Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  22 maiatza 2018 10:04

Dagoeneko ireki da eskabideak aurkezteko epe ofiziala kontratazioan egonkortasuna sustatzeko laguntzak emateko deialdiaren barruan. Interesa duten enpresek irailaren 28ra arteko epea dute aldi baterako kontratuak kontratu mugagabe bihurtzeko diru-laguntzen ildoetako batez baliatzeko; orotara 400.000 euroko aurrekontua dago horretarako.

Berrogeita bost urtetik gorakoen aldi baterako kontratuak mugagabe bihurtzen dituzten enpresak baliatu ahalko dira laguntzez, kontratuak lanaldi osorako edo gutxienez lanaldiaren ehuneko berrogeita hamarrerako badira. Enpresa edo autonomo bakoitzeko gehienez bi kontratu aldatzeko laguntzak emango dira urtean, gizarteratze enpresen kasuan izan ezik, hiru kontratutarako eman ahal izango baita halakoetan.

Laguntzen eskabideak balioesteko adina eta generoa kontuan hartzen dituen baremoa erabiliko da. 55etik gorako pertsonei egindako kontratuengatik 30 puntu emango da. 50 eta 54 urte bitartekoei egindakoengatik, 20 puntu. 45 eta 49 urte bitarteko pertsonak kontratatzen badira, 15 puntu. Eta kontratuak emakumeei egindakoak badira, beste 20 puntu emango dira.

“Kontratazioan egonkortasuna sustatzeko laguntzak abian jarri genituenetik aldi baterako ehun kontratu baino gehiago bihurtu dira kontratu mugagabe. Laguntza horiek aldi baterako kontratua amaitzean lanik gabe geratzeko arrisku handiena dutenentzat dira, gainera, 45 urtetik gorakoentzat. Hartara, enplegu egonkor eta kalitatekoaren alde egiten dugu“, esan du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Informazio gehiago: Kontratazioan egonkortasuna sustatzeko laguntzak.

Share