Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  13 ekaina 2018 11:21

 

 

 

 

 

 

 

  • Esparru berrian jarriko da ekitaldi horretako gastronomia eta kultur eskaintza, eta Integrazioaren plaza deiturikoa

Askotariko musika ikuskizunak, nazioarteko gastronomia eta Errusiako Munduko Txapelketako partiden emanaldiak (pantaila erraldoian) nabarmentzen dira Herrialdeen Jaialdiaren hamabigarren edizioan, zeina Konstituzio plaza berrituan egingo baita, ekainaren 14tik uztailaren 8ra arte.

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak eta Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok aurkeztu dute ekitaldia, Sergio Frenkel zuzendariarekin eta Serafín Zubiri kantariarekin batera; azken horrek hilaren 22an (ostirala) abestuko du eta “X una causa justa” diskoa ezagutaraziko. Musikari nafarra da izen nabarmenetako bat musika eskaintzan; besteak beste, La Edad de Oro del Pop Español (ekainak 29) eta Raúl Fuentes gasteiztarra (uztailak 6) arituko dira Gasteizen.

Mulixka, Indarra eta Eguzki Lore taldeek ere ordezkatuko dute bertako talentua. Horretaz gain, bestelako dantzen erakustaldiak antolatu dira: arabiarra eta Bollywoodekoa, Giselarekin, Andaluziako koloreak, Al compás del alma taldearekin, eta swinga, Dame Swing & Lindy Hopen eskutik.

Herrialdeen Jaialdiaren aurtengo berrikuntzetako bat espazioen berrantolaketa da, Konstituzio plaza berritura egokitzeko. Herritarren partaidetzaren bidez hautatu zen plaza eraberritzeko proiektua, eta 350.000 euro inbertitu dira horretan. Plazak itxura moderno, funtzional eta irisgarriagoa du orain, eta horrek agertokia eta ostalaritza eskaintza beste modu batez antolatzea ahalbidetu du. Esparru koloretsua diseinatu da, eta erdiko guneari Integrazioaren plaza izena eman zaio. Handik aterako dira Elkartasunaren, Itxaropenaren eta Elkartzearen kaleak eta Emozioen plaza, agertoki nagusiaren ondoan.

“Ziur gaude plazaren banaketa berriak Herrialdeen Jaialdia sustatuko duela, ingurua dinamizatzeko, kultur trukerako eta bizikidetza ospatzeko balioko baitu”, adierazi du Nerea Melgosak.

Igandeetan, 12.30ean eta 17.30ean, umeentzako jarduerak izango dira, Prakidsek antolaturik. Bestetik, ekainaren 16an eta 30ean (larunbatak) familientzako topaketa gastronomikoak programatu dira, Gora Project tabernako Pablo Pauostalariaren eta Gorka Barredo gastronomo eta youtuber gasteiztar ezagunaren laguntzarekin.

Musikaren Egunak, ekainaren 21ean, osagai solidarioa izango du, Mugarik gabeko Musikariak GKEaren eskutik. Elkarteak Siriako musika-eskolen aldeko kanpaina egiten jarraituko du, kontzertua emanez; Ausartak, Lautada eta Erkametza abesbatzek hartuko dute parte horretan.

Munduko Futbol Txapelketarekin bat egiten duenez denboran, Herrialdeen Jaialdiak bereizmen handiko azken teknologia duen led pantaila instalatu du, partida interesgarrienak emateko. Azkenik, Konstituzio plazan egindako eraberritzea espazio “berdea” jartzeko baliatuko da, Gitma eta Gometxa euskal enpresen laguntzarekin. Iraunkortasuna kontuan hartuko da ekitaldian, kontsumo txikiko argiztapena jarriko baita, eta birziklatzeko hainbat ekintza sustatuko.

Share