Prentsa Oharren banner

Gasteizko 2021eko Soziometroak erakutsi duenez, hiritarrek udalerriarekin asebetetze maila handia dute eta COVID-19aren pandemiaren ostean baikortasuna berreskuratu dela erakusten du

Hiriarekiko balorazioak 8,23ko nota jaso du; iaz 8,0koa izan zuen

 

Ekainean zehar egindako inkestetan 1.150 lagunek baino gehiagok hartu dute parte

 

Gasteizko Udalak gaur argitaratu du Gasteizko Soziometroaren hirugarren edizioa, hiritarrek udalerriaren beraren kudeaketaz, udal-kudeaketaz eta bertako zerbitzuez duten asebetetze mailari buruzko analisi zehatza da. Azterketa prestatu ahal izateko ekainean zehar egindako inkestetan, 1.150 lagunek baino gehiagok hartu dute parte Azterlanak aurreko urteetakoen antzeko egitura du eta gasteiztarrek udalerriaz eta Udalaz duten iritzia neurtzeko eta haren jarraipena egiteko aukera ematen du.

 

Azterlanetik atera daitekeen lehen ondorioa da Gasteizen bizi direnek nota bikaina ematen diotela hiriarekin, bizitzeko toki gisa, duten asebetetze mailari. Hain zuzen ere, 8,23ko balorazioa eman diote; 2020an erregistratutakoa, ordea, 8,02koa izan zen. Hiriak dituen alderdi positiboei dagokienez, inkesta egindakoek eremu berde eta pasealekuak eta zerbitzu publikoak nabarmendu dituzte, baita, oro har, bizi-kalitate ona ere.

 

Dokumentuak ekonomiari eskainitako blokea du, eta horren arabera, hiritarrek ekonomia pertsonalaren inguruan duten pertzepzioa nahiko positiboa da, 10etik 6,62 lortuta. Azterlanaren testuinguruan aztertu den beste gaietako bat izan da Gasteizerako lehentasunena. Eta, kasu horretan, inkestaren ondorioa izan da enpleguak eta ekonomiak izan behar dutela datozen urteetako jarduera-ildo nagusiak. Jarraian etorriko lirateke hirugarren adinekoen zaintza eta arreta, garraio publikoa eta hiri-mugikortasuna hobetzea eta auzoen arteko oreka, batez ere.

 

Gasteiztarrei hirirako proiektu berrien inguruan egiten duten balorazioa eta ezagutza maila zein den ere galdetu zaie. Arlo horretan, lortutako atxikimenduari dagokionez, honako hauek nabarmendu dira: Herrandarren kalearen etorkizuneko birgaitze integrala (7,27), kaltetutako eremuak berroneratzeko Ekoauzoak proiektua (7,25) eta tranbia Salburara eta Zabalganara zabaltzea (6,77). Balorazio baxuena jaso dutenen artean dago, aldiz, Iradier Arena berritzea (4,25).

 

Bestalde, Bus Elektriko Inteligenteari eskainitako atal bat ere badago. Garraio publikoaren etorkizuneko sistema horrek jendearen artean erabateko ezagutza maila du (%95,7), baina horren inguruko balorazioa zatituta dago, alde batetik proiektua onartzen dutenak (%44,4), eta bestetik, onartzen ez dutenak (48,1) eta %7,5ak ez du erantzunik eman nahi. Egoera horren ondorioz, desbideratze tipiko oso handia erregistratu da (3 puntu baino gehiagokoa), eta beraz, normalean baino polarizazio handiagoa erakusten du horrek. Balorazio negatiboaren motiboak, funtsean, BEA ezartzeko egin beharreko obrei eta zirkulazioan izango dituen ondorioei lotutakoak dira.

 

Mugikortasun arloan ere galdetu zaie gasteiztarrei zein den beren iritzia bizikletak espaloietatik ateratzeko Gobernuak aurkeztutako mugikortasuneko ordenantzaren proposamenaren inguruan. % 76 planteamenduarekin ados daude eta hiritarrek aldaketa hori errazteko txirrindularien azpiegitura-sarea hobetzen jarraitzea ere planteatu dute.

 

Udalaren kudeaketa

Soziometroak neurtu duen beste alderdi bat da Udalaren kudeaketarekin lotutakoa. Bloke honetan, Gasteizko Udalak 5,6/10eko puntuazioa lortu du. Ondorioz, iazko datuekin alderatuta, zertxobait hobetu dela esan dezakegu. Eta udal-kudeaketaren balorazio zehatza egiteko garaian, edonola ere, aztertutako esparru guztietan oso batezbesteko positiboa ikusi dugu: 6 eta 6,5 artekoa (10etik). Hala, nabarmendu beharrekoak dira honako hauek lortutako iritzi onak: kiroletako eta kultura arloko instalazioak (7,37), garraio publikoa (6,5), hiritarren segurtasuna (6,4) lorategi eta parkeen mantentzea (6,3) eta zabor-bilketa eta garbitasuna (6,3ko nota). Balorazio baxuena zirkulazioaren erregulazioak (5,1), tokiko jarduera ekonomikoari emandako laguntzak (5,5) eta lurraldearen antolamenduak eta lurzoruaren erabilerarekin lotutako hiriko diseinuak (5,8) jaso dute.

 

Era berean, beste bloke batek hiritarren parte-hartzearekin lotuta hiritarrek duten ikuspegia aztertu du. Inkestari erantzundakoen % 64,5ek diote parte-hartzearen inguruko berri badutela edo zerbait entzun dutela, eta ezinbestekotzat jo dute. Baina, pertsona horietatik, erdiak aitortu du horietako parte-hartzaile aktibo izateko prest egongo litzatekeela.

 

Egoera politikoa

Barometroak egoera politikoari buruzko bi atal ere baditu. Alde batetik, balorazio orokorra egin da eta bertan ikusi da hiriko alkateak, Gorka Urtaranek, ia ezagutza-kuota unibertsalak dituela; izan ere, gasteiztarren ia %  96ra iritsi da. Gasteizko alkateak 5,38ko balorazioa lortu du. Hain zuzen ere, Udaleko arduradun politiko guztien artean nota altuena lortu duena izan da. Bestalde, gehiengo handi batek (% 64 inguruk) ontzat eman du Gorka Urtaranek Gasteizko Udala zuzentzen egindako kudeaketa-lana. Era berean, udal-gobernuaren kudeaketak 5,7ko balorazioa lortu du 10etik, eta oposizioak, aldiz, huts egin du (4,81).

 

Galdetegiak, gainera, hauteskundeetarako azterlana ere jasotzen zuen. Ikerlan honetan haztatutako boto-asmoak agerian utzi du EAJk egungo egoerarekin alderatuta zinegotzi bat irabazi eta zortzi zinegotzi eskuratuko lituzkeela. Aldiz, EH Bildu Udalbatzan 6 ordezkari izatetik 7 izatera igaroko litzateke. PSE-EEk 6 zinegotziak mantenduko lituzke. PP 5 izatetik 4 izatera igaroko litzateke, eta Elkarrekin Podemos 3tik 2ra.

 

Pandemia

Soziometroak aztertutako azken blokea COVID-19aren pandemiarekikn lotuta dago. Inkestari erantzundakoen gehiengoak (% 76,6) uste du susperraldia mantsoa eta pixkanakakoa izango dela. Horrekin lotuta, deigarria da datu hau: pandemiak nolabait eragin dion zuzeneko galderaren aurrean, inkestari erantzundakoen % 42,4k inpakturik ez duela izan erantzun du. Dena den, % 55ek uste du eragin negatiboa izan duela eta bereziki konfinamenduarekin, sozializazio-gabeziarekin, tristurarekin, enplegua galtzearekin eta osasuna okertzearekin lotutako egoera psikologikoei dagokienez (besteak beste).

 

Txostena esteka honetan dago irakurgai: https://v-g.eus/377eLdn

Share