Prentsa Oharren banner

Gasteizek gazteak eta adinekoak sartuko ditu Zurrumurruen kontrako Sarean, eta proiektu berri bati ekingo dio Arana auzoan

 

 

Udalak online atxikitzeko sistema berria jarriko du abian, eta gizarte etxeetan zurrumurruen kontrako jarduerak antolatu ditu

Ikasturte honetan, Gasteizek gazteak eta adinekoak sartuko ditu Zurrumurruen kontrako Sarean, eta proiektu berri bati ekingo dio Aranako auzokoekin.  Horretaz gain, online atxikitzeko sistema berria jarriko du abian Udalak.

Bizikidetza eta Aniztasunaren zinegotzi Miren Fernández de Landak aurkeztu ditu sarearekin lotutako berrikuntza nagusiak, Amekadiko aholkulariekin batera. 2017an sortu zuen Gasteizko Udalak ekimena, kulturartekotasunarekin, gizarte kohesioarekin eta  bereizkeria ezarekin konprometitutako pertsona, entitate eta erakundeekiko lankidetzan, eta Bizikidetza eta Aniztasun Plana du abiapuntutzat.

“Ikasturte honetarako helburu nagusia da zurrumurruen kontrako estrategia zabaltzea eta publiko ezberdinen artean ezartzea, Gasteizko Zurrumurruen kontrako Sarea mantendu eta hedatzearren. Indarrak batzea eta elkarrekin lanean jarraitzea da asmoa, atzerritik etorritako pertsonen kontrako aurreiritzi negatiboak eta zurrumurruak moteltzeko, haiek ere bertako herritarrak baitira, eta bizikidetza positiboaren alde egiteko“, nabarmendu du Miren Fernández de Landa zinegotziak.

 

Adinekoen sarea

Adinekoen Zerbitzuko udal langileek zurrumurruen kontrako oinarrizko prestakuntza jaso zuten 2018an. Geroztik, zenbait sentsibilizazio-ekintza egin dira zentro soziokulturaletan, kafe-solasaldi formatuan. Sortutako interesa ikusirik, Adinekoen Zerbitzuak eta Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuak erabaki dute zentro horietako erabiltzaileei prestakuntza ematea.

Urriaren 29an gogorarazteko hitzaldia emango du Jesús Prietok, Europa jauregian, eta hirian ari den zurrumurruen kontrako agente batek bere esperientzia azalduko die entzuleei.

 

Zurrumurruen kontrako gazteak

Gasteizko gazteak lehentasunezkotzat jo dira 2019-2020rako zurrumurruen kontrako estrategian. Zenbait ekimen jarriko dira martxan proiektua gazteei hurbiltzeko, Udaleko Gazteria Zerbitzuarekin koordinatuta:  Gazte Klik Klak lehiaketaren aurtengo edizioaren gaia “zurrumurrurik EZ” izango da, Gauekoak programaren barruan zurrumurruen kontrako jarduerak sartuko dira, eta hainbat gazte talderi zurrumurruen kontrako estrategia azalduko zaie, besteak beste.

 

Aranak bat egin du zurrumurruen kontrako estrategiarekin

2019ko apirilean, Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuko taldea Aranako auzokoen ordezkari batzuekin bildu zen, auzoan zurrumurruen kontrako estrategia ezartzeko interesa adierazi baitzuten. Taldeak eskaera aztertu ondoren, erantzutea erabaki zen.

Urriaren 22, 24, 29 eta 31n oinarrizko prestakuntza eskainiko da, bi txandatan: goizez, udal langileentzat; arratsaldez, herritarrentzat.

Prestakuntzaren xedea da ezagutzak, trebetasunak eta irizpideak ematea migratzaileei buruzko estereotipo negatiboak eta aurreiritziak zabaltzen dituzten zurrumurru eta adierazpenei aurre egin ahal izateko, bazterkeria eta gorrotoa sustatzen baitituzte.

Izan ere, estereotipo eta zurrumurruen jatorria eta horiek zabaltzearen ondorioak ezagutzea, zein den esku hartzeko unerik onena eta nola egin jakitea, pertsona jakin batzuei erantzuteko egokiera balioestea, zein argudio izan daitekeen baliagarri eta zein ez aztertzea eta abar lagungarriak dira mesfidantzari eta adierazpen baztertzaileei aurre egiteko, lanean, familiaretan, lagunartean, auzoan eta beste inguru batzuetan.

 

Online atxikitzea

https://www.vitoria-gasteiz.org/ zurrumurruen aurka web-orrian Zurrumurruen aurkako formularioa bat dago eskuragarri, estrategian parte hartu nahi duen pertsona edo entitate orok erraz eta azkar bat egiterik izan dezan. Laguntza eskaini, prestakuntzan izena eman, ekintza-taldeetan parte hartu edo aldian behin informazioa jaso ahalko dute horren bidez.

 

Gasteizko Zurrumurruen kontrako estrategia

2017an hasi zen estrategia ezartzen hirian. Geroztik, oinarrizko prestakuntza eta prestakuntza aurreratua eskaini zaie hala herritarrei arreta ematen dieten eta haientzako programazioak kudeatzen dituzten udal langileei nola alor guztietako elkarteetako kideei eta estrategiaren agente gisa jardutea erabakitzen duten herritarrei.

Agente horiek osatzen dituzten sareek auzoetan garatzeko sentsibilizazio-ekintzak diseinatzen dituzte ondoren, Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuaren laguntzarekin eta AMEKADI entitateak dinamizaturik; azken horrek esperientzia handia du horrelako proiektuak kudeatzen.

Gaur egun zurrumurruen kontrako agenteen bi sare daude: Pilar-Iparraldekoa eta Salburukoa. Lehen taldeak bi urte daramatza estrategia lantzen, eta besteak, urtebete; orain arte bakoitza bere aldetik aritu da, baina batu egingo dira laster.

Gainera, ZAS! zurrumurruen kontrako euskal sarearen kide da Udala. Lan foro horretan ezagutza eta esperientziak partekatzen dituzte, ekintza bateratuak lantzen, prestakuntza diseinatzen, etab. Agenteen sare mistoa da, administrazioek (udalak, aldundiak, EHU, Eusko Jaurlaritza) eta kulturartekotasunarekin, gizarte kohesioarekin eta bereizkeria ezarekin konprometitutako era guztietako gizarte entitateek hartzen baitute parte.

Zer da zurrumurruen kontrako estrategia?

Eraldaketa sozialerako sentsibilizazio eta ekintza-proiektua da, Bartzelonan 2010ean sortua, Europa osora hedatzen ari dena.

Hauek dira estrategiaren helburuak:

  • Pertsona eta entitate kopuru handia inplikatzea, zurrumurruen aurkako agenteen sare bat sortzeko.
  • Herritarren artean pentsamolde kritikoa sustatzea eta estereotipo, aurreiritzi eta zurrumurru faltsuen ondorio negatiboei buruz sentsibilizatzea, ekintza berritzaileak eta parte-hartzaileak eginez.
  • Agenda politikoan eta sozialean eragitea, aurreiritziak murriztea eta diskriminazioari aurre hartzea hiriaren helburu kolektibo oso garrantzitsua dela onartu dadin.

 

Zer dira zurrumurruen kontrako agenteak?

Beren hiriarekin konprometitutako pertsonak dira, aniztasuna errespetatzen eta baloratzen dutenak, eta gizarte ireki eta askotariko baten aldeko apustua egiten dutenak.

Agenteek oinarrizko formakuntza jasotzen dute eta bakoitza bere inguru hurbiletan (lanekoan, senidean, lagun artean,…) eragiten eta estereotipo negatiboak eta zurrumurru faltsuak indargabetzen saiatzen da.

Horietariko batzuek zurrumurruen aurkako ekintza-taldeetan parte hartzen dute, hilean behin elkartzen dira, formazio osagarria jasotzen dute, zurrumurruen inpaktua aztertzen dute eta sentsibilizazio ekimena diseinatu eta aurrera eramaten dute.

 

Nola sortu zen  proiektua?

Mugimendua Bartzelonan hasi zen, 2010ean, eta gerora hainbat herri eta hirik egin dute bat, Euskal Herrian  (Aduna, Alegia, Alkiza, Anoeta, Asteasu, Arrasate, Basauri, Bilbo, Donostia, Eibar, Errenteria, Getxo, Hernani, Ibarra, Larraul, Ordizia, Pasaia, Portugalete, Tolosa, Zarautz, Villabona) zein Europa osoan (Castelló, Tenerife, Getafe, Logroño, Jerez de la Frontera, Nuremberg-Alemania, Patras-Grezia, Botkyrka-Suedia, Amadora-Portugal, Lublin-Polonia…).

 

Share