Prentsa Oharren banner

Elikadura osasungarria sustatzeko ikastaroak berritu ditu udalak, gizarte-etxeetako jardueren denboraldi berrirako

 

  • Iraupen desberdinetako lantegi espezializatu ugari eskainiko da.

 

Osasuna sustatzeko atalak berrikuntza garrantzitsuak izango ditu gizarte-etxeetako 2021-2022ko jardueren programan. Gasteizko Udaleko Osasun Publikoaren Zerbitzua elikadura eta bizimodu osasungarria sustatzeko lantegiak eta ikastaroak berrantolatzen ari da  Amaitu den denboraldian hainbat proposamen berritzaile sartu ziren, baina berrikuntza nabarmenagoa izango da udazkeneko jarduerak hastean.

Espezializazioa izango da programazio berriaren bereizgarria. Aurreko urteetan, lantegiek gai orokorrak zituzten, baina datorren denboraldirako eduki espezifikoak prestatu dira; adibidez, lekaleak, barazkiak, gozogintza…. Espezializazio hori dela eta, elikaduran gaur egun dauden joerak landuko dira, esaterako batch cooking teknika, edo gosari, hamaiketako eta askari osasungarriak egiteko ideia berritzaileak…

Jardueren iraupena ere berrikuntza izango da, izan ere, saio bateko, biko, hiruko eta lauko lantegiak daude, aurreko denboraldietako hiruhileko lantegiez gain. Beste aldaketa garrantzitsu bat da dietista eta sukaldeko profesionalak batera izango direla lantegi gehienetako saio batean, eta hartara teoria eta praktika aldi berean egingo dira, mezua indartuz.

Halaber, aipagarriak dira elikadurarekin lotutako hainbat alderdiri buruzko berariazko hitzaldien eskaintza anitza eta hainbat lantegi ingelesez eta euskaraz izatea.

“Datorren denboraldian, elikadura osasungarrira hurbiltzeko aukera handiagoa izango dute herritarrek. Osasun Publikoaren Zerbitzuak lantegi-eskaintza anitza, interesgarria eta berritzailea prestatu du, egun elikadura eta nutrizioaren inguruan sortzen diren zalantza ugariri erantzuteko eskaintza” adierazi du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lopezek.

Hainbat gai lantzeko aukera dugu lantegietan: haurren elikadura, sasoiko barazkiak, artea frutarekin, smothieak prestatzea, “clean baking” gozogintza, glutenik gabeko sukaldaritza edo Gabonetako lantegi bereziak, errezeta osasungarri merkeak prestatzen ikasteko. Halaber, hitzaldietan ere aukera anitza dago, eta gai hauek jorratuko dira, besteak beste: nutrizio-etiketen irakurketa, elikadura eta diabetesa eta “mindfull eating”.

Indarrean dauden osasun-neurriak direla eta ezin da lantegietan prestatutakoa sukaldean dastatu, eta hori dela eta, lantegietako parte hartzaileek tuper bat eraman behar dute.

Elikadura osasungarria sustatzeko lantegiez gain, bizimodu osasungarrirako funtsezko alderdiei buruzko bi modulu berezi gehitu dira:

  • “Hobetu zure osasuna” programa: Bizi-ohitura osasungarriagoak eskuratu nahi dituzten 18 urtetik gorako pertsonei zuzenduriko osasun-programa.  Aldaketa eraginkor eta osasungarri bat egiteko tresnak emango zaizkie parte-hartzaileei, psikologiaren, sukaldaritzaren, erizaintzaren, nutrizioaren, jarduera fisikoaren eta loaren alorreko profesionalen eskutik.
  • Ongizate emozionalerako programa. Ordu eta erdiko hiru saioko lantegia, COVID egoerak eragindako herritar orori zuzenduta, egoera zailak gainditzeko gaitasuna indartzeko beharra antzeman baitzen. Psikologiaren arloko aditu batek hainbat tresna emango ditu emozioak kudeatzeko, erresilientzia handitzeko eta egunero sortzen diren arazoei modu osasungarrian aurre egiteko, estrategia kognitibo eta emozional errazak aplikatuta.

Elikadurari buruzko lantegiei dagokienez, hau da horien deskribapen laburra.

  • Haurren elikadura: 8 eta 11 urte bitarteko haurrentzako sukaldaritza-lantegia (hiruhilekoa). Hainbat errezeta egingo dira, batez ere, fruta, barazki eta lekaleekin, eta umeek gosari, hamaiketako eta askari alternatiboak, elikagarriak eta osasungarriak prestatzen ikasiko dute haien eguneroko bizitzan egin ditzaten.
  • Batch cooking: Bi orduko saio honetan, aste osorako menu osasungarri bat ordu eta erdian prestatzen irakatsiko dute dietetika eta nutrizioko profesional batek eta sukaldaritzako beste batek
  • Elikadura osasungarria: Elikadura eta sukaldaritza osasungarriari buruzko hiruhileko lantegia. Sukaldaritzako eta dietetika eta nutrizioko profesionalek elikagai-talde desberdinetako errezeta osasungarriak egingo dituzte eta elikadura ohiturak hobetzeko tresnak emango dituzte. Derrigorrezkoa da teoriara eta praktikara joatea.
  • Tokiko eta sasoiko barazkiei buruzko lantegia: Tokiko eta sasoiko barazkiei buruzko lantegi monografiko honek lau saio ditu. Dietetika eta nutrizio arloko aditu batek gure inguruan ditugun barazkiez hitz egingo du eta haien propietateak, ezaugarriak eta abar azalduko dizkigu. Sukaldaritzako profesional batek errezeta alternatiboak egingo ditu barazkiekin. Hori dena, gure egunerokoan prestatu ahal izango ditugun barazki-errezeta berri, erakargarri eta zaporetsuak egiten ikasteko.
  • Ikasi gosari, hamaiketako eta askari osasungarri berriak egiten: Herritar guztiei zuzendutako bi saioko lantegia. Dietetika eta nutrizioko profesional batek eta sukaldaritzan aditu batek, aldi berean, otordu horiek osasungarriak izateko behar dituzten ezaugarriak azalduko dituzte, eta era askotako errezeta erakargarri eta zaporetsuak prestatuko dituzte, eguneroko bizitzan berritu ahal izateko.
  • Berezia, glutenik gabe: Inguruan zeliakoak dituzten herritarrentzat pentsatutako lantegia. Sukaldaritzako zein dietetika eta nutrizioko profesionalen laguntza izango da. Glutenik gabeko elikaduran kontuan hartu beharrekoak azalduko dituzte eta errezeta orekatuak, erakargarriak eta zaporetsuak prestatuko dira 4 saiotan.  Glutenik gabe elikatzeak dituen arriskuak ere azalduko dira.
  • Clean baking; gozogintza osasungarria: Lantegian postre osasungarriak egiteko printzipioak eta ezaugarriak azalduko dira, dietetika eta nutrizioko eta sukaldaritzako profesionalen laguntzaz. Gainera, errezeta zoragarriak prestatuko dituzte.
  • Berezia: Gabon osasungarri eta merkeak Herritar guztiei zuzenduriko Gabon osasungarriei buruzko lantegi berezia. Hiru saiotan zehar, dietetika eta nutrizioko profesional batek aholkuak emango ditu eta sukaldaritzan aditu batek Gabonetako errezetak prestatu eta azalduko ditu.
  • Lekaleei buruzko lantegia: Lekaleei buruzko lau saioko monografikoa. Dietetika eta nutrizioko profesional batek eta sukaldaritzako beste batek, aldi berean, elikagai-talde honen barietateen, propietateen, ezaugarrien eta osasunerako dituen onuren berri emango digute eta errezeta alternatiboak, erakargarriak eta gozoak prestatuko dituzte lekaleekin.
  • Artea frutarekin: Saio bateko lantegi honetan, 8 eta 11 urte bitarteko haurrek koadro bat egingo dute frutarekin, sukaldaritzan aditu baten laguntzaz.
  • Smoothieak, irabiatuak eta frutazko beste zenbait edari: Hiru saioko lantegi honetan dietetika eta nutrizioko profesional batek eta sukaldaritzako beste batek fruten ezaugarriak eta propietateak azaldu eta gomendioak emango dituzte, eta smoothieak, irabiatuak eta frutazko beste edari batzuk egiten irakatsiko.

Lantegi hauetaz gain, elikadurari buruzko 11 hitzaldi emango dituzte dietetika eta nutrizio arlok profesionalek hiriko gizarte-etxeetan.

Share