Prentsa Oharren banner

Amaitu dira Lakuako zelaia eraberritzeko lanak, futbolean eta errugbian aritu ahal izan dadin

 

 

 

 

 

 

 

 

 

11ko futboleko, 7ko futboleko eta errugbiko entrenamenduak eta partida ofizialak egin ahalko dira

Hainbat hilabete iraun duten lanen ondoren, Lakua 03ko kirol instalazioetan belar artifizialeko zelaietako bat berreskuratu da, klubek eta herritarrek oro har erabil dezaten; izan ere, urteak zeramatzan itxita, egoera txarrean zegoelako.

Kiroleko zinegotzi Estíbaliz Canto eta Udal Administrazioko zinegotzi Carlos Zapatero izan dira gaur zelaia ikusten, zeina udal zelaien artean harearen ordez belar artifiziala zuten lehenetakoa izan baitzen, duela 19 urte. Obrari esker, eskaera handia duen kirolgune bat berritu eta modernizatu da, eta aurrerantzean 11ko eta 7ko futbolean eta errugbian aritu ahalko da bertan.

650.000 euro baino zertxobait gehiago inbertitu da lan hauek egiteko: belar artifiziala jartzea, saneamendu berriak, ureztapen-sistema eta kirol-ekipamendua (ateak, eserlekuak, eta abar).

Kirol denboraldia bukatzearekin bat burutu dira lanak, beraz, instalazioa berriro irekitzen denean orain arte ondoko zelaian entrenatzen eta jokatzen zuten futbol-taldeak izango dira lehen erabiltzaileak, han espazioa partekatu behar izan baitute. Zelai berriak instalazio hori arintzeko balioko du, eta errugbi taldeei ere aukera emango zaie azalera berri batean jokatzeko.

Kirol instalazioak luzaroegi egon dira geldi —adierazi du Cantok— eta horren ondorioz mantentzeko lana handiagoa izan da garaiz eta behar bezala egin izan balitz baino”. Kirol arduradunaren esanetan, gai horrek “hasieratik kezkatu gaitu bi sailetan, eta horretan jardun dugula erakusten du lan honek; gure instalazioak berritzea gure lehentasunetako bat da, are gehiago kirolaren hiria izan nahi dugunean. Hori dela eta, —amaitu du— gainerako instalazioetan ere urratsak egiten jarraitzeko asmoa dugu”.

Lakua 03ko futbol zelaiak 105×65 metro ditu. Sorreran hondarrezkoa zen eta 1999an pasa zen belar artifizialekoa izatera. 2016an hondatzen hasi zen, eta kirola egiteko egoki izateari utzi zion. Iaz egindako azterlan teknikoek jolas-eremua erabat berritu beharra ikusi zuten, eta orain amaitu dira lan horiek.

Kirol instalazioak hobetzea lehentasunetako bat da udal gobernuarentzat. Aurretik, Ariznabarreko futbol-zelaiko aldagelak eraberritu zituen, eta datozen hilabeteetan Aranbizkarreko futbol-zelaiko aldagelak eraikitzeko asmoa du.

 

Share