Prentsa Oharren banner

Gasteiz, ‘Mayor Impacto Ciudadano’ saria garapen iraunkorreko helburuekin eta iraunkortasunarekin duen konpromisoagatik

 

 

  • Euskadiko hiriburuak sari hori jaso du Ecovidrio sarien 20. edizioan, hiri iraunkortasuna hobetzen, klima-aldaketaren kontra borrokatzen eta garapen iraunkorreko helburuak lortzen egindako ibilbide luzea dela eta.
  • Hori ospatzearren, Ecovidriok beirazko ontziak biltzeko munduko edukiontzi handiena jarri du hirian, zeinak gasteiztarrek beirazko ontziak birziklatzen egindako ahalegina eta erakutsitako kemena sinbolizatzen baititu.

Ecovidrio irabazi-asmorik gabeko entitateak —Espainian beirazko ontzien hondakinen birziklatzea kudeatzeaz arduratzen da—  gaur iragarri duenez, Gasteiz hiriari eman dio “Mayor Impacto Ciudadano” saria, Ecovidrio sarien 20. edizioan. Garapen iraunkorreko helburuak lortzen, klima-aldaketaren kontra borrokatzen eta hiri iraunkortasuna hobetzen egindako ibilbide luzea dela eta lortu du hiriak aipatutako entitatearen aitorpena.

REDS-Garapen iraunkorrerako Espainiako Sareak Espainiako 100 hiriri buruz 2018an egindako txostenaren arabera, Gasteiz Espainiar estatuan 80.000 biztanletik gora duten hirien artean ondoen kokatutakoa da garapen iraunkorreko helburuak lortzeari dagokionez. ‘Mirando hacia el futuro: Ciudades sostenibles’ izenburua duen txostenak ingurumen-iraunkortasunarekin lotutako bi adierazletan nabarmentzen du bereziki Euskadiko hiriburua: 6. GIH (ura eta saneamendua) eta 12. GIH (ekoizpen eta kontsumo arduratsua).

Duela bi hamarkadatatik etengabe, Arabako hiriburua ingurumenarekiko konpromiso sendoa eraikiz joan da, bi zutabetan oinarrituta: ingurumen-iraunkortasuna hobetzeko jarduera etengabeak eta  ingurumena babesteko kontzientzia gero eta handiagoa herritarren artean. Konpromiso hori erabakigarria izan zen 2012an European Green Capital izendapena lortzeko, eta aitorpen hori irabazten zuen Europako hegoaldeko lehen hiria bihurtu zen.

Duela bi aste eskas, bestetik, Global Green City Award saria eman dio Nazio Batuen Erakundeak bultzatutako Global Forum on Human Settlements organizazioak; garapen iraunkorreko helburuak eta 2030 Agenda bete izana aitortzen du horrek.

‘Green Capital +10’ estrategiaren barruan sartutako politika berdeek hainbat alorretako jarduerak aurreikusten dituzte, hiri iraunkorrerako trantsizioan lider izaten jarraitze aldera, besteak beste, mugikortasun iraunkorra sustatzea, hiriko azpiegitura berdea hedatzea, edo ekonomia zirkularreko plana, hondakin gutxiago sortzeko eta birziklapena handitzeko.

Beirazko ontzien gaikako bilketari dagokionez, Estatuko probintzia hiriburuen arteko seigarrena izan zen 2018an, urteko eta biztanleko 22 kilo bildu baitziren (84 ontzien baliokidea). Orobat, Ecovidriorekin batera ostalaritzarako atez ateko bilketa-zerbitzua ezartzen zuen lehen hirietako bat izan zen 2000ko hamarkadan.

Gainera, Ecovidrioren eta Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, Arabak beirazko ontzien % 88ko birziklatze-tasa du, europar herrialde aurreratuenen parekoa.

Ecovidrioko Operazio zuzendari José Fusterrek nabarmendu duenez, “ingurumen arloan aurrekaririk ez duten erronken aurrean gaude une honetan, eta hiriak aktore gakoak dira garapen iraunkorrerako. Gasteizkoa bezalako kasu arrakastatsuak funtsezkoak izango dira gure gizartearen etorkizuna moldatzeko eta hirietatik ekonomia zirkularreranzko trantsizioan aitzindari izateko”.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek, berriz, Ecovidrioaren saria eskertu du: “hiri honentzat oso pozgarria da sari hau jasotzea, gasteiztarrek ingurumena babestearekin lotutako alderdi orotan urteetan egindako lana aitortzen duelako, eta egunez egun ahalegintzen jarraitzera animatzen gaituelako”. Beirazko ontziei dagokionez, zehazki, urteko eta biztanleko batez beste 22 kilo birziklatzen direla gogorarazi du.  2018an 5.481 tona bildu ziren. Epe laburrera aurreikusitako ekintza berrien artean birziklatzeko edukiontzi gehiago jartzeko asmoa da nabarmengarriena, 700 izatetik 1.100 izatera iritsiko baita 2021ean. Ostalaritzan atez ate biltzeko guneak ere handituko dira, eta aho handiagoa duten edukiontziak jarriko dira, zerbitzu hori ez dutenek errazago birziklatu ahal izan dezaten. Azkenik, herritarrak oro har sentsibilizatzeko kanpaina berriak aurreikusi dira, bildutako beiraren kantitatea zein kalitatea hobetzeko.

Edukiontzi erraldoia ospatzeko

Saria eman izana ospatzeko, Ecovidriok beirazko ontziak biltzeko munduko edukiontzi handiena jarri du hirian; Andre Maria Zuriaren plazan egongo da, irailaren 18tik 22ra. 8 metroko altuera duen igluaren bidez, herritarrek, ostalariek eta administrazio publikoek klima-aldaketaren kontrako borrokan egindako lana aitortu nahi da. Izan ere, gasteiztarrek beirazko ontziak birziklatzen egindako ahalegina eta erakutsitako kemena sinbolizatzen ditu.

Gasteizko Udalak azaroaren 8an jasoko du ‘Mayor Impacto Ciudadano’ saria, Madrilen egitekoa den ekitaldi batean.

Aurreko edizioetan hauek jaso dute ‘Mayor Impacto Ciudadano’ saria: Captain Boomer eta Madrileko Udala, ‘Whale – Un cachalote en el Manzanares’ ekimenagatik; El Hierroko Kabildoa eta Gorona del Viento zentrala, energia garbien aldeko apustuagatik, eta WWF, ‘Planetaren Ordua’ kanpainarengatik, klima aldaketaren kontrako mobilizazio kanpaina handiena baita.

Bere ibilbide profesionalean ingurumena zaintzen lagundu duen pertsonaia bat ere sarituko da zeremonian, ‘Personalidad ambiental del año’ izendatuz. Era berean, ingurumen arloko kazetarien lana sarituko da, lau kategoriatan: telebista, irratia, prentsa eta ekimen digitala.

 

 

 

 

Share