Prentsa Oharren banner

(Eguneratua bereizmen handiko argazkiekin) Gasteizen hautagaitza aldeztu du alkateak, Global Green City Award sarirako, eta Gasteiz superhiriaren eredua azaldu, Etiopian

Global Green City Award sarirako Arabako hiriburuaren hautagaitza aldeztu du Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gaur goizean. Global Forum on Human Settlements erakundeak ematen du saria, Nazio Batuen laguntzarekin. Gaur arratsaldean emango dute jakitera epaimahaiaren erabakia antolatzaileek, Nazio Batuek Addis Abeban —Etiopiako hiriburua— duten biltzar-etxean izango den ekitaldian. 14th Global Forum on Human Settlements biltzarraren barruko ekimen bat da. 52 herrialdetako 500 lagunetik gora ari dira bertan parte hartzen.

Nazioarteko entzuleen aurrean Gasteizko ingurumen-eredua azaltzeko baliatu du aukera Gasteizko alkateak: superhiri europarraren eredua, garapen iraunkorreko helburuekin eta 2030 Agendarekin lerrokatua. Gure hiriaren irudi eta bideoekin lagundutako aurkezpenak interes handia sortu du beste herrialde batzuetako agintari eta gobernu-ordezkarien artean. “Klima-aldaketaren kontrako borrokarekin, berrikuntza urbanoarekin, trantsizio energetikoarekin, mugikortasun iraunkorrarekin, hiri berdeak —gizakiaren neurrira eginak, haien ongizatea bermatzen dutenak— sortzearekin erabat konprometitutako hiria da gurea”, laburbildu du alkateak.

 

Horrela, Gasteizen iraunkortasun hirukoitza lortze aldera garatutako politikak nabarmendu ditu Gorka Urtaranek: “ingurumenaren, gizartearen nahiz ekonomiaren arlokoa”, xehatu du. Orobat azpimarratu ditu, bere mintzaldian, zenbait estrategia arrakastatsu, hala nola Udalak bultzatutako Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Plana, hiriko hirigintza-plangintza, espazio hondatuen berreskurapena eta Eraztun Berdearen sorkuntza, baita ekonomiaren eta desberdintasunen kontrako borrokaren arloko neurriak ere. Zentzu horretan, industriak Gasteizko ekonomian duen pisu espezifikoa ere nabarmendu du, haren eraldaketa azpimarratuz, eta 4.0 industriaren eredurako bilakaera.

Gainera, nazioarteko biltzar horretan ‘Global Green City Award’ saria eskuratzeko itxaropena du Gasteizek. Gaur arratsaldean bertan —17:30ean hasiko den ekitaldian— emango du sari horretako ebaluazio-batzordeak bere erabakiaren berri.

NBEren garapen iraunkorrari buruzko agenda tokiko mailan sustatzeko balio du foro horrek, eta hirietako eta hiri-kokalekuetako baldintzak hobetzea du azken helburutzat. Besteak beste, hiri iraunkorrak neurtzeko sistemak garatzen dira, arduradun politikoei eta industriei erreferentziak emateko txostenak lantzen, eta Sustainable Cities and Human Settlements Awards sariak sustatzen. Aitorpen horien bidez gobernu, enpresa, komunitate, antolakunde eta banakoen lorpen gailenak nabarmendu nahi dituzte. Global Green City da sari horietako bat.

Gasteizek aurkeztutako hautagaitza balioetsiko duen batzordeak 85 adierazle aztertuko ditu, sei atal nagusitan: iraunkortasuna, ekitatea, identitatea, segurtasuna, oparotasuna eta zoriona. Sei multzo handi horien barruan 18 kategoria sartzen dira, askotarikoak eta zeharkakoak: mugikortasun jasangarria, energia-eraginkortasuna, ‘smart city’, ‘zero waste’, espazio publikorako politikak, lurraldearen erabilera jasangarria, ura, ingurumena, oinarrizko zerbitzuak, lurralde garapen jasangarria, ekonomia zirkularra, nekazaritzako elikagaien estrategia, gobernantza, berrikuntza, ondarearen babesa… Aurreko edizioetan saria eskuratu duten hirien artean hauek daude, besteak beste: Viena (Austria); Vancouver (Kanada); Oakland (AEB); Curitiba (Brasil); Nantes (Frantzia); Mannheim (Alemania); Yokohama (Japonia).

 

Share