Prentsa Oharren banner

Lehiaketara atera dira Olarizuko parkeko harrera-zentroa sortzeko lanak

Tokiko Gobernu Batzarrak Olarizuko parkera sartzeko eta informazio emateko zentroa sortzeko obren kontratazio-dosierra onetsi du, 397.193 euroko aurrekontuarekin. Proiektuak baitan hartzen ditu Jose Mardones kalean erabilerarik gabe dagoen, eta lehenago EEEren mugikortasun elektrikoko zentroa hartu zuen informazio-bulegoa desmuntatu, lekuz aldatu eta berreraikitzeko lanak. Obrak burutzeko epea 20 astekoa izango da.

Olarizuko parkera sartzeko entroaaren instalazioak hirigintza-aldaketak eskatuko ditu ingu hartan. Zabaldu egingo da Olarizu hiribidearen amaieran kale-muturra inguratzen duen espaloia, halako moduan non plaza txiki bat sortuko den, eraikinari zerbitzu emateko eta etorkizunean bestelako erabilera batzuk ere emateko. Bateratu egingo dira espazioak, sarrera eroso egin ahal izan dadin, hiribidetik zein espaloitik. Aldatu egingo da baita inguru argiztapena: kendu egingo dira gaur dauden farolak, eta horien truke zutoin eta proiektoreak ipiniko.

Espazioaren hegoaldeko muturrean instalatuko da harrera-zentroa, eta bertan horma bat paratuko da, aldi berean esertzeko banku bat eta Olarizuko lorategi botanikoko sarrera iragartzeko letra eskultorikoen oinarria izango dena. Horma zein letrak modu kontrolatuan erdoilduko den altzairuaz egingo dira, harik eta nahitako kolorea lortu arte; gero bernizez babestuko dira.

Harrera-zentroak Olarizuko lorategi botanikoko informazio- eta laguntza-zerbitzua hartuko du, eta baita olgeta-jarduera osagarriak egiteko lekua ere: landare-labirintoa, tirolina, anfiteatroa, izadi-jolasak, etab. Halaber, bizikletak alokatzeko lekua ere izango da.

Share