Prentsa Oharren banner

Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Ekintza Plan bat izango du Gasteizek

 

Eraztun Berdea sendotuko du Urtaranen gobernuak, hainbat jarduera bideratuz Salburuan, Olarizuko parke botaniko berriarekin eta uholdeen kontrako obrekin, besteak beste

 

Ikasturte honetan jarriko du abian garbiketarako eta hondakinen bilketarako kontratu berria, hobekuntza nabarmenekin

 

Tamaina handiko objektuen legez kanpoko zabortegien, edukiontzietatik kanpo uzten diren zaborren, txakur-gorotzen eta pintaketen kontrako kanpaina aktibatuko da

 

Gasteizko Hiri-hondakinen Gida-plana martxan jarriko du Udalak, eta egokitu eta hobetu egingo ditu hondakinak kudeatzeko azpiegiturak 

 

Jarduera ekonomikoen, airearen kalitatearen eta zarataren kudeaketaren ingurumen-kontrola hobetuko du, araudia berrikusiz  

 

 

Klimaren aldeko Ekintza finkatu du Urtaranen gobernuak bere konpromiso estrategikoen artean, eta, horregatik, munta handiko neurriak bultzatuko ditu agintaldi honetan, bai ekintzak planifikatzeari dagokionez, bai azpiegiturak garatu, hondakinak kudeatu eta jarduerak —propioak nahiz besterenak— kontrolatzeari dagokionez.

Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren Saileko zinegotzi Ana Oregik eta Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotzi César Fernández de Landak azaldu dituzte, gaurko agerraldian, Gasteizko plangintza energetiko eta klimatikoaren etapa berriaren ildo nagusiak.

Ana Oregik nabarmendu du sailaren ekintza guztia garapen iraunkorreko helburuetara zuzenduta dagoela, eta, horien barruan, bereziki 11. helburura, hau da, hiriak eta giza kokaguneak inklusiboak, ziurrak, erresilenteak eta jasangarriak izan daitezela lortzera, eta 13.era, hots, klima-aldaketari eta horren ondorioei aurre egiteko premiazko neurriak hartzera.

“Larrialdi klimatikoko egoeran gaude. Zorionez, duela ia hiru hamarkada jabetu ziren horretaz hiri hau eta erakunde hau, eta neurriak hartzen hasi ginen, planak idazten, iraunkortasunaren bide hori urratzen jarraitzeko ongi kokatuta egotera garamatzaten politikak bideratzen. Ikusten dugu, eta pozgarri da, larrialdi klimatikoaren gainean kontzientzia hartzen ari dela jendea han eta hemen, mundu osoan, eta erakunde publikoei eskatzen dietela planak idatz ditzatela, neurriak ezar ditzatela. Harro gaude aitzindari izateaz, horretan ere, eta beste behin ere adierazten dugu gure konpromisoa, klimaren aldeko ekintzari dagokionez, hura murriztu eta hartara egokitu beharra baitaukagu, planetak bizi duen egoera oso larria dela onartuta”, nabarmendu du Ana Oregik.

 

Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Ekintza Plana, 2030

Plangintza energetiko eta klimatikoaren etapa berri honetan garatuko diren ekintzak xehatu ditu César Fernández de Landak. Hain zuzen ere, Gasteizek Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Ekintza Plana (2030) izango duela iragarri du Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotziak.

Horretarako, lehenengo pausua partaidetza-prozesu bat martxan jartzea izango da (2019-2020), oinarrizko bi politika barne hartuko dituena, hau da, udalerria karbonogatzea eta klima-aldaketarekiko erresilientzia areagotzea. Udalerriaren trantsizio energetikorako ekintza-plan bat barne hartuko du planak, berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko, eta epe luzera karbono-neutraltasuna lortzeko, baita klima-aldaketara egokitzeko tokiko plan bat ere.

Gainera, Klimaren eta Energiaren aldeko Itunari —Covenant of Mayor— atxikitzen ahaleginduko da Udala, 2009an Europako Alkateen Ituna sinatu zelarik eta Gasteizko Klima Aldaketaren kontra Borrokatzeko Plana (2010-2020) onetsi zelarik hartutako konpromisoaren jarraipen gisa.

César Fernádez de Landak iragarritako beste neurri bat izan da ekintza klimatikoa ebaluatzeko tresna bat sortzea, berotegi-efektuko gasen emisioen urteroko inbentarioekin, udalerri osorako nahiz Udalaren beraren jardunerako, eta udalerrian funtsezkoak diren sektore eta elementuek klima-aldaketaren ondorioen aurrean zenbateraino diren zaurgarri ebaluatzeko.

Gainera, bi urtean behingo txostenak egingo dira, Klima Aldaketaren kontra Borrokatzeko Planaren eta Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Ekintza Planaren jarraipen gisa.

Klimaren aldeko ekintzen artean, Urtaranen gobernuak iragarri du jarduera energetikorako plan bat landuko dela udalerrian, Iraunkortasun Energetikoaren Batzordea eratuko dela, urtero eguneratuko direla Udalaren energia-kontsumoaren erreferentziako oinarrizko maila eta udal inbentario energetikoa, eraikin bakoitzaren kontsumoen kontrola egingo dela, udal eraikinen energia-kontsumoaren ziurtapenak eta auditoretza energetikoak egingo direla, kontratazio publiko berde eta arduratsua bideratu eta organizazioan ingurumen-irizpideak txertatzen aurrera egiteko eta udal izaerako ekitaldiak gauzatzeko lanean jarraituko dela, Eusko Jaurlaritzaren Erronka Garbia ziurtapenaren esparruan.

 

Eraztun berdea sendotu eta burutzea  

César Fernández de Landak azaldu duenez, Eraztun Berdea sendotuko du Urtaranen gobernuak, hainbat jarduera bideratuz Salburuan, Olarizuko parke botaniko berriarekin eta uholdeen kontrako obrekin, besteak beste.

Hortaz, iragarri du dagoeneko aztertzen ari direla modu puntualean esku hartzea Salburuko parkeak handitu eta hobetzeko: “Lanean ari gara dagoeneko zenbait zonatan, Salburuko parkea zabaldu eta hobetzeko, zenbait espezieri bizi-baldintza hobeak eskaintze aldera”.  Gainera, Olarizuko parke botanikoaren proiektua gogora ekarri du; lehen urrats bat dagoeneko onetsia du Gobernu Batzarrak, hots, parkeko sarrera egokitzea.

Gainera, aurreikusitako jardueren artean, zinegotziak nabarmendu ditu uholdeen kontra borrokatzeko obrak —Zadorra ibaiko III. eta IV. faseetako proiektuen eguneratzea—.

 

Garbiketarako eta hondakinen bilketarako zerbitzua hobetzea 

Datorren urtetik aurrera, garbiketarako eta hondakinen bilketarako zerbitzua eskaintzeko kontratu berri bat jarriko da abian, hobekuntza handiekin, egungo zerbitzuaren aldean. Ugaldu egingo dira birziklatze-lekuak, baita edukiontzien kopurua eta bilketaren maiztasuna ere, materia organikoaren gaikako bilketa ezarriko da modu progresiboan —sarraila elektronikoa medio—, edukiontzi guztiak mugikortasun murriztuko pertsonentzat irisgarri izatera iritsiko da, ibilgailu berriak erosiko dira —flota berritu eta irudi modernoagoa emateko, eta, horrez gain, zerbitzuen balio-aniztasuna ahalbidetzeko— eta banako konpostajea nahiz komunitarioa sustatuko da, esparru urbanoan.

Orobat iragarri du César Fernández de Landak Gasteizko Hiri-hondakinen Gida-plana martxan jarriko dela, garbiketaren eta hondakinen kudeaketaren inguruko ordenantza berrikusiko dela eta, halaber, hondakinen bilketa eta tratamenduaren tasen ordenantzak.

 

“Gasteiz garbiago baten alde”

“Nahiz eta Gasteizek asebetetze-mailarik gorenak lortzen dituen estatuan, hiri-zerbitzuen kalitateari dagokionez, herritarrek beharbada ez dute berdin ikusten. Hiria, oro har, garbi badago ere, inoiz, une jakinetan, garbiketa-itxura hori ez da horrela ikusten, eta horrek kalte egiten dio hiriaren garbitasunari buruzko irudi orokorrari”,  azaldu du zinegotziak, eta nabarmendu du Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren Sailetik berariaz jardungo dela tamaina handiko objektuen legez kanpoko zabortegien, edukiontzietatik kanpo uzten diren zaborren, txakur-gorotzen eta pintaketen kontra.

 

Hondakinak kudeatzeko azpiegituren hobekuntza

Iragarri diren ekintzetako besta bat hondakinak kudeatzeko azpiegituren hobekuntza izan da, hala nola Gardelegiko zabortegiko lixibiatuan lindanoa erauzteko tratamendu-lantegia eraiki eta ustiatzea, Gardelegiko zabortegia zigilatzeko proiektua eta Gardelegiko zabortegian hondakindegiko meatzaritza-proiektu baten bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta ingurumenaren arlokoa ebaluatzea, besteak beste.

 

Ingurumen-kontrol handiagoa

Jarduera ekonomikoen, airearen kalitatearen eta zarataren kudeaketaren ingurumen-kontrola hobetuko du Udalak, araudia berrikusiz

 

 

Share