Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  12 azaroa 2018 17:50

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munainek bere sailaren aurrekontu-proiektua aurkeztu du gaur, zein 41,4 milioi eurokoa izango baita 2019an, hau da, aurtengo ekitaldian baino % 6,5 gehiago.

“Kontu hauekin egiten dugun ahalegin ekonomikoak gure politikei beti eman izan diegun izaera sozialari erantzuten dio. Horregatik, Gasteizko hogeita hamarretik gora kolektibo soziosanitarioren programa eta zerbitzuak bultzatzen dituen aurrekuntu bati buruz ari gara; premia-egoeran dauden familia eta pertsonei laguntzen die; adinekoei arreta eskaintzen die, merezi duten bizi-kalitatea izan dezaten; haurrak babesten ditu, eta osasun publikoa sustatzen du”, azaldu du López de Munainek, Ogasun Batzordeko agerraldian.

Agintaldi honetan, 12,3 milioi euroan handitu du aurrekontu Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak, eta hirugarren udal saila bihurtu da diru-zuzkidurari dagokionez, Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailaren eta Ogasun Sailaren ondotik.

Aurrekontu-proiektua

Komunitate Jardueraren Zerbitzuan 22,9 milioi euroko gastua aurreikusten da, Adinekoen Zerbitzuan 7,9koa, Gizarte Inklusioaren Zerbitzuan 4,7koa, Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuan 3,2koa, Osasun Publikoaren Zerbitzuan 1,3koa eta Administrazio Zerbitzuan 1,2koa.

Etxean laguntzeko zerbitzuaren partidaren igoera nabarmentzen da Komunitate Jardueraren Zerbitzuan, 11,1 milioi euro —1,8 milioi gehiago— bideratuko baitira horretara, baita gizarte-larrialdiko laguntzetarako eta laguntza sozialetarako erreserbatutako 9 milioiak ere.

Adinekoentzako zentro soziokulturalen kudeaketak hartzen du Adinekoen Zerbitzuaren partidarik handiena —2,9 milioi euro—. Orobat nabarmentzen dira Adineko pertsonak zaintzen dituzten familiei laguntzeko programa —100.000 euro—, elikagaietarako 1,6 milioiak eta beste hainbat partida txiki, hala nola adinekoei buruzko estereotipoak hausteko 5.444 euroko partida, edo  Adinekoekin Lagunkoi diren Hirien Sarearen II. Ekintza Planean laguntzeko 12.000 euroko partida.

Gizarte Inklusioaren Zerbitzuan, % 2,5eko igoera izango dute udal zerbitzuak eskaintzen dituzten kolektibo eta elkarteekiko hitzarmenek, sektoreko hitzarmen kolektibora egokitzeko. Hala izango da kasu hauetan: Hiesaren aurkako Batzordearen Etxe Irekia —340.000 euro—, zainpeko etxebizitzak —297.000 euro—, Estrada Zentroa —464.854 euro—, Aterpea —470.000 euro—, zainpeko etxebizitzak kudeatzen dituen afroamerikar elkartea —522.150 euro— eta Clara Campoamor elkarteak indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei harrera emateko dituen etxebizitzak —300.000 euro—.

Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuan, adingabeak atenditzen dituzten zentro sozioedukatiboek 1,2 milioi euro izango dituzte, Seme-alaben Gurasoekiko Indarkeria-egoeretan Garaiz Esku Hartzeko Programak 83.993 euro, gurasotasun positiboa, emozioak eta erresilientzia lantzen dituzten programek, berriz, 112.000 euro, 200.000 euro eta 252.349 euro, hurrenez hurren.

Osasun Publikoaren Zerbitzuak eutsi egingo die Gasteizko hogeita hamar bat elkarte soziosanitariorekin dituen hitzarmenei, guztira ia milioi erdi euro jasoko baitituzte, arreta-programak garatzeko. Orobat eutsiko die Gadenekiko hitzarmenari —18.500 euro—, kaleko katu koloniak kudeatzeko, eta Apasos elkartearekin duenari —15.000 euro—, Animaliak Babesteko Zentroan egiten duen lanerako.

Azkenik, nabarmentzekoa da 213.000 euro bideratuko dituela Osasun Publikoaren Zerbitzuak droga-mendekotasunen prebentziora.

Share