Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  11 iraila 2019 13:41

  • Neurri berriak planteatu ditu Iñaki Gurtubaik fiskalitate berdearen arloan
  • Iruzur fiskalaren kontra borrokatzeko plan berri bat jarriko du abian datorren urtean

 

 

2020 ekitaldiko aurrekontu-proiektuak, aurreneko aldiz Gasteizko Udalaren historian, genero-ikuspegi aintzat hartuko du, bai lantzeko orduan, bai gauzatzeko orduan. Hori izan da Ogasuneko zinegotzi Iñaki Gurtubaik iragarritako konpromisoetako bat, bere sailaren 2019-2023 agintaldirako gobernu-programaren aurkezpenean. Berrikuntza horri beste batzuk gehituko zaizkio, hala nola fiskalitate berdeari dagozkionak, iruzurraren kontrako borroka edo “paperik batere ez” helburua.

Bere aurreneko helburuen artean jarri du Gurtubaik adostasuna bilatzea, datorren urteko ordenantza fiskalak eta udal aurrekontua onestea errazago gerta dadin. “Adostasunak lortzera jarrita gaude erabat, eta uste osoa dut etapa berri honetan denok dakigula zein den herritarrek eman diguten agindua, hau da, elkarrekin hitz egin, eztabaidatu eta akordioak lortzea, Gasteiz hiri are hobea izan dadin”, azpimarratu du Ogasuneko titularrak.

2020ko zerga-proiektuen eta kontuen negoziaziorako abiapuntuko diagnostiko gisa, kontu hartzaile nagusiak egindakoa proposatu du Urtaranen gobernuak. Izan ere, behin eta berriz ohartarazi izan du hark tarte txikia dagoela ohiko diru-sarreren eta ohiko gastuen artean, udal finantzetan. Urteko balantze ekonomikoan izandako aurrezpen garbi eskasaz ohartarazi du Gurtubaik, eta egoera hori konpondu beharra dagoela azaldu du, tasak eta prezio publikoak zenbait zerbitzuren benetako kostura moldatzeko premia. Era berean, Udalaren zorra murrizten jarraitzeko konpromisoa hartu du —% 15 murriztu zen joan den agintaldian, kudeaketa ekonomiko onari esker—.

2020ko aurrekontua, genero-ikuspegiarekin

Iragarritakoen artean nabarmentzekoa da datorren urteko aurrekontu-proiektua izango dela gizon eta emakumeen arteko aukerak berdintzera zuzendutako ikuspegia bere egingo duen aurrenekoa. Garapen iraunkorreko helburuetan eta 2030 Estrategian sartzen den neurri horrek jauzi kualitatiboa ekarriko du Berdintasun Planaren bitartez ezartzen ari diren politiketan. Horretarako, genero-adierazleak landuko dira kontuen proiektuko aurrekontu-programetarako, eta, era berean, aurrekontua gauzatzeak genero-ikuspegiari nola erantzuten dion ebaluatzeko sistemak ezarriko dira.

“Esku-hartze publiko zuzenagoa bermatu nahi dugu, gardenagoa eta ekitatiboagoa, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari dagokionean, eta, horretarako, balio handiko tresna da udal-aurrekontua”, adierazi du Ogasuneko zinegotziak.

Fiskalitate berdea

2019-2023 agintaldirako gobernu-ildoetako bat izango da zergen kudeaketan fiskalitate berderantz aurrera egiteko aukera emango duten berrikuntza teknikoak egitea. Zentzu horretan, berariazko batzorde txostengile bat eratuko da, hiri-hondakin solidoak bildu eta suntsitzeko zerbitzuari dagokion tasa aztertzeko. Batzorde txostengile horretan hondakinen gaikako bilketan inplikatzen diren familientzako hobari fiskalak nola ezarri aztertuko da, kontrata berriari esker posible izango baita hori.

Aldi berean, elektrizitatea eta gasa garraiatzen duten enpresei tasa berri bat ezartzearen bideragarritasunari buruzko azterlan teknikoa egingo da. Auzitegi Gorenak bermea eman dio, berriki eman dituen zenbait epairen bitartez, udalek elektrizitatea, gasa edo hidrokarburoak garraiatzen dituzten konpainiei jabari publikoaren aprobetxamendu bereziagatiko tasak ezartzeko aukerari, eta hori aztertu nahi du Gasteizko Udalak.

Iruzur fiskalaren kontrako plan berria, 2020-2023

Orobat, zergen alorrean, nabarmentzekoa da Iruzur Fiskalaren kontrako Plana (2020-2023) martxan jarriko dela datorren urtean. 4.500.000 euro izan dira, Iñaki Gurtubaik balioetsi duenez, egungo planak Udalari ekarri dizkion diru-sarrerak. Emaitza on horrek jarraitutasuna izango du plan berriari esker, bereziki hiru zerga aintzat hartzen direlarik: Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga, Ekonomia Jardueren gaineko Zerga eta Gainbalioaren Zerga.

Hiru zerga horietan gertatu ohi baitira aitorpen oker edo osagabe gehien. EJZren kasuan, gainera, zerga berrikusteko plan bereziaren bigarren faseari ekingo zaio.

Era berean, tarifa laua finkatzeko lan egingo da. Izan ere, joan den urtean jarri zen martxan tresna hori, eta orokortu egin nahi da gaur egun zergen ordainketa zatikatua duten ia 30.000 zergadunen artean.

Batere paperik ez kontratazioan, eta tresna informatiko berriak

Azken urteetan kontratazio-zerbitzuen eraginkortasuna hobetze aldera ezartzen ari diren aplikazio informatikoek aukera eman dute agintaldi honetarako helburu berri bat planteatzeko: kontratazio elektronikoa orokortzea, paperaren erabilera erabat murrizteko, eta hartara kostuak aurrezteko herritar eta enpresei, eta izapideak errazteko. “Gainera, dokumentazio guztia formatu digitalean edukitzeak bermeak honbetuko ditu, gardentasuna erraztuko du eta segurtasun handiagoa emango die kudeaketei”, azaldu du Gurtubaik.

Beste tresna informatiko batzuk izango dira Udal ondasunen inbentarioa kudeatzeko baliatuko dena eta kontratazioko klausula sozialen eta ingurumenaren arlokoen jarraipena egiteko baliatuko dena.

Azkenik, udal ondarearen kudeaketari dagokionez, Ogasuneko zinegotziak konpromisoa hartu du udal titulartasuneko lokal hutsak kudeatzeko plana garatzeko.

 

 

 

Share