Prentsa Oharren banner

Kirol Park kanpaina egingo da berriro, aire zabalean kirolean aritzeko zortzi proposamenekin

 

  • Irailaren 21etik urriaren 20ra, hockey, tai-ji, boleibol, jugger edo irristaketa praktikatu ahalko dira, besteak beste

Asteburuan jarriko da berriro abian Kirol Park kanpaina, Gasteizko Udalak espazio publikoan kirola egitea sustatzeko sortutakoa, hiru proposamenekin: boleibola, kaleko hockeya, eta tai-jia. Irailaren 21etik urriaren 20ra zortzi jarduera antolatu dira Kirol Park Udazkena programazioaren barruan; ekainean eta uztailean, berriz, hamalau jarduera egin ziren, udako edizioan.

Salburuan hasiko da asteburuko programa, irailaren 21ean (larunbata). 10:30etik 13:30era (gutxi gorabehera) jolas-boleibola landuko da Ekialdeko parkean. Lankide eta Jatorria taldeen laguntzarekin, interesdun orok besteak beste arintasuna eta oreka hobetzeko balio duen kirol horretan hasteko aukera izango dute. Publiko orokorrari irekitako jarduera da, eta ez da izena eman behar.

Larunbat arratsaldean Foru plazako pilotalekura aldatuko da Kirol Park. Kaleko hockeyan hasteko jarduera izango da bertan, 18:00etatik 21:00etara. Edonork hartu ahalko du parte kirol hori ezagutzeko jardueran, izena eman beharrik gabe; Street Hockey Gasteiz taldearen lankidetza izango da jardueran.

Igande goizean, hilak 22, tai-jiaren txanda iritsiko da. 12:00etatik 14:00etara arte jarduera hori ezagutu eta ikasteko saio bat antolatu da Prado parkean. Youch’ing elkarteak lagunduko du jende guztiari irekitako lantegian, ez baita izenik eman behar.

Datozen asteburuetan beste kirol batzuk praktikatu ahalko dira Gasteizko hainbat auzotan: skatea, irristaketa eta juggerra. Kirola kalera ateratzeko kanpainaren udazkeneko fasea amaitzeko, urriaren 20an askotariko jarduerak antolatu dira Salburuko parkean.

Kirolaren eta ariketa fisikoaren praktika sustatzeaz gain, kaleko kirolaren bitartez autonomia, harreman sozialak eta aisialdia modu osasungarrian betetzea sustatu nahi da Kirol Parken bidez, bai eta hiriko espazio publikoen eta berdeguneen erabilera ere.

 

+INFO: Voley irailak 21

+INFO: Street Hockey irailak 21

+INFO: Taichi irailak 22

 

Share