Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  17 maiatza 2019 18:13

Joan den urteko berritasunak mantendu dira, besteak beste, ezingo dute kantu matxista edo homofoborik abestu eta alkohol kontsumoaren erakustaldi orokor eta gehiegizkoak saihestu beharko dituzte

Estíbaliz Canto zinegotziak gidatzen duen Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailak proposaturik, Tokiko Gobernu Batzarrak 2019ko Andre Maria Zuriaren jaietan parte hartuko duten blusa eta neska taldeei dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarriak onetsi ditu gaur.

“Joan den urtean esan bezala, araudia beharrizanagatik sortu zen, baina behin sortu dugula, eutsi egingo diogu, onuragarria baita hiriarentzat eta gure jaientzat” adierazi du kultur arduradunak.

Oinarrietan bi berritasun daude, lehena eta nagusiena da guztizko zenbatekoa handitu egin dela 75.000 eurotik 87.000 eurora. Horietatik 60.000 (joan den urteko zenbateko bera) banatzean koadrila guztiei kopuru bera emango zaie, gainerako 27.000 euroak banatzean, ordea, programa hartuko da kontuan, programak garrantzia hartzea nahi baitugu, koadrilei musikaz laguntzeko funtzioaz haratago.

Beste berritasuna da seitik bostera jaitsi dela koadrilak taldekatu ahal izateko gutxienekoa.

Gainerakoan, joan den urteko oinarriei eutsi zaie.

  • Koadrila batek, gutxienez, 60 kide izango ditu.
  • Aurkeztuko dituzten jarduera-programek jendarte osoari zuzenduta egon beharko dute, nahitaez. Bereziki balioetsiko dira genero-berdintasuna, emakumeen parte-hartzea eta indarkeria matxistaren prebentzioa sustatzen duten jarduerak, ikuskizunak, kontzertuak edo bestelako jarduera-motak.
  • Ezingo dute kanta matxista zein homofoborik abestu. Debekatuta dago edonolako bazterkeria edo desberdintasuna (sexua, generoa, orientazio sexuala, identitate sexuala, arraza, klase soziala, erlijioa… direla kausa) sor dezakeen jarduera oro, musika girotzea barne.
  • Joan-etorrietan, blusa eta nesken taldeetako kideek jai giroko itxura eman beharko dute nahitaez, musikaz eta dantzaz, eta herritarrak jaira animatu; alkohol kontsumoaren erakustaldi orokor eta gehiegizkoak saihestu beharko dituzte eta eraso eta portaera matxistekin zero tolerantzia izan beharko dute.
  • Blusen eta nesken joan-etorriak joan den urteko ezaugarri berak izango ditu.

Ildo horretan, “ziur nago araudi honek jaiak joan den urtekoen modukoak izaten lagunduko duela, eta, hortaz, koadrilek alaitasunez eta normaltasunez hartuko dutela parte gure jai paregabeetan”, esan du amaitzeko kultura zinegotziak.

Share