Prentsa Oharren banner

Arabako Larrialdietarako Funtsak 29.860 euro bideratuko ditu uholde urek kaltetutako Ruandako familiei laguntzeko

Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren laguntzak balio izango du oinarrizko gauzak, teilatuetarako xaflak eta ur biltegiak emateko 60 familiari

Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak osatutako Arabako Larrialdietarako Funtsak 29.860 euro bideratuko ditu oinarrizko gauzak, besteak beste, koltxoiak, mantak eta esterak, emateko Ruandako Kamonyi barrutiko 60 familiari, zeinak urteko lehen seihilekoan izandako uholde urek eta uholdeek kaltetu baitituzte. Laguntza horri esker, familiak babesteko teilatuak egiteko xaflak ere emango zaizkie, bai eta ura bildu eta gordetzeko biltegiak ere.

Laguntza jasoko duten familiak zaurgarritasun egoera larrian daude, bost urtetik beherako haurrez eta heldu bakarraz osaturik baitaude.

Arabako Larrialdietarako Funtsaren laguntza Medicus Mundi erakundeak eskatu du. Erakunde horrek 25 urte daramatza Ruandan lanean, oinarrizko higienea eta saneamendua lortzeko proiektuetan eta oinarrizko osasun arreta ematen eta garapen sozioekonomikoan laguntzen. Arde Kubaho eta Ugama toki erakundeek banatuko dute laguntza. Medicus Mundik hainbat urte daramatza haiekin elkarlanean, ALFk eta beste hainbat euskal erakundek emandako diruarekin larrialdietan esku hartzen.

Aurtengo euri garaian beste batzuetan baino uholde ur, uholde, haize bortitz eta luizi gehiago izan dira, nagusiki aldaketa klimatikoa dela-eta, eta hainbat pertsona hil eta zauritu dira fenomeno meteorologikoen ondorioz. Kalte materialei dagokienez, etxebizitza asko erabat edo partzialki suntsituta geratu dira eta baita beste azpiegitura batzuk ere, esaterako, komunak eta bideak. Laboreek eta abereek ere kalteak izan dituzte eta, ondorioz, elikadura arazoak izan ditzakete herritarrek.

Proiektuaren bidez, Kamonyi barrutian esku hartuko da. Han, euri garaian kalteak jasan dituzten familiek etxebizitzak edo haien zati bat galdu dute eta aire zabalean egin behar dute lo edo auzokideen etxeetan, eta ez dute ur edangarririk, ez eta higiene eta osasun baldintza egokirik ere.

 

Share