ikasturteei dagozkien sariak eman dira; 15.000 ikasle baino gehiagok hartu dute parte pandemiak nabarmendu duten bi ikasturteotan.

Ekitaldian parte hartu dute Hezkuntza eta Kulturako zinegotzi Estíbaliz Cantok, Udal Antzoki Sarearen arduradun Marta Monfortek eta Teatro Paraíso konpainiaren zuzendari Pilar Lópezek, bai eta Udaleko zenbait zinegotzik eta denboraldian aritutako artista, babesle eta bestelako partaide batzuk.

Antzokiaren webgunean kontsultatu daiteke sarituen zerrenda.

Share

Gasteizek espazio publikoaren hobekuntza indartuko du Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmenaren bidez

  • Gorka Urtaran, Gasteizko alkateak eta Ramiro Gonzalez, Arabako diputatu nagusiak, akordioa sinatu dute gaur; horren arabera, hiriak 2.500.000 euro jasoko ditu lurraldean eragina duten inbertsioetarako.

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak hitzarmena sinatu dute gaur. Hitzarmen horren arabera, laugarren urtez jarraian, Foru Aldundiak 2.500.000 euroko inbertsioak babestuko ditu Arabako Lurralde Historikoaren ikusgaitasuna handitzeko. Erakundeetako ordezkariek aurreratu dutenez, espazio publikoaren hobekuntzak bere gain hartuko du hitzarmen honen bidez sustatuko diren inbertsio estrategikoen zati handi bat. Izan ere, aldundiak egindako ekarpenari esker, “Gasteiz hobetuz” izeneko parte hartze prozesuaren bidez adostutako bost proiekturen finantzaketa osatu ahal izango da.

Zehazki, aldaiako kirol pista balioaniztunak eraikiko dira, Zabalganan hiri-baratze berriak egingo dira, Malizhaeza kalea berrituko da, Salburua eta Las Trianas artean sortu berri den oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbidea egingo da, eta Lakuan eta Ibaiondon bide-segurtasuna hobetzeko lanak egingo dira. Esku-hartze horiekin batera, Santa Barbara plazako salgaien zamalanetarako kaia lurperatzeko obrak ere batera finantzatutako espazio publikoko inbertsioen blokearen barruan daude.

Diru laguntza hori emateko arrazoia da Vitoria-Gasteizko udalerriak mota guztietako zerbitzu publikoak egiten dituela, eta zerbitzu horien ohiko erabiltzaileak, udalerriko herritarrez gain, Gasteizen bizi ez diren arabarrak direla. Lurralde historiko osoko biztanle guztiei zerbitzua ematen dieten hezkuntza-, osasun- edo garraio-azpiegiturak Gasteizen kokatzeak berekin dakar, Gasteizko Udalaren aurrekontutik, lurralde-azpiegitura horiei lotutako gastuak bere gain hartzea, hala nola aparkalekuak edo hiri-garraioak.

Aldundiak esleitutako 2.500.000 euroen zati bat Gasteizko Udalak aurten garatuko duen asfaltatzea berritzeko kanpaina indartzeko ere erabiliko da. Herritarren eskaerei erantzunez hainbat kaletan zabaltzen ari den zoru berriarekin batera, berriki aurkeztutako Inbertsioen Aparteko Planak Gasteizko kaleetan azken legegintzaldietako hiri-asfaltatzearen hobekuntza handiagoa ahalbidetuko du.

Ingurumen-politikak dira gaur sinatutako erakunde arteko hitzarmenaren beste ekintza-ardatzetako bat. Ildo horretan, nabarmentzekoa da Foru Aldundiak Gardelegiko zabortegia aurrez ikusteko proiektuari egindako ekarpena. Obra horiek aurten hasiko dira, eta azpiegitura horren beharrei irtenbidea ematea ahalbidetuko dute. Era berean, Udalaren eta Aldundiaren arteko lankidetza Aramangeluko Nekazaritza Parkea bultzatzera ere zabaldu da, eta Abetxukuko aintzira zaharberritu da, hari lotutako ekipamendu berri gisa. Halaber, foru-finantzaketaren zati bat azpiegitura berdeetan inbertitzeko erabiltzea aurreikusi da.

Gaur goizean BIZAN zentroetan birgaitze-lanak egiteko sinatutako akordioan jasotzen da gizarte-zerbitzuen aldeko laguntza. Azkenik, Gasteizko landa-eremuak inbertsioen bloke berezi bat izango du, alkateak eta ahaldun nagusiak berretsitako hitzarmenari esker.

Gorka Urtaran alkateak hitzarmen hori Arabako Foru Aldundiak Gasteizekin duen konpromisoaren adibide gisa aipatu du. “Konpromiso hori hiriko proiektu estrategiko handietatik kaleko jarduera ugaritara doa, funtsezkoak baitira Gasteiz bizi-kalitatearen erreferentzia egiten jarraitzeko. Gasteiz hobetzen denean, lurralde osoa hobetzen da, eta erakundeen arteko lankidetza da helburu hori lortzeko modurik onena “.

Bestalde, Arabako diputatu nagusiak adierazi duenez, “Jakitun gara Gasteizek gurea bezalako lurralde batean duen garrantziaz, eta horregatik uste dugu benetan garrantzitsua dela inbertsioak egitea, Arabako hiriburuan Arabaren ikusgarritasuna handitzeko, landa-inguruneko arabarrak hiriarekin gehiago batzeko eta, bidean, Gasteizen beraren garapena bilatzeko, guztion onurarako”.

“Erakundeen arteko lankidetzaren bidez bakarrik atera daitezke aurrera ekimen horiek, eta ez dago zalantzarik Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren arteko lana hiriari eta lurraldeari fruituak ematen ari dela. Udalak pertsona askorentzat beharrezkoak diren zerbitzuak jartzen ditu Lurralde osoaren zerbitzura, ez bakarrik bizilagunentzat, eta zerbitzu eta azpiegitura horiek dira hitzarmen honekin sendotu eta bultzatu nahi ditugunak “, gaineratu du.

Share

Anna eta Olivia ahizpen gertaera krudela gaitzetsi du Gasteizek

Gorka Urtaran audioa

Gasteizko Udalbatzak, Gorka Urtaran alkatea buru dela, eta hainbat ordezkari instiutuzionalek, hala nola Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburua, Arabako Ahaldun Nagusiak, Emakundeko presidenteak bat egin dute gaur EUDELen deialdiarekin, eta elkarretaratzea egin dute Gasteizko Udalaren aurrean, Anna eta Olivia ahizpen gertaera krudela gaitzesteko.

Gasteizek, gainera, elkartasuna adierazi die familiari eta hurbileko pertsonei, bai eta indarkeria matxistaren biktima guztiei ere eta gogorarazten du heriotzek  emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da.

 

Emakumeenganako indarkeria (bikarioa, psikologikoa, ekonomikoa,  fisikoa, sexuala) emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.

 

Share

Aire zabaleko 150 ikuskizun Gasteizen, uztailaren 6tik irailaren 5era bitartean

Udako kultur programazioa 14 gunetan garatuko da, hiria osoan zehar

 

Arabako hiriburuak 150 ikuskizun eskainiko ditu (120 konpainien eskutik), Kultura Zerbitzuak udarako prestatu duen aire zabaleko kultur programazioaren baitan

“Iazko udan ekin genion bideari jarraiki, berriro ere kalera aterako dugu kultura, zuzeneko ikuskizunek pizten duten ilusioa berreskuratzeko asmoz, bai eta kultur sektoreari laguntzeko ere, oro har, bai, baina baita bereziki kaleko arteei”, esan du Hezkuntza eta Kulturako zinegotzi Estíbaliz Cantok.

“Asmo horrek bultzatuta, kalitatezko kultur programazioa eskaintzen diegu herritarrei, kulturaz aire zabalean gozatu ahal dezaten, era guztietako formatu eta diziplinatan”, gehitu du.

Programazioa uztailaren 6an hasi eta iraiularen 5era bitartean garatuko da, hiriko 14 plaza, lorategi eta gune irekitan, nola hiriaren erdialdean, hala auzoetan ere.

Hauek dira hamalau leku horiek: Hegoalde gizarte-etxearen eskailerak, Judimendi parkea, Gabriela Mistral kirol-gunea (Salburua), Iparraldeko parkea, Aranbizkarreko parkea, Arriagako parkea, Poliedroen parkea (Ibaiondoko gizarte-etxea), Zabalganeko gizarte-etxeko aurrealdea, Santa Maria plaza, Zulueta jauregiko lorategiak, elurtegiaren ingurua (Frai Zacarias Martinez kalea), Falerina lorategia eta Fernandez de Pierola Apezpikuaren lorategiak.

Arte-diziplina ugari biltzen ditu programazioak:

  • Antzerkia, Kamikaz, Hortzmuga, El Mono Habitado, La DKV, Zurrunka, Kolektivo Monstrenko, Ekoma, Lanku, Pez Limbo, eta abarren eskutik.
  • Dantza: Organik, Node, La Incendiaria, Altraste, Amaia Elizaran, eta beste artista batzuk.
  • Kontzertuak: Konpost, Kai Nakai, La Furia, Shiny Red Mood, La Mare, Tenpora, Idoia, The Soulbreaker Company, Joseba B. Lenoir, Moonshine Wagon, Bulego, Puro Relajo, Sira Coel, La Pulga, Dead Sequoia, Sophi, Sara Zozaia, Elh Malyck, Trikoma, Moni Garage, Outgravity, Raúl Romo, Clarisse eta askoz gehiago.
  • Zirkua, Alta Gama, Kautxukotoi, Sarini + Ortzi, Ganso & Cía, Zirika Zirkus, Zirkozaurre, Malas Compañías, eta beste batzuen eskutik.
  • Magia, besteak beste Akelar, Dramagia, Jon Zabal, Kulturmagic, Hodei Magoa arituko dira.
  • Monologoak: Óscar Terol, Valeria Ros, Sergio Arrospide, Virginia Imaz, Juanjo Monago, Nerea Garmendia, Mikel Bermejo, Ainhoa Aierbe, Tessa Andonegi, Gorka Aguinagalde, Alazne Etxeberria, Belén Cruz eta Mila Espiga, Txabi Franquesa eta beste asko.
  • Haurrentzako ikuskizunak: Deabru Beltzak, Kontukantari, Imaginaciones Nai, El Gran Rufus, Circo Chosco, Ana Capilla, La Gata Japonesa, Oihulari Clown, Cía Avela, Cía Barré, Eidabe, eta abar.
  • Folka: Ziekoko Gaita-joleak & Friends, Xabi Aburruzaga, Hutsun, Iñaki Palacios & Baltik, Garikoitz Mendizábal & Gorka Hermosa, eta beste.
  • Bestelako ikuskizun batzuk: Gasteizko Udal Banda, jotak, trikitixa, bertsolariak, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, eta gehiago.
  • Aire zabaleko zinema, hiriaren zenbiat gunetan.

Gainera, uztailaren 17an dagoeneko tradizio bihurtu den Aire zabaleko pintura lehiaketa egingo da, aurten Zabalganeko auzoan.

Aire zabaleko esparru mugarrituak izango dira guztiak; gehieneko ikusle-kopurua zehaztuta izango dute, denak eserita; segurtasun-neurriak oro errespetatuko dira, Eusko Jaurlaritzaren indarreko araudiarekin bat etorriz.

“Aire zabaleko udako kultur programaziora hurbiltzera animatu nahi ditugu gasteiztar guztiak. Denetik dago, eta denentzat, eta betiere osasun alorreko agintariek ezarritako neurriekin”, adierazi du zinegotziak.

Sarrera librea izango da leku guztiak bete arte, non ez duen osasun-egoerak okerrera egiten, eta gonbidapenen banaketa etetea gomendatzen.

Gaurtik aurrera, eskuragarri dago programazio osoa Udalaren web-gunean; bertan, ikuskizun guztien egun, ordu eta lekua zehazten dira, bai eta informazio osagarria ere.

 

 

Share

Atxilotua borroka batean bikoteari eraso egiteagatik

Udaltzainek atzo goizaldean 19 urteko gizonezko bat atxilotu zuten bikotekidearen aurkako eraso-delituaren ustezko egilea izateagatik; hain zuzen ere, bikotekidea etxeko indarkeria delituaren ustezko egilea izateagatik ikerketapean dago.

Gertakariak Zaramaga auzoko etxebizitza batean gertatu ziren, eztabaida bat zela eta udaltzaingoen laguntza eskatu zutenean. Patruilari atea ireki zion gizonezkoak arropa hautsita zuen eta odol-orbanak zituen, aldiz, emakumeak zenbait zauri zituen aurpegian.

Lesioak ikusi eta inplikatutako pertsonen adierazpenak entzun ostean, udaltzainek gizonezkoa atxilotu zuten eta epailearen esku geratu zen. Bestalde, bikotekidearen aurka eginbideak abiatu zituzten etxeko indarkeria delituagatik ikerketapean jarrita.

Gasolio-ihesa

Suhiltzaileek esku hartu dute bart A-1 errepidean, Arrazua-Ubarrundia eremuan istripua izandako kamioi baten gasolio-ihesa dela eta. PSISZko kideek 700 litro erregai inguru bildu dituzte dagoeneko.

Abetxukuko El Calce kaleko etxebizitza bateko sukaldean izandako sutean esku hartu zuten atzo. Suak altzarietan eragin zituen kalteak.

 

 

 

Share

Gazte-uztaila Gozatu!! uztaileko oporren eskaintzan parte hartzeko izena emateko epea ekainaren 16an irekiko da, asteazkenean

Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuak uztailaren 19tik 23ra eta 26tik 30era, 13 eta 17 urte bitarteko gazteentzako oporren eskaintza egin du. Izena emateko epea ekainaren 16an irekiko da, asteazkenean.

 

Gazte-uztaila Gozatuk asteroko iraupena izango du, astelehenetik ostiralera. Bertan, aisia-, jolas- eta kirol-jarduerak egingo dira ingurune naturaletan, eta abentura eta dibertimendua uztartuko dira.

Jardueren ordutegia 10:00etatik 17:00etara izango da eta ez dira sartzen ez askaria ez bazkaria.

Euskera izango da hizkuntza.

Izena emateko epea ekainaren 16an irekiko da, 8:30etik aurrera.

Prezioa 70 eurokoa da abonatu gabeentzat eta 42 eurokoa  abonatuentzat.

Izen-ematea eta argibideak: Gazte Informaziorako Udal Bulegoa (GEO), gizarte etxeak, Herritarrendako Laguntza Bulegoak, 010 telefonoa eta Udalaren web orria.

Informazio gehiago

Share

Prentsa deialdia (2021-06-14)

Indarkeria matxistaren kontrako elkarretaratze isila, Tenerifen izandako gertaera latzak direla eta.

Parte-hartzaileak: Alkatea, Gorka Urtaran, eta udal korporazioko ordezkariak.

Eguna: Ekainak 14, astelehena

Ordua: 12.00

Lekua: Espainia plaza

 

Share

(Atzerapena) Prentsa deialdia 2021-06 14

– Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena sinatzea, hirian inbertsioak finantzatzeko.

Parte-hartzaileak: Gorka Urtaran alkatea; Ramiro González, Arabako diputatu nagusia; Iñaki Gurtubai, Ogasun zinegotzia; eta Irma Basterra, Lurralde Orekaren foru-diputatua.

Eguna: ekainak 14, astelehena

Ordua: 12:30

Lekua: Foru Aldundiaren jauregia.

Share

Udalak bat egingo du Espainiako Zeinu-Hizkuntzen Egun Nazionalarekin

Hiriko zenbait eraikin enblematiko turkesa kolorez jantziko dira gaur, kolore horrexek identifikatzen baititu pertsona gorrak

 

Udaletxea, Arkupeak eta Floridako kioskoa turkesa koloreko argiekin apainduko dira gaur, ekainak 14 (astelehena), Espainiako Zeinu-Hizkuntzen Egun Nazionala ospatzeko. Hartara, Udalak erantzuna emango dio Arabako Gorrak elkartearen eskaerari, xede hartuta “gizartea pertsona gor eta gor-itsuen egoeraz sentsibilizatzea”.

Gasteizko Udalak bat egin du sentsibilizatze-egun horrekin, eta, horrenbestez, hiriko zenbait eraikin enblematiko kolore turkesaz argiztatuko dira, estatuko beste hainbat hiritan bezala.

Zeinu-hizkuntzak ez du inor atzean uzten” lelopean, zeinu-hizkuntza herritarrekin konpartitu, gizartean ezagutarazi eta bere erabilera normalizatzeko asmodun jarduerak antolatu dira.

Zeinu-Hizkuntzen Egun Nazionala 2014an sortu zuen Ministro Kontseiluak. Ordutik hona ekainaren 14an egiten da, 1936ko egun berean eratu zelako Pertsona Gorren Estatu Konfederazioa (CNSE, gaztelaniazko sigletan). Erakunde horren eta haren inguruko elkarte-sarearen lanaren fruitu, “gizarteak bere neurrian baloratzen ditu” zeinu-hizkuntza espainiarra eta katalana.

Share