Prentsa Oharren banner

Herri-kirolak izango dira Landatxoko kiroldegian abuztuaren 6an, 7an eta 8an

Herri-kirolak programatu ditu Gasteizko Udalak abuztuko hiru egunetarako; hain zuzen ere, hilaren 6, 7 eta 8rako. Ezingo da erabili halakoetan ohikoa den lekua, Foru plaza, egoera sanitarioaren ondoriozko murrizketak direla eta, baina alternatiba bat aurkitu da, Landatxoko kiroldegia. Kirol-ekitaldiak ikusleekin egiteko aukera bermatzen du ekipamendu horrek, 119 lagunentzako edukierarekin abuztuaren 6an eta 8an, eta 107 lagunentzakoarekin, hilaren 7an —ikusle batzuk harmailetan, besteak aulkietan—.

Udalak bultzatu eta Arabako federazioak diseinatutako programazioak hainbat modalitate bilduko ditu, ezagunenak eta hain ezagun ez direnak. Programak Laboral Kutxaren laguntza dauka, gainera. Herri-kiroletan aritzen diren emakumeei ikusgarritasuna eman nahi izan zaie, eta, horrenbestez, programazio orekatua bilatu da, emakumezko nahiz gizonezko modalitateekin, baita modalitate mistoekin ere.

Hiru egun izango dira, eta herri-kiroletako erreferente lokalak ikusteko aukera izango da. Nabarmentzekoak, Garbiñe López de Uralde eta Ruth Linaza, ‘lasto jasotze’ modalitateko Arabako txapelduna eta txapeldunordea. Orobat parte hartuko du ‘lasto jasotze’ modalitateko Arabako txapeldun eta Euskadiko txapeldunorde Andoni Elizondok. ‘Trontza’ modalitate mistoan, Garbiñe López de Uralde eta Jon Lapazaran arituko dira, hainbat urtez txapeldun izanak. Jon Lapazaran, gainera, ‘ingude’ eta ‘sega’ modalitateetako Euskadiko txapelduna izana da. Nabarmentzekoa, era berean, Kerman Perez de Heredia, hainbat urtez Arabako eta Euskadiko ‘txinga’ modalitateko txapeldun izana.

Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek aurkeztu du egitaraua, Arabako Herri-kirolen Federazioko lehendakari eta lehendakariorde Jesus Atxa eta Jon Lapazaranekin batera. “Urte gogorra izan da kirolarentzat. Bereziki gogorra euskal kirolei dagokienez. Izan ere, espazio irekietan egin ohi dira, gure kale eta plazetan, eta horietan oraindik ere ez da ikuslego handirik biltzea. Hala ere, uda honetan, herri-kirolak izango ditugu hiru egunez, beren protagonista handiekin eta Landatxoko kiroldegira jotzen duten ikusleen harrera beroarekin”, adierazi du Livia Lópezek.

Hau izango da egitaraua:

2021eko abuztuaren 6an:

  • Zaku eramatea: Zakua sorbalda gainean hartuta, ibilbide jakin bat egin behar da ahalik eta azkarren. 4 gizonek parte hartuko dute.
  • Harri jasotzea: Lurretik bizkarrera altxatu behar da harria, eta bertan berdindu. 2 gizonek parte hartuko dute.
  • Orga Jokoaren Arabako Txapelketa: Gurdi bat altxatu behar da atzealdetik, eta behin altxatuta, endaitza ardatz gisa hartuta eta punta lurreko leku finko batean finkatuta, haren inguruan birarazi, gurpilek lurra ukitu gabe, eta ahalik eta distantziarik handiena egin. 4 gizonek parte hartuko dute.
  • Txinga eramatea: Ahalik eta distantziarik handiena egin behar da, bi txingarekin, denbora mugarik gabe. 2 gizonek eta 2 emakumek hartuko dute parte.

2021eko abuztuaren 7a: 

  • Arabako trontza txapelketa: Helburua neurri jakineko enborrak ahalik eta azkarren moztea da, horretarako trontza erabilita 4 gizonek eta 4 emakumek parte hartuko dute.
  • Lokotx bilketa: Ilaran jarritako lokotxak (1.25 metroko tartea lokotxen artean) saski batean ahalik eta azkarren batu behar dira. 2 gizonek eta 2 emakumek parte hartuko dute.
  • Arabako lasto-jasotze txapelketa, emakumeak: Ahalik eta gehienetan jaso behar da lasto-zama altuera jakin bateraino. 4 emakumek parte hartuko dute.
  • Zaku eramatea: Zakua sorbalda gainean hartuta, ibilbide jakin bat egin behar da ahalik eta azkarren. 4 emakumek hartuko dute parte.

2021eko abuztuaren 8a:

  • Arabako lasto-jasotze txapelketa, gizonezkoak: Lasto-zama altuera jakin bateraino ahalik eta gehienetan jaso behar da. 4 gizonek parte hartuko dute.
  • Arabako ingude txapelketa, emakumeak: Ahalik eta gehienetan igo behar da burdinazko ingudea oinarri jakin batetik altuera jakin batera. 4 emakumek parte hartuko dute.
  • Aizkolaritza: Aizkoraz halako neurriko enborrak albait azkarren moztea da jokoa. 3 gizonek parte hartuko dute.
  • Harri jasotzea: Lurretik bizkarrera altxatu behar da harria, eta bertan berdindu. Gizon batek parte hartuko du.

12:00etatik 13:00etara bitartean egingo dira saioak. Sarrera librea izango da, erreserbatu beharrik gabe eta lekuak bete arte. Ateak 11:45ean irekiko dira ikusleentzat.

 

Share