Prentsa Oharren banner

Mugikortasun iraunkorrari buruzko lehen ihes-gela Gasteizen irekiko da

 

– Jarduera gaurtik, irailak 17, larunbatera arte egongo da zabalik herritar ororentzat, Posta eta Independentzia kaleen arteko kalearekiko kantoian, Postetxe plazatik hurbil

– Dagoeneko 30 taldek baino gehiagok eman dute izena, 20 minututan gehienez probak gainditzen saiatzeko. Parte hartu nahi dutenek udalaren web-orrian eman dezakete izena.

4 pertsona, 20 minutu eta erronka bat: Gasteizko Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren berrikuspenaren gakoetako batzuk aurkitzea. Horixe da Udalak gaur aurkeztutako proposamen originala, Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astearen barruan. Gaurtik larunbatera arte, mugikortasunari buruzko lehen ihes-gela jarri da Posta eta Independentzia kaleen arteko kalearekiko kantoian, edukiontzi baten barruan. Hirian izandako eraldaketaren gakoetako batzuk erakutsi nahi zaizkie herritarrei, aretotik garaiz atera ahal izateko misterioak eta enigmak asmatzea eskatzen duen jarduera baten bidez. Ihes-jolas berezi hori  diseinatzean super-etxadiak, oraingo eta geroko bizikleta-sarea eta espazio publikoaren aldaketak eta antzeko kontzeptuak hartu dira kontuan. “Mugikortasun iraunkorrago baterantz joateko behar den aldaketaz kontzientziatzeko era irudimentsu eta dibertigarria dela uste dugu. Ihes-gelek gero eta jarraitzaile gehiago dute, eta horren froga da dagoeneko 30 taldek baino gehiagok eman dutela izena enigma asmatzen saiatu eta aretotik garaiz irten ahal izateko”, azpimarratu du Gasteizko Udaleko Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzia. zinegotzi Amaia Barredok aurkezpenean.

Jardunaldian parte hartu nahi dutenek udalaren web-orrian eman dezakete izena, doan. Talde bakoitzean gehienez 4 kidek har dezakete parte, eta bakarrik jarduteko gutxieneko adina 8 urte da. Monitore-kudeatzaile batek azalduko die jolasa zertan den taldeei, eta hark zainduko du arauak betetzen direla. Enigma aretoak diseinatu du ihes-gela berezi hori. Ordutegi hau izango du jarduerak: asteartetik ostiralera, 10.30etik 13.30era eta 16.30etik 20.30era; larunbatean, 11.00etatik 14.00etara.

Jarduera horretaz gain, mugikortasun iraunkorraz kontzientziatzeko beste batzuk ere antolatu dira herritarrek aktiboki parte har dezaten, esaterako, Ekin Breakfast izenekoa: mugikortasun iraunkorra negozioaren ardatz eginik aberastasuna eta enplegua sortu duten enpresak aurkeztuko dira Goiuri jauregian, hilaren 19an (osteguna). Larunbatean, berriz, ibilaldi bat egingo da mugikortasun planaren 10 urteetan hiri espazioan izandako aldaketa esanguratsuenetatik, 10.30ean hasita, eta egun berean Europako “Hiria nire autoa gabe” eguna izango da San Frantzisko aldapan, 11.00etatik 14.00etara. Ostiralean, berriz, gaueko bizikleta-martxa antolatu da. Udalaren web-orrian eskura daiteke informazio guztia.

Share