Prentsa Oharren banner

Udalaren eta Barneko Ministerioaren arteko hitzarmenaren sinadurak abian jarri du Oroimenezko Zentroaren ingurunea berritzea

GORKA URTARANEN AUDIOA 1

GORKA URTARANEN AUDIOA 2

 

Alkatea eta ministroa pozik agertu dira, hiriaren erdialdeko alderdi hori duintzeko balioko duten lanak abiatu ahalko direlako

Urtaranek iragarri duenez, zentroaren aurrealdea oinezkoentzako bihurtu ondoren sortzen den plaza berria Oroimenaren plaza deituko da

“Terrorismoaren biktimei eskainitako leku horri esanahi berezia eman nahi diogu, Gasteiz biktima guztiekin dagoelako”, azpimarratu du alkateak

 

Gaur arratsaldean alkate Gorka Urtaranek eta Barneko ministro Fernando Grande-Marlaskak udaletxeko harrera-aretoan sinatu duten hitzarmenak abian jarriko du Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren ingurunea berritzeko prozesua. Aurten, Ministerioak 1,7 milioi euro jarriko ditu Estatuko aurrekontu orokorretatik alderdi hori berritzeko lehen faserako, zeinaren aurrekontua 3 milioira iritsiko baita. Gainerakoa Udalak ordainduko du.

Espainiako Bankua izan zenaren ingurua eraberritzeko hirigintza-jarduketak, hobekuntza estetiko  nabarmenaz gain, eraikinaren sarbideen hobekuntza ekarriko du. Alde Zaharrera sarrera ere hobetuko da, igogailu bat eta eskailera mekanikoak jarriko baitira. Izan ere, Udalak idatzitako proiektuak aurreikusten duenez, trafiko-fluxuak aldtuko dira —eraikinaren sarrera nagusiaren aurretik doan trafikoa kendu eta Gobernuaren Ordezkariordetzaren eta Gernikako Estatutu kaleko Oroitzapenezko Zentroaren atzealdearen artean ibilgailuentzako bide berri bat sortuz—, Arkupeen ondoko espazioa oinezkoentzako bihurtuko da —Justo Antonio Olagibel arkitektoaren multzo monumentala nabarmenduko du horrek—, ostalaritzara begira terrazekin, eta plaza berri bat ere sortuko da, Postetxearen atzealdean. Oroimenaren plaza deituko da. Horri guztiari esker, espazio berezi bat sortuko da Oroimenezko Zentroaren inguruan; gerora, eskultura edo elementu sinbolikoren bat jartzea aurreikusi da.

Alkateak eta Barneko ministroak ordezkatzen dituzten erakundeen arteko jarduera-protokolo orokorra sinatu dute gaur, eraberritzeko lanak abian jarri ahal izateko. Gorka Urtaranek esker ona adierazi du Estatuko gobernuaren inplikazioagatik, lan horiek nabarmen hobetuko baitute hiriaren erdialdea. “Erdigunerako Masterplanean sartutako jarduera horrek izugarri duinduko du espazioa. Eraberritzearen ondorioz, hiria biziberritzeaz gain, alderdi horretako jarduera dinamizatuko da”, esan du alkateak.

Azpimarratu du, halaber, “hauxe” dela “lan egiteko modua, erakundeen artean elkarlanean arituz, hiria eta pertsonen bizitza hobetzeko helburu komuna lortzearren”. “Terrorismoaren biktimei eskainitako leku horri esanahi berezia eman nahi diogu, Gasteiz biktima guztiekin dagoelako”, azpimarratu du alkateak.

 

Fernando Grande-Marlaskak, berriz, zentroak biktimen oroitzapena bermatzeko duen garrantzia azpimarratu du.“Zentro honi esker, terrorismoak sortu zuen patologia soziala sendatzeko prozesuaren erdian izaten jarraituko dute biktimek; izan ere, hori sendatzea bihurtu da Barne Ministerioaren lehentasunetako bat, Zuzenbideko Estatuak ETA garaitu ondoren”, adierazi du ministroak.

Hirigintza-eraberritzeak hiriarentzat izango duen garrantzia eta horren garrantzi sinbolikoa ere nabarmendu ditu ministroak. “Etorkizun hurbilean, gasteiztarrek eta hiri ireki, garbi eta abegikor hau bisitatzen dutenek beste hiri espazio bat izango dute bakean ibiltzeko. Ez dezagun inoiz ahantz denon askatasunaren alde dena eman zutenei zor diegula bake hori”, esan du Grande-Marlaskak.

Alkateak lekuan bertan azaldu dio ministroari eraberritzearen garrantzia; haren asmoa da lanak aurten lizitatzea, proiektuaren lehenengo fasea ia amaituta baitago. 11 hilabeteko epea izango dute lanek. Aurrekontua 3 milioi eurokoa da. 2,7, Espazio Publikoak diseinatutako obra egiteko eta 0,3 AMVISAk egingo duen hornidura eta saneamenduko lanetarako. Ondoren, beste bi fase egitea aurreikusi da, jarduteko eremu zabalagoan.

 

 

Share