Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  12 iraila 2019 14:42

 

  • Urtero egingo da enplegu-eskaintza Udaltzaingoko lanpostuak betetzeko

Aurreko agintaldian behin-behinekotasun tasa jaisteko egindako ahaleginek jarraipena izango dute 2019-2023 agintaldian. Hori izan da Giza Baliabideen Saileko zinegotzi Iñaki Gurtubaik gobernu-programa aurkeztean hartu duen konpromisoetako bat. Helburua da behin-behinekotasun tasa digitu batera murriztea —% 38koa zen 2017an—, hots langileen % 90 baino gehiago finkoak izatea.

Horretarako, C, D eta E taldeetako lanpostuak betetzeko eskaintza publikoa aktibatuko da hurrengo hilabeteetan. Segur aski, 400etik gora lanpostu hartuko ditu, barne sustapenerako prozesua bukatzen delarik Aldi berean, abian den A1 eta A2 taldeetako lanpostuen eskaintza burutuko da, eta, hartara, 171 pertsona sartuko dira goi-mailako kategorietako lanpostuetan. Udaltzaingoaren kasuan, helburua da urtero egitea enplegu eskaintza publikoa, hutsik geratzen diren lanpostu guztiak betetzeko.

Aldi berean, langileen atalera bideratzen den aurrekontua kontrolatzeko sistema bat jarriko da martxan, Gasteizko Udalaren aurrekontu osoaren % 35aren ingurura jaitsi dadin, inbertsioei eta udal zerbitzuen kostuei aurre egiteko ahalmena izan dezan. Horretarako, absentismo-tasa jaisteko neurriak hartuko dira, eta jubilazio aurreratu eta borondatezkoengatik jasotzen diren sarien sistema aldatuko da, besteak beste.

Giza Baliabideak Kudeatzeko Plana

Enplegu-eskaintza berriez eta langileen ataleko aurrekontuaren kontrolaz gain, Giza Baliabideak Kudeatzeko Plana martxan jartzea izango da beste lehentasun bat. Tresna horren bitartez, bultzada bat eman nahi dio udal gobernuak sailari, zeinen zereginek, zinegotzi ordezkariaren esanetan lan-administraziotik harago joan behar baitute.

Lau erronka nagusitan egituratuta dago plan hori: merezimendu eta profesionalizazio sistema indartzea, langileei administrazio digitalera eta prozesu automatizatuetara moldatzeko prestakuntza eskaintzea, lan-bizitza osoan etengabeko prestakuntza sustatzea, berdintasun- eta aniztasun- politikak sustatzea Udalean eta sormenaren edo pentsamendu kritikoaren gisako balioak aintzat hartzea hurrengo enplegu-eskaintzetan.

Giza Baliabideak Kudeatzeko Planak planteatzen dituen erronketako bi nabarmendu ditu Gurtubaik: alde batetik, hurrengo urteetan erretiroa hartuko duten langile ugarien esperientzia eta ezagutza baliatzea, eta bestetik, berriz, lanpostuen teknifikazioaren aldeko apustua, prestakuntza espezializazio-esparruetara eta jendaurreko arretara moldatuz, presentzia handiago izango baitute horiek etorkizunean.

Berehalakoan sindikatuekin negoziatzen hasteko borondatea azaldu du Giza Baliabideen Saileko zinegotziak, agintaldiko programako hainbat kontu lantzeko, Giza Baliabideak Kudeatzeko Planaren ildotik.

 

 

 

 

 

 

Share