Prentsa Oharren banner

Bihar “La Memoria del Cuerpo: Formas en el Espacio-Tiempo” dokumentala proiektatuko du Dantza Kontserbatorioak

Film laburraren zuzendari Roberto Menéndez bertan izango da, sorkuntza prozesua azaldu eta ikusleekin hitz egiteko

Bihar, ostirala, “La Memoria del Tiempo: Formas en el Espacio-Tiempo” dokumentala proiektatuko da José Uruñuela udal dantza kontserbatorioan, 16:30ean. Espainiako dantza garaikidea ezagutzeko bidaia da, Dantza Sari Nazionala jaso duten bost pertsonaren eskutik.

Lana 2018an egin zen, eta 28:42 minutu irauten du. Daniel Abreu, Chevi Muraday (Losdedae), Jon Maya Sein (Kukai Dantza), Sol Picó eta Carmen Werner (Provisional Danza) elkarrizketatzen dituzte bertan. Haien azalpen eta ikuskizunen bitartez, nola mugitzen diren, nola sortzen duten, zerk motibatzen dituen, zein kezka eta arazo duten eta zerk bultzatzen dituen urtez urte agertokira igotzera ikusiko dugu, eta Espainiako kulturaren munduan gutxien estimatzen eta sustatzen diren arteetako baten beharrak ezagutuko. Isa Suarez nazioarteko musikagileak sortutako jatorrizko soinu-banda magikoa dute lagun irudiek.

Gainera, nor bere emankizunean ikus daiteke, bakoitza bere estilo bereizgarriarekin; dokumentalaren luze-zabalean azaleratuko dira berezko ezaugarri horiek. Hauek dira ikuskizunak: ‘Perro’, Daniel Abreu; ‘Oskara’, Kukai Dantza; ‘One-hit wonders’, Sol Picó; ‘Black Apple’, Losdedae, eta ‘Una mirada sutil’, Provisional Danza.

“La Memoria del Tiempo: Formas en el Espacio-Tiempo” filmaren zuzendariak, Roberto Menéndezek, Arte Ederretako ikasketak egin zituen EHUn, Ikus-entzunezkoen espezialitatean, eta Zinema Errealizazioa ere ikasi zuen Londresen. Hainbat urtez telebistan egin zuen lan Madrilen, erreportaje saioetan (Nosolomusica) eta dokumentaletan. Fikziozko lan laburrak ere egin zituen.  Haren dokumentalen artean nabarmenena “Los niños de Guernica tienen memoria” izenekoa da.

Fitxa teknikoa

Izenburua: La Memoria del Cuerpo: Formas en el Espacio-Tiempo

Ekoizpen urtea: 2018

Ekoizteko modua: independentea / crowdfunding

Iraupena: 28:42 minutu

Zuzendaria, ekoizlea eta gidoigilea: Roberto Menéndez

Argazki zuzendaria: Roberto Rivas

Muntatzea: Ruth Carreras

Musika: Isa Suárez

Film laburraren ibilbidea

FIVER, Logroñoko ACTUAL jaialdiaren barruko atala: ekoizten laguntzeko saria; Azkuna Zentroa; MACA (Alacanteko Arte Garaikideko Museoa), Abril en Danzaren barruan; Real Coliseo de Carlos III (San Lorenzo de El Escorial), Dantzaren Nazioarteko Eguna dela eta; ACT FESTIVAL, Bilborock, Bilbo, Nafarroako Dantza Eskola (Iruñea); Bucaresteko Linotip dantza zentroa (Errumania), Bucaresteko Dantza Zinemaren Nazioarteko Jaialdiaren barruan, Cervantes institutuaren eta FIVER jaialdiaren eskutik.  Laster: Gasteizko Dantza Kontserbatorioa; Cuarta Pared aretoa, Territorio Danza inauguratzeko; Girona Film Festival; La Fundición (Bilbo), Dantzaldiaren barruan; Danza Tac (Tenerife); Festival LDC (Madril); Bremengo Dantza Garaikideko Jaialdia, Cervantes institutuaren eta FIVER jaialdiaren eskutik; Niessen kulturgunea (Errenteria), Kukai Dantza taldeak gonbidaturik.

 

 

Share