Prentsa Oharren banner

Hasia da 2020rako udal zerga, tasa eta prezio publikoen proiektua tramitatzeko prozesua

Ogasun Batzordeak 2020rako ordenantza fiskalen proiektua tramitazio egutegia onetsi du gaur, aho batez. Udal talde politikoek bihartik urriaren 9ra arteko epea izango dute zuzenketak aurkezteko; Udalbatzak proposamena urriaren 18an behin-behineko onestea da asmoa, eta abenduaren 20an, behin betiko. Hartara, datorren urteko urtarrilaren 1ean sartu ahalko dira indarrean ordenantza fiskal berriak.

Aldi berean, herritarren partaidetzarekin lotutako zenbait urrats aurreikusten dira egutegian: irailaren 24an, jendaurreko aurkezpen irekia egingo da, auzogune, elkargune eta herritarrek proposamenak egin ditzaten; urriaren 3tik 7ra, Gizarte Kontseiluak proiektuari buruzko txostena landuko du, eta abenduaren 3an, alegazioak eta erreklamazioak aurkezteko epea irekiko da.

Ogasuneko zinegotzi Iñaki Gurtubaik zergen proiektuaren alderdi nagusiak aletu ditu, baita oinarrizko planteamendua ere: Udalaren diru-sarrera eta gastu arrunten arteko erlazioa hobetzeko neurriak hartzeko beharra, aurrezpen garbia sortu ahal izateko, halaxe eskatu baitu kontu-hartzaile nagusiak bere azken gomendioetan.  “Proposamen zentzudun eta orekatua da, zerbitzu publikoen aldeko apustua egiten duena. Haien balioan benetan sinesten badugu, kontsekuenteak izan behar dugu”, azpimarratu du alkateordeak.

2020rako ordenantza fiskalen proiektuak, zeina joan den ostiralean onetsi baitzuen Tokiko Gobernu Batzarrak,  presio fiskala mantentzea aurreikusten du, udal-zergak eta tasak oro har % 1 igoz (eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga izan ezik, hori izoztu egingo bailitzateke). Bederatzi tasa eta prezio publikoren kasuan, berriz, % 4ko hazkuntza planteatu da: hiri-hondakinak bildu eta suntsitzeko lanei dagokien tasa, hondakinak isuri eta tratatzeari dagokiena, hileta-zerbitzuengatiko tasa, ibilgailuak eraikin partikularretan sartzeagatik eta aldi baterako aparkaleku-erreserbengatik ordaindu beharreko tasa, TAO, kirol instalazioak erabiltzeagatiko prezioa, udal zentroetako jarduera eta ikastaroei dagokien prezioa, zenbait ekipamendu erabiltzeagatiko tasa, eta hilerrian eraikuntzak uzteari dagokion tasa.  Izan ere, bederatzi tasa eta prezio horietan sortzen da desoreka handiena zerbitzuak benetan balio duenaren eta biltzen den kopuruaren artean.

 

 

 

Share