Prentsa Oharren banner

Gasteizko hiru enpresek lanera joateko mugikortasun-ohituren aldaketa sustatu dute

-RPK S. Coop., Automach eta Caype enpresek –336 langile dira guztira– Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astea baliatu dute hainbat neurri abiarazteko.

– Joan-etorrietarako ibilgailu pribatua erabili ordez, oinez joatea edo bizikleta zein garraio publikoa erabiltzea, eta bizikletaz doazen bezeroak sartzeko kanpaina bat, besteak beste.

 

Laneko mugikortasuna da hirietan konpondu beharreko erronka handienetako bat, baita Gasteizen ere. Hain zuzen ere, lehentasuna izango du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Planaren berrikusketan. Hori dela eta, Gasteizko Udalak lanera joateko mugikortasunaren arloko erronka bat jarri du martxan Mugikortasun Iraunkorraren Europako Asteko jardueren baitan, eta hiriko hiru enpresak hartzen dute parte: Gamarrako atean dagoen RPK S.Coop, Betoñun dagoen Caype eta Jundizko industrialdean dagoen Automach enpresek. Hiru enpresen artean 336 langile dira, eta hainbat ekintzari ekin diote mugikortasun iraunkorra sustatzeko.

RPK kooperatibak hainbat aste daramatza langileak sentsibilizatzen, garraio-modu alternatiboei buruz posta elektronikoz bidaltzen duen informazioa lagun. 28 langilek hartu dute  ibilgailu pribatua uzteko eta aste honetan lanera oinez, bizikletaz edo garraio publikoz joateko konpromisoa. Udalaren webgunean partekatzen dituzte egunero beren esperientziak, argazki eta bideoen bitartez. Ekintzari ikusgarritasun handiagoa emateko, enpresako zuzendaritzak Mugikortasunaren Astearen oroigarri diren poltsak banatu ditu.

Bestetik, bulegoko eta eskolako materiala saltzen duen Caype enpresak (22 langile) bizkar-zorro bat ematen die opari erostera bizikletaz joaten diren bezero guztiei, mugikortasun iraunkorraren alde egiten duten apustua aitortzeko. Bertako hainbat langilek ere aldatu egingo dituzte mugitzeko ohiturak, eta bizikletaz doazenei bazkari bat emango zaie, doan, urtegian. Bizikleta-aparkalekuak ere jarri dituzte.

Azkenik, Jundizko Automach ingeniaritza enpresako 6 langile (30 dira guztira) egunotan bizikletaz doaz lanera, eta partekatu egiten dituzte abantailak, eragozpenak eta ibilbidean konpondu beharrekoak.

Hiru enpresa hauetako langileek kalkulagailu berezi baten bidez ezagutu egin ahal izango dute  ibilgailu pribatuan joateak edo modu iraunkorrago bat erabilita joateak urtean duten benetako kostua.

 

Share