Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  17 maiatza 2019 12:24

Lehenak UPV-EHUrekiko hitzarmenarekin du lotura eta, bigarrenak, Proiektu Artistikoak programarekin; ekainaren 16ra eta 30era arte egongo dira ikusgai, hurrenez hurren 

Gaur aurkeztu dira Montehermoso kulturunean Raquel Asensiren “Erresistentzia Moldatu Gabea” eta Jon Gorosperen “Metropolis” erakusketak. Lehenak UPV-EHUrekiko hitzarmenarekin du lotura eta, bigarrenak, Proiektu Artistikoak programarekin. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok, Raquel Asensi eta Jon Gorope egileek eta UPV-EHUko Arte Ederretako Fakultateko Dekanoa den Arantza Lauzirikak aurkeztu dituzte.

Raquel Asensiren “Erresistentzia Moldatu Gabea” MH – UPV-EHU programaren 2019ko deialdian hautatutako lanetako bat da.

Mundu zabalean zehar ekoizten diren plastikozko ontzi gehienak –eta minutuko milioi bat ontzi ekoizten da– ez dira ez birziklatzen, ez eta berrerabiltzen ere: lehorreko zabortegietara edo itsasora jaurtitzen dira. Erakusketa honetako pieza gehienak eskultura zeramikoak dira, modu anbibalente batean eder eta artifizial, leun eta agresibo, bigun eta gogor, efimero eta betiereko… Esperimentu gisa eginak dira, elementu plastiko, landare eta algekin. Guk geuk sortzen ditugun hondakinekin batera munduan dagokigun lekua birpentsatzeko saioa dira, lehen uste eta begiratuan aurkakoak diren elementuak uztartuz (esaterako elementu natural eta artifizialak), hain zuzen ere bizi dugun aldaketa postindustrial sakoneko garai hauetan.

Artistak materialak ikertzen ditu, eta sortzen diren piezek edertasun apaingarriaren eta iraultza edo transgresioaren arteko jolas anbibalentearen eragin handia dute. Asensiren erakusketan Cristina Arrázola-Oñatek egin ditu komisario-lanak.

Raquel Asensik (Barakaldo, 1989) Bilbon bizi eta lan egiten du. 2015an Zeramika, Artea eta Funtzioa masterra bukatu zuen, eta gaur egun doktoregaia da EHUko Eskultura Saileko “Ikerketa Arte Garaikidean” izeneko Doktorego Programan. Portzelanaren diseinuan diharduen Sargadelos lantegi galiziar entzutetsuan egin zuen praktikaldia. 2018ko ERTIBIL erakusketarako hautatu zuten eta BilbaoArte Fundazioaren ekoizpen-beka bat jaso zuen, bai eta Eusko Jaurlaritzaren Ikusizko Arteetarako dirulaguntza zenbait proiektutarako eskuratu ere. Gainera, sorkuntza eta ikerketa uztartzen dituen proiektu batean murgilduta dabil, perspektiba feministek 70eko eta 80eko hamarkadetan zeramikari loturiko praktika artistikoetan izan zuten eragina aztertzen. Bere ekoizpen artistikoa diziplinartekoa da; zeramikazko eskulturak, argazkigintza eta gorputz-ekintza uztartzen ditu. Informazio gehiago: www.raquelasensi.com

Erakusketaren iraupena: 2019ko maiatzaren 17tik ekainaren 16ra

KATALOGOA RAQUEL ASENSI

 

Jon Gorosperen “Metropolis” lana Proiektu Artistikoak programako 2018ko deialdian hautatutakoen artean dago.

Proiektu honetarako funtsean bi ikuspegi hartu dira: espazio publikoen erabilera ludikoa —eta horrek unibertso digitalean duen proiekzioa— eta irudien birziklatzea eta ekonomia. Hiri handiak erretratatzen dituzten ikusizko piezen bilduma izango da Jon Gorosperen proposamenaren emaitza materiala. Irudiak “Streetview” (Google-rena) eta “Total View” (Baindu baliokide txinatarrarena) aplikazioak baliatuz hartu dira.

Irudiek mosaiko handiak osatzeko balioko dute: lauki-sarean jarritako irudi-egitura trinkoak. Azkenik, hainbat liburuki —diseinu eta koadernatze berdinekoak— editatuko dira, artxiboaren, dokumentu antropologikoaren irudia indartuko dutenak. 

Jon Gorospe (Vitoria-Gasteiz, 1986) Oslon eta Gasteizen bizi eta lan egiten du. Gasteizko Arte eta Diseinuko goi mailako Eskolan graduatu zen, Artean, eta truke-programa Vilnius Faculty of Arts-en egin zuen (Vilnius, Lituania). Gradu amaierako lana, berriz, Maltan egin gauzatu zuen. Prestakuntza artistikoa hainbat egilerekin argazkigintza/artea ikasiz osatu du, hona hemen horietako batzuk: Pep Bonet Juan Valbuena, José Muñoz, Matías Costa, David Jiménez eta Xavier Rivas. Zenbait sari eta beka lortu ditu. 2018an VIPHOTO argazkigintza garaikidearen jaialdiaren lehen edizioa zuzendu zuen. Informazio gehiago: www.jongorospe.com.

Amaitzeko, gogoan izan MH –UPV/EHU programaren aurtengo edizioan proiektuak aurkezteko epeak zabalik dirauela ekainaren 2ra artean.

Katalogoa Jon Gorospe

Bi erakusketak gaur 20:00etan inauguratuko dira, eta kulturune osora hedatuko dira, baita atarira (Asensiren erakusketa )eta klaustroaren barnera ere (Gorosperen erakusketa). Iker de Aresti DJak girotuko du ekitaldia.

 

Share