Prentsa Oharren banner

Larunbatean ‘escape room’ handia bihurtuko da Europa jauregia, bere 30. urteurrena ospatzeko

 

  • Bihar irekiko du Udalak logika-jolasen doako ginkanan izena emateko epea
  • Ekonomia Sustapenerako Sailak jauregia ezagutzeko doako bisita gidatuak antolatu ditu, ostiralero, urriaren bukaerara arte

Udaleko Ekonomia Sustapenerako Sailak —Maider Etxebarria alkateordea du gidari— doako zenbait jarduera antolatu ditu Europa jauregiaren 30. urteurrena ospatzeko; 1140 pertsonak hartu ahalko dute parte horietan. 160 pertsonak ihes-geletan inspiratutako jarduera batean hartu ahalko dute parte, eta gainerakoek, bisita gidatuetan.

Larunbatean, hilak 21, biltzar etxeko aretoak eraikinaren zenbait txokotan garatuko den logika, adimen eta trebetasun-jolasen ginkana baten agertoki bihurtuko dira. ‘Escape room’ esperientzia baten egokitzapena izango da ,baina horietan ez bezala, parte-hartzaileak ez dira itxita geratuko. “PassivHaus jauregiaren sekretua” izeneko jarduerak garai batean gizarte etxea izandakoaren ezaugarri jasangarriak ezagutarazteko balioko du. Interesdunek bihar eman ahalko dute izena, Europa jauregiko mostradorean, doan.

Garrantzitsua da herritarrei beren hiriak dituen baliabideak ezagutaraztea. Bai ginkanaren esperientzia bai bisita gidatuak aukera bikaina dira Gasteizen dugun altxor hori, Europa biltzar jauregia, ezagutarazteko”, adierazi du alkateorde eta Ekonomia Sustapenerako zinegotzi Maider Etxebarriak jardueren aurkezpenean.

Larunbateko esperientziarako doako gonbidapenak bihar, asteartea, jaso ahalko dira, 10:00etatik 20:00etara, Europa biltzar jauregiko sarrera nagusian. Pertsona bakoitzak gehienez 3 sarrera hartu ahalko ditu, eta zenbait ordutegi emango dira aukeran, larunbateko 9:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. 18 urtetik beherakoek heldu batek lagunduta joan beharko dute; parte-hartzaileei beren txanda hasi baino bost minutu lehenago agertzea gomendatzen zaie.

Ginkanaren erronka berezi horretan izena ematen dutenek era guztietako enigmak eta buruhausteak asmatu beharko dituzte istorio bat osatzeko eta eraikineko aretoetan, zabaltzan eta landarezko fatxadan bertan ezkutatutako sekretuak aurkitzeko.

10 pertsonak osatutako taldeetan egingo da jarduera, 30 minutuko txandetan banatuta; ibilbide osoak ordubete irauten du. Probak amaitutakoan, jokalariek iraunkortasunarekin lotutako oparitxoa jasoko dute. Talde bakoitzak jarduerarako berariaz diseinatutako kutxa bat eramango du, eta hori ez da irekiko aretoko leku jakin batean kokatzen den arte. Kutxaren barruko ataletan aurkituko dira hurrengo urratserako pistak.

 

Bisita gidatuak

Gainera, urriaren bukaerara arte, Europa biltzar jauregiko leku ikusgarrienak publiko orokorrarentzat irekiko dira ostiralero, gutxien ezagutzen direnak barne, hala nola landarezko fatxadaren goialdea eta zabaltza. Irailaren 20 eta 27an eta urriaren 4, 11, 18 eta 25ean hartu ahalko dute parte herritarrek Udalak antolatutako doako bisita gidatuetan, aldez aurretik izena eman beharrik gabe . Ostiralean, irailak 20, ordu erdiro abiatuko dira txandak, 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 20:00etara. Hurrengo ostiraletan, irailaren 27tik urriaren 25era arte, goizez bakarrik egingo dira bisitak, 10:00etatik 14:00etara, ordu erdiro. Nahikoa izango da jauregiko sarreran agertzea eta langileei jakinaraztea.

Share