Prentsa Oharren banner

Kultura Sailak 65.000 euro jarriko ditu zenbait ekitaldi antolatzeko, World Press Photo eta Korterraza, horien artean

Gasteizko Udalak 65.000 euro baliatuko ditu hiriko zenbait kultur ekitaldiri laguntzeko, besteak beste, World Press Photo, Korterraza eta Arabako Argazkilarien Elkarteak 2021ean antolatutako jarduerak.

Batetik, Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu du Periscopio argazkigintzako kultur elkartearekin, World Press Photo erakusketa antolatzeko; Montehermoso kulturunean ikusi ahalko da, udazkenean. 2020an, 125 herrialdetako 4.282 prentsa-argazkilari profesionalek 73.996 argazki aurkeztu zituzten guztira lehiaketara. Horietatik 157 hautatu dira Gasteizera etorriko den erakusketarako. Udalak 40.000 eurorekin lagunduko du.

Bestetik, Kultura Kalean elkartearekiko hitzarmena onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, 17.000 euroz hornitua, Korterrazaren hamabigarren ediziorako. Uztailaren 7tik 11ra bitartean egin da ekitaldi hori, Iradier Arenan, eta urteko film labur nabarmengarrienek eta zenbait kontzertuk osatu dute programa.

Azkenik, Arabako Argazkilarien Elkarteak 8.000 euro jasoko ditu 2021eko kultur programaziorako, zeinak lantegiak, hitzaldiak, argazkiak egiteko irteerak, erakusketak, etab. barne hartzen baititu.

“Hitzarmen hauen bidez, gure hiriko agendan sendotuta dauden kultur jarduerak egiten jarraitu ahal izatea bermatzen dugu, pandemia gorabehera. Tokiko eragileek beren proposamenak osasun egoerara egokitzeko egiten duten ahalegina eskertu nahi dut, lan handia baita“, nabarmendu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

 

Share