Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  17 maiatza 2019 12:30

Udako programazioa aurkeztu dute gaur adinekoentzako zentro soziokulturalek: 1.491 leku, 96 ikastarotan, zeinetan zentroetako 34.000 bazkideek izango baitute aukera izena emateko, nahiz eta edonork parte hartu ahal izango duen jarduerarik ere izango den. Ekainetik irailera bitartean izango dira jarduera guztiak.

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak udako programazioa landu duen hirugarren aldia da, asmoa delarik “adinekoei zenbat ezagutza, jarrera, ohitura eta gaitasun erakustea, baina, guztiaren gainetik ere, haien harreman sozialak bultzatzea, adiskidetasuna sustatzea eta partaidetza aktiboa ahalbidetzea”, azaldu du Peio López de Munain zinegotzi ordezkariak.

Gizarte Politiken Sailak agintaldi osoan bultzatu duen zahartze aktiboaren ereduari jarraitzen diote lantegi eta ikastaro horiek, zeinen artean honako hauek nabarmentzen baitira:

Belaunaldien arteko lantegiak: sukaldaritza, eskulanak, baratzezaintza, robotika eta abar, beste adin batekoekin denbora, espazioa eta ikaskuntza partekatzeko aukerarekin.

Herritarrentzat zabalik egongo diren lantegiak:hiriko edozein herritarrek ahal izango du bertaratu eta eskaintza partekatzeko aukera. Adinekoentzako zentroak herritar guztiengana hurbiltzea lortu nahi da, bertatik bertara ezagut ditzaten. Hainbat lantegi izango dira: dantza, sukaldaritza, elikadura, lorezaintza eta abar.

Erorketen prebentziorako lantegiak: lehenengo aldiz eskainiko dira uda honetan. Ekainean eta uztailean izango dira, Simon Bolibar aretoan.

Norberaren burua zaintzeko taldeak: bizikletan ibiltzen ikasteko, emozioak kudeatzeko, burua eta gorputza freskatzeko, loaren kalitatea hobetzeko eta abar.

Beste ikastaro eta lantegi batzuk: informatika, musika eta dantza, argazkigintza, irakurketa, zinema…

Aurrekoan bezala, 75 urtetik gorakoentzako berariazko ikastarorik ere izango da —buruari eragiteko jarduerak eta osasunaren eta ongizatearen inguruko lantegiak—, eta, berrikuntza gisa, hainbat ikastaro, KZguneekin elkarlanean, zenbait gizarte-etxetan —Aldabe, Hegoalde, Iparralde, Lakua eta Pilar—: Google aplikazioak, ordenagailuaren erabilera, sareko nabigazioa, Osakidetzako osasun-karpetaren erabilera eta beste.

Jardueretan parte hartu nahi duten adinekoek izena eman beharko dute, datorren astelehenetik —maiatzak 20— aurrera, hiriko adinekoentzako 15 zentro soziokulturaletan, gizarte-etxe eta kiroldegietako informazio-zerbitzuetan, herritarrei laguntzeko bulegoetan, 010 telefonoan edo Udalaren webgunean.

Adinekoentzako zentroen sareko erabiltzaile-txartela dutenek eman ahal izango dute izena —herritar guztientzat zabalik dauden ikastaroetan ez da betebehar hori bete beharko—.

Ekainaren 4an bukatuko da izena emateko epea, eta ekainaren 7an banatuko dira libre geratzen diren tokiak.

Beste jarduera batzuk

Lantegi eta ikastaroen programazio horrez gain, eta udarako jarduera-eskaintzaren barruan, aire zabaleko bi zinema-emanaldi izango dira uztailean.

  • Uztailaren 12an, Abetxukuko kiroldegiaren aurrean.
  • Uztailaren 19an, Galizia plazan, Arana auzoan.

22:30ean hasiko dira emanaldiak.

Gainera, ekainean eta uztailean, Piztu zure auzoa programak ere egingo du udako eskaintza —ibilaldiak, solasaldiak, jolasak eta abar—, Pilar, Landazuri eta Koroatze auzoetan.

Share