Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  30 maiatza 2019 11:50

Gasteizko Udalak abian jarri du bertako merkatariak teknologia berrien esparruan profesionalizatzeko beste prestakuntza-jarduera bat. Azken hilabeteotan ikastaroak eta saioan egin dira online kokatzeari, merkataritza elektronikoari eta telefono mugikorraren bidezko marketin-estrategia berriei buruz, besteak beste, eta orain beste prestakuntza-programa bat gehituko zaie, gai hau duena: nola proiektatu saltegia sare sozialetan ikus-entzunezko baliabideak erabiliz.

Ekainaren 10etik 25era bitartean egingo da ikastaroa, zortzi saiotan, eta saltegi bat sustatzera bideratutako ikus-entzunezko edukiak prestatzeko prozesu osoari helduko dio. Negozioaren eta bezero potentzialen azterketa abiapuntu hartuta, publiko xedeari zuzendutako sustapen-bideoak prestatzeko teknika espezifikoetara iritsiko da. Prozesu horretan, ezagutzak eskuratuko dira ikus-entzunezko edukiak hedatzeko egokienak diren sare sozialei buruz, baita argazkigintza-, grabazio- eta argiztapen-baliabiderik egokienei buruz ere.

Webgune, merkataritza elektronikoko gune, marketplace edo sare sozialen bitartez Interneten dauden Gasteizko merkataritza-enpresa txikien titularrei zuzendua da ikastaroa. Haiek kontuan izanda, prestakuntza-programa nagusiki praktiko bat diseinatu da, honako alderdi hauek irakasteko asmoz: nola bereizi zer erakutsi behar den enpresari buruz, zer formatu den egokiena, zer eduki aukeratu eta bezeroen edo eskainitako produktuaren arabera nola erakutsi hori guztia sare sozialik egokienean.

Saioak 15:00etatik 17:00etara izango dira, CETICen (Castro Urdiales, 10), eta antolatuta daude hartzaileek lana eta prestakuntza bateragarri izateko moduan. Doakoak izango dira, eta izena online eman daiteke.

“Duela lau urte abian jarri genuen Merkataritza eta Ostalaritza Plan Estrategikoaren zutabeetako bat zen sektorea profesionalizatzea eta gaitzea, batik bat teknologia berrien eta sare sozialak erabiltzearen arloan. Plaza guztiak bete dira arestian antolatu ditugun ikastaro espezifikoetan, hala nola argazkigintzakoan, eta, seguruenik, gauza bera gertatuko da ikus-entzunezko baliabideen bidez sustatzeari buruzko honetan ere. Horrek ezin hobeto erakusten du tokiko merkatarien inplikazioa”, nabarmendu du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Saileko zinegotzi Nerea Melgosak.

Informazio gehiago: Ikastaroa: “Proiektatu modu profesionalean zure saltegiaren sare sozialetako ikus-entzunezko irudia”

 

 

Share