Prentsa Oharren banner

Doako wifi-zerbitzu publikoa eskaintzen dute Atariak eta Principal antzokiak

 

Doako wifi-zerbitzua dute dagoeneko Atariak eta Principal antzokiak, erabiltzaileek internetera sarbidea izan dezaten. Teknologia hori ezartzeko lanak bukatu berri ditu Udal Administrazioaren Sailak.

Konektatzeko aukera eskaintzen duten beste hainbat udal espazio eta aretori gehitzen zaizkie horrela bi eraikin horiek. Zerrendako azkenak, joan den urtean, autobus-geltokia, Espainia plaza eta adinekoentzako 15 zentro soziokulturalak izan ziren.

Horietan bezala, Atarian eta Principal antzokian ere aurrerantzean erabiltzaileek aukera izango dute WIFI-VG-free sarearen bitartez internetera doan sartzeko, beren gailu mugikorretatik. Atari baten bitartez sartu ahalko da, erabiltzaile-kodea eta pasahitza idatziz —mugikor-zenbaki bat edo posta elektroniko bat eman beharko da horretarako—.

Beheko solairuan eta lehenengoan eskainiko du zerbitzu Principal antzokiak, eta Salburuko hezeguneak interpretatzeko Ataria zentroan, berriz, beheko solairuko erakusketa-aretoan, auditoriumean, kafetegian eta eraikinaren kanpoaldeko estalpean, aintziraren ondoan.

Kasu batean nahiz bestean, doako sarbide-guneak dituzten gainerako udal eraikinetan bezala, 256 Kbp-ko banda-zabaleraren muga du sareak, Balore Merkatuaren eta Konpetentziaren Batzordeak —Espainian telekomunikazioen sektorea arautzen duen agintea— ezarritako betebeharrak betetzeko.

“Doako wifia ezarroz erraztu egin nahi dugu Interneterako sarbidea bisitari asko hartzen dituzten lekuetan, bai gasteiztarrentzat, bai bisitarientzat, nahi duten informazio guztia eskuratzerik izan dezaten. Gainera, teknologia herritarren eguneroko bizitzan txertatzen lagundu nahi dugu, harta iristeko aukera demokratizatuz. Eta hori guztia, jakina, lege- eta segurtasun betebehar guztiak betetzen ditugularik”, adierazi du Udal Administrazioaren Saileko zinegotzi Carlos Zapaterok.

Share