Prentsa Oharren banner

Boliviara 20.000 euro bidaltzea onetsi du Larrialdietarako Arabako Funtsak, Amazonaseko suteek kaltetutako herriei laguntzeko

Hainbat gauza erosteko aukera emango du horrek, salbamendu-materiala, arropak, garbiketa- eta higiene-materiala eta beste, eta 2.000 familiarengana iritsiko da laguntza

Larrialdietarako Arabako Funtseko 20.000 euro bideratuko dituzte Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak Amazonaseko suteek eragindako Boliviako hamar herritako 2.000 familia ingururi laguntzera. Abuztuaren 1etik 24ra bitartean, horrelako 4.000 ezbehar zenbatu zituen Europako Espazio Agentziak, eragindako eremuan.

Brasilgo Amazonaseko zonari ez ezik, ondoko herrialdeei ere eragin diete suteek, hala nola Boliviari. Nazioarteko laguntza eskatu du bertako gobernuak berriki, zenbait departamentutan bizi den larrialdi-egoerari aurre egiteko. Esaterako, Santa Cruz departamentuan, non suteak areagotzea ekarri baitu lehorteak, batez ere baso lehor chiquitanoan.

Oraingoz, Bolivian milioi bat hektarea erre direla uste da, eta kalte pertsonal ugari eragin dituela —600 zauritu inguru—, baita galera material ugari ere —laboreak eta larreak, etxebizitzak eta tresnak, ur-hoditeria—. Horrez gain, ganadu-buru ugari hil dira, faunan eta floran eragindako hondamendiaz gain.

Egoera horri aurre egiteko, Asociación Alavesa de Cooperación Hispanosudamericana Berri-Ñann elkarteak —Gasteizen bizi diren boliviarrek osatua— laguntza eskatu zion Larrialdietarako Arabako Funtsari, materiala erosteko —salbamendu eta erreskaterako materiala, botikak, arropak, garbiketa- eta higiene-materiala, janariak, ura— eta garraiorako.

GEOS izenarekin ezagutzen den Fundación de Voluntarios de Salvamento y Rescate entitate lokala arduratuko da laguntza emateaz.

Amazonaseko arroako oihan tropikala munduko handiena da; lau herrialdetan barrena hedatzen da, eta miloika landare eta animaliaren bizilekua da. “Munduaren birika” esan ohi zaio, eta berebizikoa da berotze globala erregulatzen laguntzeko, milioika tona karbono-emisio xurgatzen baitituzte basoek urtero.

Share