Prentsa Oharren banner

Kalean lo egiten duten pertsonei neguan ostatu emateko bitartekoak azaroaren 12an irekiko ditu ateak

Azaroaren 12an irekiko ditu ateak neguan ostatu emateko bitartekoak. Kalean lo egin ohi duten pertsonei zuzenduta dago Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailaren baliabide hori, eta ostatua eskaintzen die eguraldi txarra egiten duen urte saioak iraun bitartean.

 

Gaueko 10etatik goizeko 8ak bitartean eskainiko du babeslekua neguan ostatu emateko bitartekoak, eta 20 lagunentzako lekua eskainiko du hasiera batean. Arloko zinegotzi Peio López de Munainek azaldu duenez, kopuru hori handitzerik izango da beharrik izanez gero. Hirian aldi baterako dauden eta bizitegi-bazterketa egoera larrian dauden pertsonen beharrei erantzuten zaie hartara, nagusiki. Gaua igarotzeko ostatua emateaz gain, gosaria ere ematen zaie, eta osagarri izan daitezkeen hiriko beste baliabide batzuei buruzko informazioa, aukera izan dezaten beren higiene pertsonala zaintzeko, arropak garbitzeko, egunez egoteko eta bestetarako.

Printzipioz, hurrengo bost hilabeteetan egongo da aktibo ostatu emateko bitartekoa, apirilera arte. Ohikoa denez, Harrera Sozialerako Udal Zentroan egongo da. Gainera, Gizarte Politiken Sailak bitarteko hori zuzenean eskainiko duen bigarren urtea izango da. Erabiltzaile eta aldi bakoitzeko kostuak 97 eurotik 37ra murrizteko aukera eman zuen horrek —% 61eko murrizketa—.

Berrikuntza gisa, lanaldi osora luzatuko dira aurten Harrera Sozialerako Udal Zentroa indartzen duten eta ostatu emateko bitartekoan lan egiten duten bi gizarte-integratzaileen kontratuak, eta orobat izango da zaintzaile bat gehiago.

Balantzea

150 egunez egon zen zabalik iaz ostatu emateko bitartekoa. Denbora horretan, 2068 erabilaldi izan ziren —198 lagun—; batez beste, 13,19 pertsona gaueko, hau da, % 68,95eko okupazioa, guztira zeuden 20 lekuen gainean. Pertsonen % 47k gau bakar bat igaro zuen bertan.

Erabiltzaileen % 12,62 emakumeak izan ziren (25); hortaz, bikoiztu egin zen emakumeen ehunekoa, aurreko urtekoaren aldean (% 6,4). Ostatu emateko bitartekora jo zuten pertsonen batez besteko adina 38,35 urtekoa izan zen.

Jatorriari dagokionez, nagusi izan ziren, batetik, espainiar nazionalitateko pertsonak (66) —% 34— eta bestetik, berriz, Magrebeko herrialdeetatik etorriak (62) —% 32—.

Share