Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  31 maiatza 2019 13:57

Tokiko Gobernu Batzarrak gaur onetsi du Mendekotasuna duten adineko pertsonak zaintzen dituzten senitartekoen Arabako elkartearekiko (ASCUDEAN) hitzarmena onestea, zaintza lanetan ari diren senitartekoei babesa eta atsedena emateko programa bat garatzeko. Horretarako, 70.397 € jasoko ditu elkarteak Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailetik.

Azken urteotan Gasteizko Udalak hainbat lankidetza-hitzarmen sinatu ditu ASCUDEANekin, zaintza lanetan dabiltzan senitartekoen bizi-kalitatea hobetzeko eta, ondorioz, baita zaintzen dituztenena ere. “Mendekotasuna duen pertsona bat zaintzea fisikoki eta emozionalki asko akitzen duen lana da, eta horrek eragin handia du zaintzaileen ongizatean. Hitzarmen honekin atsedenerako programak garatzen –hala, zaintzaileen bizi-kalitatea hobetzeko– eta zaintza lanetan dabiltzan senitartekoen osasuna sustatzeko jarduerak egiten lagundu nahi diegu”, azaldu du Gizarte Politiken zinegotzia den Peio Lopez de Munainek.

Gobernu Batzarrak beste hitzarmen bat ere onetsi du, honako hau, Jeiki Fundazioarekin, Hazgarri programa gauzatzeko; droga-kontsumoarekin lotutako jokabide arazotsuak agertzea, irautea edo kroniko bihurtzea prebenitzeko helburua du horrek.  47.097 €-ko zuzkiduradun Hazgarri programak hiru jarduera-eremu izango ditu:

  • Nerabeei eta gazteei arreta emateko proiektua.
  • Gurasoei arreta emateko proiektua.
  • Esku-hartze sozialerako proiektua.

Beste hitzarmen batzuk

Ildo horretan, udal gobernuak kolektibo eta elkarteekiko beste lau hitzarmen sinatzea ere onetsi du, askotariko jarduerak garatzeko:

  • Tratu txarrak pairatu dituzten haurrei laguntzeko euskal elkartearekiko hitzarmena (AVAIM), jarduera programa bat burutzeko, 11.780 euro.
  • Movimiento Contra la Intolerancia elkartearekiko lankidetza hitzarmena, 11.780 euro.
  • Aingeruen Andre Maria adinekoen taldearekiko lankidetza-hitzarmena, adinekoentzako aisialdirako proiektua burutzeko, 10.335 euro.
  • San Mateo parrokiko “Brisa del Gorbea” adinekoen elkartearekiko hitzarmena onestea, adinekoentzako aisialdirako programa burutzeko, 10.335 euro.

 

 

Share