Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  29 azaroa 2018 17:28

Gasteiz izan da nagusi gaur arratsaldean Ingurumenaren Biltzar Nazionaleko (CONAMA) areto dinamikoan. Bertan, Gasteizek bere ingurumen eredua aurkeztu du, eta Erazten Berdearen 25 urteak aztertu, 10 minutu inguruko hainbat hitzaldiren bitartez. Ekitaldian Gorka Urtaran alkateak eta udaleko teknikariek hartu dute parte, eta Eraztun Berdean lehen lanak egin zirenetik gaur arte igarotako 25 urteen laburpena egin dute, eta udalak etorkizunerako duen estrategien ildo nagusiak jorratu dira. Izan ere, Gasteizko ordezkariek Eraztun Berdea sendotu eta hobetzeko 2030era arteko bide-orria erakutsi dute: Vitoria-Gasteiz berdeago, hiri-natura sare bizia”.

Eraztun Berdeak 25 urte bete ditu, eta lehen mailako ingurumen, gizarte eta turismo baliabide bihurtu du Gasteizerako. Udalerri iraunkorra gara, European Green Capital gara, eta harro gaude gure bizilagunak sentiberak direlako ingurumenarekin, eta konpromisoa dutelako harekin”, adierazi du Gasteizko alkate Gorka Urtaranek. Alkateak gogorarazi duenez, “Eraztun Berdea hiriaren ezaugarri behinenetako bat da, eta gune narriatuak naturarako eta aisialdirako berreskuratzeko egindako erronka eder baten emaitza da“. “Hiriaren inguruko parkeen sarea gauzatzea erabateko arrakasta izan da, ekologia eta paisaia aldetik balio handiko hainbat gune ditu, eta orain zaintzea eta hobetzea dagokigu” adierazi du alkateak. Ildo horretatik, etorkizuneko hainbat erronka aipatu ditu, esaterako “Larragorri parkea sortzea, udal gobernuak sustatutako 2025 estrategiaren baitako ekimen nagusietako bat, edo Olarizuko parke botanikoaren ingurua sendotu eta hobetzea, zeinari datozen hilabeteetan eduki gehiago eman nahi zaion, eta ikusarazi. Horretaz gain, Ingurumen Sailak eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak burutzen dituzten gainerako proiektuak ere badira“.

Areto dinamikoan udaleko hainbat teknikarik eta alkateak hartu dute parte: Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Saileko zuzendari Ainhoa Etxeandia; Eraztun Berdearen eta Biodibertsitatearen Ataleko buru Fernando de Juana, IGIko Iraunkortasunerako Informazio eta Berrikuntza Arloko buru Juan Carlos Escudero, IGIko sentsibilizazio arloko buru Roberto Gonzalez Argote, IGIko ikasketa arloko buru Ane Velasco, IGI Green Labeko koordinatzaile Juan Vilela eta Olarizuko lorategi botanikoko koordinatzaile Agustí Agut. 2030ra bitartean Eraztun Berdea sendotzeko eta hobetzeko estrategia azaldu dute guztien artean. Plangintza horrek —hamabost puntu estrategikotan laburtu da— garrantzi eta garapen-maila ezberdinetako ekintzak barne hartuko ditu, etorkizunetan hainbat eskalatan aplikatzekoak: auzoa, hiria eta lurraldea. Naturan oinarritutako irtenbideak bilatuko dira.

Hitzaldietan, gai gako hauek ukitu dira: biodibertsitatea, ura, energia, mugikortasuna, sozioekonomia, espazio publikoa eta elikadura. Udal teknikariek zenbait proiektu aurkeztu dituzte: Eraztun Berdea eta haren etorkizuna; hiriko errekak; Salburua; Olarizu eta bertako lorategi botanikoa; egitekoa den Larragorri parkea; Gasteizko hiri-azpiegitura berdea, auzoen eta mikropaisaien bidez; oinezkoen eta bizikleten mugikortasuna; ibilbide berdeak; parke agroekologikoak eta hiri baratzeak; konektagarritasun ekologikoa; hondatuta dauden lurzoruen berreskurapena, eta lurraldeko azpiegitura berdea. Eraztun Berdea sendotu eta hobetzeko ekimen ugari, ekonomia berdea eta garapen iraunkor sustatzeko aukera bikaina.

Share