Prentsa Oharren banner

Urrezko Zeledonen gala egingo da bihar, Musika Bandak lagunduta

Jesús Moraza txistularia eta Joselu Anayak musika taldea dira sarituak

Bihar, 20:00etan, Urrezko Zeledonen gala hartuko du Principal antzokiak; aurten Jesús Moraza txistularia eta Joselu Anayak musika taldea omenduko dituzte. Udal Musika Bandak joko du ekitaldian, 2011n sariak banatzen hasi zirenez geroztik ohi duen bezala.

Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok, Urrezko Zeledonen lehendakari Josemari Velez de Mendizabalek eta Bandaren zuzendari Hilario Extremianak aurkeztu dute gala, gaur emandako prentsaurrekoan.

Duela hiru urte izendatu zuten Urrezko Zeledonen kide Udal Banda, haren mendeurrena zela eta. Melodia herrikoiak izango dira nagusi joko duten errepertorioan, Garikoitz Mendizabal txistulari bakarlari delarik; gainera, Joselu Ruiz de Gordoak berak konposatutako bi lan (“Bizi-iturria” eta “Basoko deia”) joko dituzte.

 

Musika ibilbideak

Epaimahaiak Jesús Morazak txistulari gisa egin duen bide luzea saritu nahi izan du, “euskal musika tresnaren adierazkortasuna benetako artearen mailara igo baitu”. Moraza Udal Txistulari Bandaren zuzendaria izan da, baita Aldundiko Bandarena ere. Berrogei urtetik gora eman zuen Jesús Guridi kontserbatorioan irakasle, eta gaur egun “Auroroen” animatzailea da.

Joselu Anayak musika taldeak ere urte asko daramatza lanean, 1977az geroztik milaka dantzaldi girotu baititu; hori dela eta saritu du Urrezko Zeledonen erakundeak. “Ez da de Ruiz de Gordoatarrekin dantzatu eta abestu ez duen arabarrik”, adierazi dute antolatzaileek gaurko aurkezpenean.

 

Share