Prentsa Oharren banner

Alegazioak aurkeztu dizkio Udalak Gasteizen trenbidea integratzeko informazio-azterlanari, proiektua hobetu eta hirian sartzean eta Arkautin izango duen eragina albait gehien gutxitzearren

Amaia Barredoren audioa

Alegazioak aurkeztu zizkion Udalak Gasteizen trenbidea integratzeko informazio-azterlanari joan den abuztuaren 30ean. Guztira 19 alegazio idatzi ditu Gasteizko Udalak, proiektua hobetu eta hirian sartzean eta Arkautin izango duen eragina albait gehien gutxitze aldera. Honela azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok: “Ahalik eta proiekturik onena eduki nahi dugu; izan ere, Gasteizen barrena trenbidea lurperatzea kontu estrategikoa da, ilusio handia sortzen diguna, funtsezkoa etorkizunerako. Ildo horretatik, hainbat proposamen egin ditugu, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Planean oinarrituta, eta teknikariek aurkitutako akats zenbait jaso ditugu alegazio-txostenean.  Beti ere Udal honek duen informazioa eskaini dugu, aintzat harturik proiektua gauzatu dadin lan egin beharra daukagula. Hortaz, bideragarritasuna bermatu beharra daukagu”.

Hiru arlo jorratzen ditu Udalak Sustapen Ministerioaren informazio-txostenaren aurrean aurkeztu duen alegazio-txostenak: Gasteizko sarbidearen inguruko alegazioak, Arkautiko elkargunearen inguruko alegazioak eta alegazio orokorrak.

Horrela, proiektua hirian lantzen ari den Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plan berrira egokitzeko aukera adierazten da —zirkulazio-eraztunek lurpeko bide berriarekin dituzten konexioetan aldakuntzak txertatuz (errai berri bat jarriz tunelaren ekialdeko irteeran, Txistularien kalearekin konektatzeko, edo tunelera eta parkingera sartzeko aukera emango lukeen bide-zati bat, Errioxa kalean barrena) eta geltokian aurreikusitako aparkalekurako sarbideak aldatuz—. Era berean, lurpeko geltokia estaliko duen argi-zuloa lekuz aldatzea proposatzen du Udalak, libre geratuko den esparruan aurreikusitako bidea ahalbidetzeko, eta aireztapen- eta punpaketa-instalazioak eta instalazio-gelak optimizatzea planteatzen du.

Arkautiko elkargunearen inguruko alegazioen kasuan, Euskadiko Hiriburuaren hiribidearen inbasioa saihestea planteatzen da —informazio-txostenaren arabera, trenbidearen ezpondek eragingo liokete kale horri—, eta Natura 2000 Sareko espazio naturalak babesteko neurriak sendotzea proposatzen da, baita espazioen arteko konektagarritasun ekologikoa bermatzea ere. Ildo horretatik, Udalak lehentasunezkotzat jotzen du barrera-efektua ekiditea, bide-zubiaren trazadura luzatuz. Bestelako babes-neurririk ere iradokitzen da, hala nola mailegu-zonen edo erabiltzeari utziko zaion trenbidea kentzearen inguruan.

Azkenik, alegazio orokorrei dagokienez, udal planeamenduaren eta kartografiaren inguruko informazioa helarazi zaio Sustapen Ministerioari. Udalarentzat funtsezkoa da zarata eta bibrazioak albait gehien gutxitzea, batez ere Salburua eta Zabalgana auzoetan. Batean nahiz bestean, berrikusi eta neurri zuzentzaileak plantea daitezela eskatu da, eragina ahalik eta txikiena izan dadin. Zentzu horretan, bizitegi-eraikinak eta horien solairu guztiak, espazio publikoak eta garatu gabeko lursail urbanoak aintzat harturik behar diren neurriak txerta daitezela proposatzen du Udalak, eta hainbat jarduera azter daitezela, hala nola hiriko trazaduran abiadura-mugak ezartzea, erraietan motelgailuak jartzea, altura gutxiko pantailak, tuneleko edo irteerako hormetan material xurgatzailea jartzea eta beste.

Bibrazioei dagokionez, orobat eskatu dio Udalak gobernu zentralari zona guztiaren azterlan xehea egin dadila, eraikuntza-proiektu garatu eta obra gauzatu bitartean, inguruko auzokideei ahalik eta enbarazurik gutxien eragin dakien.

Udalaren alegazio-txostenean orobat egiten zaio erreferentzia udalerriko eta probintziako ibilbide berdeen sareari —eraginen azterlan sakonagoa eskatzen da—, eta paisaiari —ezinbestekotzat jotzen da paisaiaren inguruko azterlan bat egitea, metodologia egokiago batekin, azpiegitura integratzeko neurriak kontuan hartzen direlarik—.

Share