Prentsa Oharren banner

Gasteizko Udalak “Eraztun Berdea, 25 urte” sariak banatu dizkie hainbat pertsona eta elkarteri, proiektuarekiko konpromisoagatik

 

Gasteizko Udalak, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren bitartez, ‘Eraztun Berdea, 25 urte’ sariak banatu ditu gaur goizean, ‘2025 ikuspegia – Hiria naturarekin lotzen’ jardunaldiak irekitzeko ekitaldiaren barruan. Europa jauregian egindako ekitaldian hauen lana eta inplikazioa aitortu da: Paquita Sambartolomé auzo liderra, John Celecia biodibertsitate espezialista, Club Goiena eta Peña Karria kirol taldeak, SEA Arabako Enpresaburuak elkartea, eta Paco Góngora kazetaria. Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak eta Ingurumeneko sailburu Iñaki Arriolak banatu dizkiete diplomak gizarte gasteiztarreko sektore ezberdinen bost ordezkari horiei. 

Paquita Sambartoloméri zendu ostean emandako aitorpena haren alabak jaso du. IGIko zuzendari Luis Andrés Oriveren hitzetan, “Urarteko baratzeak-Eraztun Berdea proiektuan auzokoen inplikazioa bultzatzeagatik” eman zaio saria. John Celeciari, berriz, “UNESCOren barruan Eraztun Berdeak eta Gasteizek nazioarteko aitorpena lortzeko emandako laguntza eta bultzada” eskertu dizkiote, “han jardun baitu bere ibilbide profesionalean”. SEA Arabako Enpresaburuak elkartearen saria Andoni Lorenzok jaso du, ingurumen alorreko ordezkari gisa, “enpresek Salburuan uholdeen prebentziorako proiektuan izandako inplikazioagatik eta emandako bultzadagatik“. Club Goiena eta Peña Karria kirol elkarteei “ingurumena errespetatzen duten kirol ekitaldi herrikoiak antolatuz Eraztun Berdea erabiltzea eta gozatzea bereziki sustatzeagatik” eman zaie aitorpena. Paco Góngora kazetariari, azkenik, eskerrak eman nahi izan zaizkio El Correo egunkariaren orrietatik “Eraztun Berdearen balioak zabaltzen eta aldezten izandako inplikazioarengatik eta egindako lan handiarengatik”.

Sariak banatzeko ez ezik, Hiri Paisaiari buruzko 6. Foroaren barruko Paisaia Jardunaldiak inauguratzeko balio izan du ekitaldiak; Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak antolatuko jardunaldiak Eraztun Berdearen 25. urteurrena arlo teknikoan ospatzeko ekintza nagusietako bat dira. Gaurtik ekainaren 1era arte (ostirala) egingo dira, Europa jauregian. Esteka honetan kontsultatu daiteke programa

Munduko aditu nagusiak izango dira jardunaldietan. Hasiera ekitaldian, Iñaki Prusillak nabarmendu du: “aditu kopuru handia elkartu dugu, haien ikuspegien eta beste leku batzuetan garatutako adibideen bidez gure lurraldearen etorkizunaz hausnartzera gonbidatuko gaituztenak, Eraztun Berdetik eta Eraztunaz haratago. Hiru  egun hauetan, askotariko parte-hartzaileek —hiriak, unibertsitateak, ordezkari politikoak, teknikariak eta profesionalak— hainbat alorretako esperientziak eta lanak aurkeztuko dizkigute: eraztun berdeak, sistema berde integratuak, nekazaritza espazio funtzionalak, karbonoan neutro diren hiri eta eskualdeak, eta etorkizuneko bioeskualdeak”.

 

10.30ean, zehazki, European Topic Center on Biological Diversity zentroko zuzendari Dominique Richard andreak emango dio hasiera eztabaidari, eta ondoren Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko zuzendari Luis Andres Orive eta University College London ikastetxeko Rebeca Dios arituko dira —azken hori eraztun berdeetan espezializatutako ikertzailea da—. Arratsaldez nazioarteko erreferente nagusietako bi aditu izango dira: Virginiako Unibertsitateko Thimothy Beatley eta Singapurreko National Parks Board-eko Lena Chan; hain zuzen ere, natura ondoen integratzen jakin duten hirietako bat da hori. Ondorengo bi egunetan hausnarketa eta eztabaidekin jarraituko da, goi mailako hizlariekin, besteak beste: Fundicot-eko lehendakari Antonio Serrano, Nueva Yorkeko Syracuse Unibertsitateko irakasle Emanuel Carter, Bergamoko unibertsitateko kide eta Dei Colli parkeko administrari Renato Ferlinghetti, Energi Cities-eko kide Claire Roumet eta Fernando Prats hiri-arkitektoa.

 

 

Share