Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  16 iraila 2019 12:00

Gasteizko herritarren zahartzea izango da udal gobernu berriak aurre egin beharreko erronka nagusietako bat, eta Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak ere arreta berezia emango dio agintaldi honetan, adinekoentzako baliabide, zerbitzu eta programa berriak egokituz.

Horixe azaldu du arloaren ardura duen zinegotziak, Jon Armentiak, bere sailaren gobernu programaren berri emateko gaur batzordearen aurrean egin duen agerraldian. Programaren helburua da “gizarte zerbitzu unibertsalak eta eskubidekoak sendotzea, ororentzat, baita gizarte zerbitzuen eredu moderno eta normalizatzailea sendotzea ere, arreta ematen zaien pertsonen duintasuna eta eskubideak eta autonomiarako gaitasuna aitortzen dituena“.

 Armentiak adierazi duenez, “arriskuei erreparatzen dieten eta sustapenean eta prebentzioan inbertitzen duten gizarte zerbitzuak eduki behar ditu hiriak, aldi berean, pertsonengan zentratutako arreta integralaren eredua garatzen duena, haien duintasuna balioesten eta haien autonomia eta erabakiak hartzeko gaitasuna aitortzen dituena“.

 Populazioaren zahartzea

 Udalak zenbait erronkari egin beharko die aurre datozen urteetan. Horietako bat, Gasteizko biztanleen zahartzea. Izan ere, gasteiztarren % 6k 80 urte baino gehiago du, eta % 21ek, 65 urte baino gehiago. “Horrek esan nahi du laguntzaren beharra handituz joango dela. Horregatik, adinekoentzako baliabide, zerbitzu eta programak indartuko ditugu. Haien autonomia errazten duten baliabideak ezarri nahi ditugu, eta zahartze aktiboa sustatu, bizi-kalitate duinaz gozatzerik eta etxean jarraitzerik izan dezaten“, esan du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotziak.

Armentiak bere sailak arlo horretan lehenetsitako ekintzetako batzuk aletu ditu:

  • Adinekoentzako udal bulegoa sortzea, administrazio izapideez informatu eta aholku emateko eta horiek egiten laguntzeko.
  • Adinekoentzako jantoki eta etxeko otorduen zerbitzuak handitzea.
  • San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturala irekitzea —obrak egiten ari dira dagoeneko—, Lakua-Arriagakoa handitzea, eta Judimendi eta Santa Luzian zentro berriak eraikitzeko azterlanak egitea.
  • Berpizkundearen plazako Eguneko Arreta Zerbitzu berria irekitzea —hori ere obratan dago—.
  • Adinekoentzako osasun-parke berriak egokitzea San Martin, Sansomendi eta Lakua-Arriagan.

Gobernuaren beste lehentasunetako bat gizarte zerbitzuetan inbertsioa sustatzea izango da, gizarte zerbitzuen zorroko prestazio eta zerbitzuen benetako unibertsaltasuna lortzearren, eta horrek ere mesede egingo die adinekoei. Jon Armentiak helburu hauek aipatu ditu:

  • Azpiegiturak (eguneko arreta-zentroak, zainpeko apartamentuak eta etxebizitza komunitarioak) eta giza baliabideak egokitzen jarraitzea 1. graduko mendekotasun-balorazioa duten pertsonei arreta emateko.
  • Itxarote-zerrendak murriztea, Aurora etxebizitza komunitarioa irekita eta antzeko beste plaza batzuk sortuta.
  • Familiei atsedena bermatzea zentro eta zerbitzuetan, zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoen bitartez.
  • Adinekoentzako eguneko arreta-zerbitzuetan eta adinekoei ostatu emateko zerbitzuetan sartzea arautzeko ordenantza onestea.

Populazioaren zahartzeaz gain, sailak baditu beste erronka batzuk ere, hala nola pobreziaren eta desberdintasunen kontrako borroka eta zaintza-lanen eta loturen krisia —”populazio sektore batzuk nahi gabeko ahultasun- eta bakardade-egoeran daude, ia laguntzarik ez dutelako“—, dibertsitateari —”batzuek arazotzat hartu arren garrantzitsua baita aberasgarria eta harrotzeko modukoa dela nabarmentzea“— eta sortzen ari diren behar sozial konplexu eta askotarikoak.

 Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Saila, bestetik, programa komunitarioak lantzen saiatuko da “auzoetan, entitate eta eragileekiko lankidetzan; horrek aukera emango digu zenbait arazori heltzeko, nahi gabeko bakardadeari, esaterako, eta komunitate solidario, kohesionatu eta inklusiboagoa eraikitzeko“.

Helburu eta ekintza hauek ere jarriko dira abian:

  • Arabako Foru Aldundiarekin gizarte zerbitzuen alorreko eskumenen berrantolaketa burutzea.
  • Osasunarekin, hezkuntzarekin, etxebizitzarekin, enpleguarekin eta gutxieneko diru-sarrerak bermatzearekin lotura duten zerbitzuekiko lankidetza indartzea, herritarren beharrei erantzun integratu eta koordinatua emateko.
  • Haur eta nerabeak babestea eta haien eskubideak aldeztea.
  • Pobreziari, gizarte bazterketari eta desberdintasunei aurre egitea, esklusio-egoeran dauden pertsonei arreta emateko programak indartuz.
  • Indarkeria matxistaren biktimentzako arreta areagotzea.
  • Udalaren gizarte zerbitzuak herritarrei hurbiltzea. Besteak beste, zerbitzuak eskuragarriagoak izateko neurriak landuko dira (hitzorduak online, aurrez aurre eta telefonoz, etab.) eta Gizarte Zerbitzuen Behatokia sortuko da, udalaren gizarte zerbitzuek ematen duten arreta aztertu eta beharrizan berriak antzemateko.

Garapenean Laguntzea 

Garapenerako lankidetzari dagokionez, Jon Armentiak “herritarren artean elkartasunaren kultura sustatzea” ezarri du helburutzat, eta garapena finantzatzeko baliabide ekonomiko egonkorrak ematea. Horrekin lotuta, aurrekontuaren % 0,7 garapenera bideratzen jarraitzeko konpromisoari eutsiko dio Gasteizek.

Era berean, lanean jarraituko da proiektuak garatzean kalitatea eta eraginkortasuna hobetzeko, baita horretan diharduten gainerako erakunde publikoekiko koordinazioa hobetzeko ere. “Gainera, udalaren inplikazioa areagotu nahi dugu bai lankidetza-programetan bai sentsibilizazio eta garapenerako hezkuntzaren alorrean”, amaitu du zinegotziak.

Share