Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  11 iraila 2019 14:23

 

  • Alkateorde eta Sustapen Ekonomikoko zinegotzi Maider Etxebarria enpresentzako laguntzak handitzearen alde agertu da, “kalitateko lanpostuak sor daitezela sustatuko duten aukera berriak” zabaldu daitezen.
  • Gasteizko Udalak Industria Plan berri bat idatziko du degradatutako industrialdeak berrindartu daitezen.
  • Merkataritza-sektoreari zuzendutako laguntza-ildo berri bat proposatuko du Udalak.

Maider Etxeberria alkateordeak gaur iragarri duenez, berak zuzentzen duen Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Departamentuak bulego tekniko bat zabalduko du inbertsioak eta jardunaldiak erakartzeko. Gainera, Gasteizko Udalak bi laguntza-ildo sortuko ditu, hurrenez hurren, enpresak finkatzeko eta Arabako hiriburutik kanpora ezagutarazten diren jarduerak sustatzeko helburuarekin. Departamentuak legegintzaldi berri honi begira dituen lan-ildo nagusiak aurkeztu ditu gaur goizean zinegotziak, Enplegu eta Merkataritzako zinegotzi delegatu Felipe Garcíarekin batera.

Une honetan hiriak erronka bati aurre egin behar dio, hots, “aldaketa orokorrak gertatzen ari diren une batean aukera berriak zabaldu eta enplegua sortu behar du”, eta hala, alkateordeak ziurtatu duenez, “beharrezkoa da urratsak egitea kalitateko lanpostuak sortzeko eta dagoen enplegua sendotzeko. Hiriaren sustapen ekonomikoak urrats kualitatibo bat egin behar du kudeaketa-irizpide berrietarantz”.

Legegintzaldi honetan, berak esan duenez, arlo honetan egiten den lanak bost ardatz izango ditu, eta horiek guztiak NBEaren Garapen Iraunkorreko Helburuekin (GIH) bat etorriko dira.

1 – Industriari Laguntzeko Plan Berria

Industria, udal ekonomiarentzat funtsezko sektore bat izateaz gain, “hiriko iraganaren eta etorkizunaren parte ere bada”. Horrexegatik, Etxebarriak baieztatu duenez, legegintzaldi honetan arlo honetan duten erronka nagusia Industriari Laguntzeko Plan berrian sartutako neurri multzo bat antolatzea izango da, 2020-2023 epea bilduz. Txosten horretan industrialdeak hobetzeko “ezinbesteko” lanak jasoko dira; enpresekin dituzten harremanak sendotu egingo dituzte haien iradokizunak eta erreklamazioak ezagutzeko; eta “harreman estrategikoak” finkatuko dituzte udalerriko hezkuntza-erakundeekin, ikerketa-zentroekin eta enpresekin.

2 – Toki Garapenerako Bulegoa

Ekonomia Sustapenaren Departamentuak Toki Garapenerako Bulegoa jarriko du abian, alegia, udal teknikarien taldeko zenbait pertsonek osatutako “udal antena” bat, eta Ingurumena eta Hirigintza bezalako beste departamentu batzuekin, Gilsa sozietatearekin, Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin koordinatuta, bi helburu nagusi izango ditu.

-Lehena, dagoen informazio ugaria biltzea izango da, industria, logistika eta enpresa arloko inbertsioak etor daitezela errazteko. Horrekin batera, handitzeko edo lekuz aldatzeko aukera aztertzen ari diren enpresa aktiboen kasuak aztertuko ditu talde horrek. “Ez dugu nahi sustapen ekonomikoarentzat eragozpenik egon dadin, edo probintziatik kanpora joan behar duen proiekturik egon dadin. Gehitzea bezain garrantzitsua da ez gutxitzea”, Etxebarriak esan duen moduan.

-Toki Garapeneko Bulegoaren bigaren helburua biltzarrak, azokak, profesionalen batzarrak edo kultura-ekitaldiak erakartzea izango da.

3 – Laguntza-ildo berriak

Udal Gobernuaren iritziz, beharrezkoa da bi laguntza-ildo irekitzea.

-Lehena, enpresa sortu berriak sendotzeko helburua izango duena.

-Bigarren laguntza-ildoak Gasteizen egiten diren jardunaldien antolaketarako diru-laguntzak emango ditu, eta ezinbesteko baldintza izango da hiritik kanpora formatu desberdinetan horiek ezagutaraztea. Diru-laguntza horiek ez dute zerikusirik izango indarrean dauden beste babes-hitzarmen eta kontratu batzuekin.

4 – Administrazio-oztopo gutxiago

Etxebarriak esan duenez, Gasteizko Udalak “Administrazio arin eta oztopo gutxiagoko bat” behar du, enplegua sortzeko helburua duten ekimenak abian jartzeko beharrezkoak diren administrazio-izapideak egiteko orduan. Hori bai, kontratu publikoen eta diru-laguntzen araudiek ezartzen dizkiguten eskakizunen barruan betiere.

Gainera, udal araudia malgutzearen alde azaldu da zinegotzia, baita Plan Orokorra eta beste ordenantza batzuk ere, esate baterako, ostalaritzakoa, negozio berriak zabaldu daitezela mugatuko duen “oztopo” bihur ez dadin.

5 – Gasteiz, ekimen handiko hiria

Hiria “aldaketa-une baten eta, beraz, abagune on baten aurrean dago”, eta horrexegatik, alkateordeak gainerako taldeetako kideei eskua luzatu nahi izan die hiru arlotan elkarrekin lan egiteko: Ekonomia berriak  indartu (aberastasuna sortu, gizarte-premiak kontuan izango dituen ikuspegi berri batekin), ekintzailetzari bultzada eman, eta ekonomia berdea babestu, enplegua sortzeko (ekonomia zirkularra).

TURISMOA

Beste alde batetik, Turismo alorrean, Etxebarriak adierazi du sektore hau “etorkizuneko eragile eta ekonomia berrindartzeko aukera bat” dela, eta Gasteizko hiriak hori aprobetxatzen jakin behar duela. Bere iritziz, Arabako hiriburuak duen kokapen estrategikoa dela eta, “eragiketa-leku ezin hobea” da, inguruko beste hiri batzuk eta Arabako Errioxa bezalako eskualdeak bisitatzeko. “Gure eredu turistikoak ahalmen handia du, berezia eta askotarikoa delako, eta bere eskaintza abantaila lehiakorra da, masifikatuta dauden beste inguru batzuekin alderatuta”.

Gasteizko hiriak joan den astean Munduko Hiriburu Berdearen saria erdietsi zuela gogoratu ondoren, Etxebarriak azpimarratu nahi izan du hiriak ahalik gehiena aprobetxatu behar duela familia-turismoarentzako erreferentzia-gune iraunkor gisa duen “ahalmen handia”.

Turismo zinegotziak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzako Turismo Zuzendaritzan ibili izana aprobetxatuko duela bultzada horretan “Gasteizi onura ekartzeko”. Zinegotziak esan du Udalak Basquetour, Spain Convention Bureau eta APCE sustapen-jarduerekin bat egin behar duela, hiriak nazioartean oihartzun handiagoa erdietsi dezan.

Agintaldi honetarako dituen helburuen artetik, alkateordeak hiru nabarmendu ditu: Europa jauregiari “txinpartak ateratzea”, Gasteizko hiriak ikus-entzunezko ekoizpenarekin duen harremana indartzea FesTVal edo Film Office bezalako formulen bidez, eta 2020. urtean Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroa irekiko dela aprobetxatzea.

ENPLEGU EGONKORRA ETA KALITATEKOA

 Enplegu eta Merkataritzako zinegotzi delegatu Felipe Garcíak, bestetik, berak zuzentzen dituen arloen lehentasunak aurkeztu ditu gaur goizean. Enpleguaren alorrean, zinegotziak bi helburu nagusi iragarri ditu: hirian enplegu egonkorra eta kalitatekoa sustatzea eta talentuari Gasteizen eustea. Alde horretatik, Garcíak adierazi du Udalaren laguntza-ildoek udalerriko enpresen artean kontratazio egonkorra sustatzeko helburua izango dutela.

 “Enplegua sortzeko eta horren kalitatea sendotzeko ematen ditugun laguntza publikoak indartu egingo ditugu. Enpleguaren kalitatea eta egonkortasuna ezinbesteko baldintza direlako talentuari eusteko eta sormena eta berrikuntza loratzeko”, ziurtatu du zinegotzi delegatuak.

Enplegu arloaren helburu nagusietako bat, halaber, gazteen heziketa eta enplegurako udal plan bereziak sustatzen jarraitzea da. Horrekin batera, enpresa berriak sortzeko beharrezkoa den egitura eta ehuna sor dadin ahaleginduko dira bereziki, zinegotziak esan duenez.

Legegintzaldi honetako erronken artean, halaber, 45 urtetik gorakoen artean enplegua sustatzea dago. Alde horretatik, Garcíak azpimarratu duenez, udal arloak Lanbiderekin elkarlan estuan lan egingo du enplegu-planak malgutzeko xedez, tokiko errealitatera hobeto egokitu daitezen eta plan integralak osatu ahal izan ditzaten, adin handieneko eskatzaileak lan-merkatuan sar daitezela erraztuz.

Prestakuntza arloan, berriz, Felipe Garcíak iragarri du bere departamentuak berrikusi eta eguneratu egingo duela heziketa-eskaintza, “gure ekoizpen-egituraren benetako premietara egokitzeko, betiere”, berak ziurtatu duen moduan. Gainera, legegintzaldiaren “puntu garrantzitsuenetako” bat Gasteizko hezkuntza eta enpresa-ehuneko eragileekin elkarlanean aritzea izango litzateke, laneratzeko heziketa-plan dualetan parte hartu dezatela sustatzeko.

MERKATARITZARI BULTZADA EMATEA

Merkataritzaren udal arloak hiru norabidetara zuzenduko ditu bere lan-ildoak: a) ezarrita dauden establezimenduak babestu, 2) negozio berriak ireki daitezela erraztu eta 3) tokiko eta hurbileko kontsumoaren aldeko eta hori babesteko kanpaina didaktiko bat abiarazi. “Urratsak egin nahi ditugu ahal den neurrian gure hirian jada ezarrita dauden negozioak indartzeko, eguneratzeko eta hioriei bultzada berri bat emateko”, azaldu du Felipe García zinegotziak bere agerraldian.

Zinegotziak gaur goizean iragarritako neurrien artean hauek leudeke: merkatarientzako egungo laguntza-ildoei bere horretan eustea “eta ahal bada, bultzada berri bat ematea”, establezimenduen buru gisa belaunaldi-ordezkapena sustatzearen alde lan egitea eta negozioetan prestakuntza eta birziklapena babestea, online merkataritzan barneratzeari arreta berezia eskainiz.

Alde horretatik, Udalak laguntza-ildo berri bat proposatuko du merkataritza-sektoreari zuzendua, merkataritzaren eta ostalaritzaren sektorearentzat jarduera osagarriak definitzeko, jada ezarrita dauden hitzarmenak alde batera utzirik.

Aipatzekoak dira merkatariak erakartzearren hartutako neurri batzuk, hala nola hutsik dauden lokalei balioa emateko diseinu-programa bat, negozio berriak irekitzeko baimenak emateko izapideak arintzea, edo merkatarien elkarte desberdinekin lantalde bat osatzea tokiko merkataritzaren bezeroentzat aparkaleku-soluzioak bilatzeko, eta horrez gain, Tuvisa eta Euskotrenekin mugikortasun iraunkorra sustatzeko egin litezkeen hitzarmenak ere aztertu dira.

 

 

Share