Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  27 azaroa 2018 12:05

Olentzero eta Mari Domingik etxea izango dute berriro Uraren Ezkutuko Lorategian

 

 

 

Eguberriko programa

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok bere sailak 2018-2019ko Eguberrietarako prestatu duen programa aurkeztu du gaur prentsaren aurrean. Urtero bezala, berrikuntza batzuk egin dira garaian ohikoa den programazioan.

“Gabonak, berez, tradizio eta ohitura garaia dira. Olentzero eta Mari Domingiren etorrerarekin hasita Errege Magoen Desfilera arte, betiko ekitaldiak datoz bata bestearen atzetik, aldatu beharrik ez dutenak; protagonistak txikienak dira, jakina, baina publiko orotara iristen saiatzen gara, herritarren eskariak kontuan hartuz“, adierazi du Cantok.

Olentzero eta Mari Domingiren etxea zein Jaiotza monumentala abenduaren 5eko 18:00etatik urtarrilaren 6ra arte egongo dira irekita. Olentzero eta Mari Domingiren etxean gutunak uzteko ordutegia 10.00etatik 21:30rainokoa izango da. Jaiotzako haitzuloa, berriz, 10:00etatik 14:30era eta 16:00etatik 21:30era zabalduko da. Jaiotza abenduaren 24an bedeinkatuko da, 13:00etan.

Desfileak, Olentzero eta Mari Domingirena, eta Errege Magoena

Abenduaren 24an Olentzero eta Mari Domingi etorriko dira gure hirira, ume guztien artean opariak banatzera. Gasteiztar txikienek hain maite duten bikotea zenbait galtzagorrik lagunduta iritsiko da, eta  10.00etatik 15:00etara bitartean hartuko dituzte haurrak.

Desfilea Iparralde gizarte etxetik aterako da, 18:00etan, eta ibilbide hau egingo du: Legutianoko atea, Frantzia kalea, Bake kalea, Olagibel kalea, eta Espainia plaza. 400 pertsonak hartuko dute parte.

19:00ak aldera, Olentzerok, Mari Domingik eta galtzagorri segizioak agurra egingo dute, udaletxeko balkoi nagusitik, eta gasteiztar guztiekin batera abestuko dute.

Errege Magoak, berriz, goizeko 11etan iritsiko dira Gasteizko tren-geltokira. 11:20 aldera, udaletxeko balkoi nagusira aterako dira agur egitera. 12:15etik 18:00etara haurrei harrera egingo diete Goiuri jauregian, eta bidezko merkataritzako piruletak banatuko dituzte.

Desfilea 19:00etan abiatuko da, Bilbo plazatik, eta ibilbide hau egingo du: Frantzia kalea, Bake kalea, Ortiz de Zarate kalea, Florida kalea, Ramon y Cajal kalea, Micaela Portilla kalea, Laskarai kalea eta Gasteiz hiribidea; Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalearekiko bidegurutzean bukatuko da. Desfile horretan 300 pertsonak hartuko dute parte.

Eguberrietako beste ekitaldi batzuk

Arabako Abesbatzen Elkarteak 25 kontzertu egingo ditu abenduaren 5etik urtarrilaren 4ra arte, gabon-kantak abestuz. Halaber, eta kale eta plazak animatzeko asmoz, 8 fanfarre ibiliko dira oinezkoen alderdian gora eta behera, abenduaren 21etik urtarrilaren 5era bitartean.

Bestetik, Mendizorrotzeko Haur Ikuskizunen XV. Erakustaldian milaka haurrek beren pertsonaia gustukoenak ikusi ahalko dituzte, abenduaren 26tik urtarrilaren 2ra bitartean.  Guztira lau ikuskizun eskainiko dira: “Super Wings, escuela de vuelo”, “Play’n’kids concierto familiar”, “Kantu kolore far west” eta “A través del espejo” (errusiar ballet gaztea). Erantsita doa saioen datei eta sarrera-salmentari buruzko informazioa.

Butaka Txikia programan, berriz, umeentzako 8 ikuskizun eskainiko dira gizarte etxeetako antzoki eta aretoetan: antzerkia, txotxongiloak eta musika, kalitateko proposamenak beti. Ikuskizunak eskainiko dira abenduaren 26, 27, 29 eta 30ean, eta urtarrilaren 2, 3 eta 4an, eta sarrerak abenduaren 15eko (larunbata) 10.00etatik aurrera izango dira salgai, bost euroan.

Azkenik, aurten Kirol Zerbitzuak hartuko du bere gain izotz-pistaren kudeaketa. Andre Maria Zuriaren plazan jarriko da, abenduaren 15tik urtarrilaren 6ra arte, 10:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 22:00etara bitartean. 2,5 euro ordaindu beharko dituzte 16 urtetik beherakoek, eta 4 euro 16 urtetik gorakoek. Txirristaren prezioa, berriz, 0,80 euro izango da.

Informazio gehiago: www.vitoria-gasteiz.org/gabonak

 

Share