Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  13 iraila 2019 11:40

 

Kulturuneak eta EHUk proiektu artistikoak zabaltzeko egiten duten deialdian hautatutako lehen lana aurkeztu da.

 

 

 

 

 

Gaur arratsaldean, 19:00etan inauguratuko da Maria Valverderen “Blanco y Fucsia” erakusketa Montehermoso kulturuneko Jovellanos aretoan. Gaur aurkeztu dute prentsaurrekoan Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estibaliz Cantok, artistak berak, programaren komisario Cristina Arrázola Oñatek eta EHUko ordezkari Edurne González Ibáñezek.

Marta Valverde (Nigrán, 1994) Ikus-entzunezko Komunikazioan graduatua da, Vigoko Unibertsitatean. Haren ikus-entzunezko lanak Curtocircuito nazioarteko zinema jaialdian (2018), Pontevedrako Novos Cinemas nazioarteko zinema jaialdian (2016 eta 2017) eta Centro Galego das Artes da Imaxe (CGAI) zentroan (2018) ikusi ahal izan dira. Egonaldiak egin ditu Voadora antzerki konpainiarekin, Surge Madrid jaialdiaren barruan (2018), eta Histeria Kolektiboa espazioan (2019). Orain Gasteizera iritsi da.

Proiektua

Marta Valverdek zinema-irudia hartzen du abiapuntutzat inguratzen duenaz mintzatzeko: “Hogeitaka urte izatea, zure bizitzarekin zer gertatuko den ez jakitea, iraganbideak, distantziak, ibilbideak, gurasoen etxea behin eta berriro, ikasle-pisu kutreak, deserrotze etengabea, aldatzeko beldurra eta aspertzeko beldurra neurri berean, lan prekaritatea eta ihes egiteko gogoa, aldaketa etengabea/asperdura/erabili eta botatzea/ deserrotzea- emigrazioa – etxea – iraganbideak – ikasle-pisuak / belaunaldi artekoa”. Bizi den lekuen memoria eta pertsonekin zein objektuekin dituen harremanak interesatzen zaizkio. Hori dela eta, bere lanaren izaera intimoa da gehien bat, material autobiografikoa oinarritzat hartuz loturez eta pertenentziaz hausnartzen baitu.

“Aldi berean, eta alderdi teknikoari dagokionez, bideoaren aurkezpen tradizionala zalantzan jarri nahi dut, nire kontakizunari ondoen moldatzen zaion euskarria aurkitzearren. Hainbat neurritako hamasei plasmek osatutako erakusketa da.”

Erakusketetan ikus-entzunezkoen formatua hedatzeak proposamen artistikoa erakusteko eta jasotzeko egoera berriak plazaratu ditu. Ikus-entzunezko hedatuak, batetik, zentzua eta esperientzia sortzeko espazio berriak iradokitzen ditu; bestetik, narratiba berriak sortzen, zeinetan erabakiak eta eraginak ebazten diren, eta subjektibotasunaren ezagutza zehatz eta gorpuztuak garatu ahal diren.

Marta Valverdek aurkezten duen ikus-entzunezko hedatuan (Blanco y Fucsia) dokumentala eta fikzioa kontakizun beraren orrialdeak bailiran tolesten dira. Bertan, haren adiskideak eta lagunak agertzen dira, nork bere bizitzaren agintea hartzeko erronkaren aurrean, prekaritate —hori ere hedatu— testuinguru batean.

Martaren proposamenak zalantzan jartzen du kontakizuna menderatzen duen subjektu orojakilearen presentzia eta, era berean, uko egiten die ikus-entzunezko kategoria eta formatu konbentzionalei, bizipen subjektibo bat eta munduaren esperientzia lokalizatu bat —belaunaldi baten gorputzean haragiztatua— transmititze aldera.

 

Proiektu artistikoak

Erakusketa-sorta hau Montehermoso kulturunearen eta EHUko Arte Ederren Fakultatearen arteko lankidetzaren emaitza da. Duela sei urte, erakunde biek harreman emankor bati ekin genion, Leioako Fakultatean ikasitako artista hasi berrien lana ekoiztera bideratuta.

Harreman horri esker, eta orain artekoan, lehen urratsak eman ahal izan dituzte 35 artista gaztek, beren lanak jendaurrean erakusteko bide nekezean.

Proiektua kontu handiz zaindu izanak, proiektuan hobekuntza txikiak pixkanaka txertatzeak, eta, batez ere, formula denboran zehar finkatzeak, faktore horien eraginez, ekimena aukera preziatua bihurtu da hasten ari diren artisten lana erakutsi eta balioesteko, eta baita arte-mintegi eder bat ere gure testuinguru kulturalean.

Joan den urtean, azken bost urteetan ohikoa izan zen erakusketa kolektiboaren ordez banakako lau erakusketa egin ziren. Horrek lan hautatuak ardura handiagoz jorratzea eta antolaketa- eta produkzio-lan handiagoa eskatzen du, helburu bakarra delarik artista partaideei beren ahalmenak neurtzeko aukera emankorra eskaintzea.

Aurrerapauso horri esker, ikasturte honetan ere lau artista gaztek beren lana eta obra erakutsi ahal izango dute Montehermoso kulturunean, irailean hasi eta maiatza bitarteko ekimen batean, zeinaren bitartez egungo ikerkuntza artistikoaren ikuspegi interesgarri bezain anitza eskainiko den, bai eta erakusketa moldeen eta egungo gizartearekin planteatzen dituzten harremanena ere.

Urtarrilean eta otsailean Irene Carmonaren lana, otsailetik martxora Susana Viñolorena eta apiriletik maiatzera Javier Ozcoidirena izango dira ikusgai.

 

Share