Prentsa Oharren banner

Gasteiz “Europa 2021, berdinen arteko ikaskuntza” programan parte hartzen hasi da, klimari eta energiari buruzko ekintzen barruan

Udalak urrezko auzoen birgaitze energetikorako politikak, azpiegitura berdeen estrategia —Eraztun Berdea proiektu ikonikotzat duena— eta mugikortasun iraunkorrerako ekimenak aurkeztuko ditu

 

Gasteiz “Europa 2021, berdinen arteko ikaskuntza” programan parte hartzen hasi da, klimaren eta energiaren arloan abiarazitako tokiko ekintzen multzoan. Dagoeneko Adituen Ordezkaritzaren lehen saioa egin da, zeinak hasiera eman baitio “Europa 2021-2022, berdinen arteko ikaskuntza” programari.

Programa berriak Europa osoko hiri, eskualde eta probintziei aukera ematen die ezagutza, ideia berritzaileak eta jardunbide egokiak trukatzeko neurrirako bileretan parte hartzeko. Bakoitzaren gaitasuna eta ezagutzak areagotzea da helburua, hiri bikoteen arteko eztabaiden bitartez; bikoteak hiri bakoitzaren ikaskuntza-premiak eta klima- eta energia-erronkei aurre egiteko inplementatu dituzten ekintzak kontuan hartuz egin dira, elkar osa dezaten.

Programa horien bidez, parte-hartzaileek jarduera hauek barne hartzen dituzten trukeak egitea bermatzen da:

  • Naturan oinarritutako soluzioen bidez klima-aldaketara egokitzeko moduari buruzko ideiak
  • Herritarrekin eta enpresekin itun klimatiko bat sortzen edo neutraltasun klimatikoko estrategia bat garatzen ikastea.
  • Finantzaketa lehiakorrerako aukerak arrakastaz nola eskatu azaltzen duten adituei entzutea.
  • Klimara Egokitzeko eta Energia Iraunkorreko Planei (PACES) buruzko iruzkin eta aholku pertsonalizatuak

Abiatu berri den Adituen Misio honetan, bost talde sortu dira, anbizio, interes eta ezaugarri komunak dituzten hiriak elkartuta:

  1. taldea: Mannheim (Alemania) eta Utrech (Herbehereak).
  2. taldea: Lahti (Finlandia) eta Brighton (Erresuma Batua).
  3. taldea: Helsinki (Finlandia) eta Milan (Italia).
  4. taldea: Sunderland (Erresuma Batua), Gasteiz (Espainia) eta Parma (Italia).
  5. taldea: Gotemburgo (Suedia) eta Essen (Alemania).

Klima-aldaketa arintzeari dagokionez buruzagitzat (“front runner”) jotzen dituztelako aukeratu dituzte hiri horiek. Lehen topaketa honetan, Gasteizko Udalak Sunderland eta Parmako udalekin partekatu du gure hiriaren ikuspegi orokorra, dagoeneko inplementatutako jardunbide egokiak, etorkizunerako proiektuak, estrategiak eta anbizioak energia-eraginkortasunari, klima-aldaketari eta Klima eta Klimara Egokitzeko eta Energia Iraunkorreko Planen garapenari (PACES) dagokienez.

Taldearen “hiri anfitrioiak”, Sunderlandek, oso proiektu interesgarriak erakutsi ditu Itun Klimatikoekin eta karbono isurketa txikien esparru-politiken garapenarekin lotuta, bai eta oso proiektu garrantzitsu bat ere hirian kokatuta dagoen Nissan fabrikarekin.

Parmak, bestetik, bere etxebizitza-parkearen birgaitze energetikorako proiektuetan eta estrategietan egindako aurrerapenak partekatu ditu, eta, gainera, bertako Lan eta Klimaren aldeko Itunari buruzko informazioa aurreratu du.

Gasteizek, azkenik, urrezko auzoen birgaitze energetikorako politikak aurkeztu ditu, Koroatze auzoko Smartencity proiektua nabarmenduz; orobat, beste proiektu hauek azaldu ditu: azpiegitura berdeen estrategia, zeinaren aitzindaria Eraztun Berdea baita; mugikortasun iraunkorraren alorreko politika; PACESen garapena, eta jasangarritasunarekin lotutako beste hainbat gai.

Hurrengo bilera irailaren amaieran egingo da, eta osasun-baldintzek ahalbidetzen badute, Udala Sunderland hirira joango da urriaren amaieran, Parmako Udaleko ordezkariekin batera, ikaskuntza-programarekin modu praktikoagoan jarraitzeko

Share