Prentsa Oharren banner

Gasteizek zentro soziokulturalek antolatutako ibilaldi ludiko batez ospatuko du Adinekoen Nazioarteko Eguna

 

 

Adinekoentzako zentro soziokulturalek Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatuko dute datorren asteartean, urriak 2. Jai programa ludikoa prestatu dute egun horretarako; besteak beste, adierazpen bat irakurriko dute, eta martxa bat egingo hiriaren erdialdetik, goizeko hamaiketan.

Andre Maria Zuriaren plazan elkartuko dira. Ibilaldiari ekin aurretik, adierazpen bat irakurriko dute, eta jardunaldiaren lema —”Guk, pintatu…, gogotik!”— margotuko dute lurrean; azken egunetan Gasteizko zenbait kaletan ere margotu dute lema.

Andre Maria Zuriaren plazatik Arka plazara abiatuko dira, Ibiltariaren eskultura egun horretarako berariaz jantziko baitute. Han musika girotzea izango da; ondoren, hasierako lekura itzuliko dira, non adinekoen bakardadeari buruzko erakusketa txiki bat ikusi ahalko baita, ACCEM elkartearen lankidetzari esker.

Horretaz gain, bisita gidatuak antolatu dira Arkeologia, Karta eta Natur Zientzien museoetara, urriaren 1ean eta 2an, eta lau ibilbide hiriko saltokietan barrena.

Gasteiz On elkartearen laguntzarekin egingo dira bisitak, zehazki,”Arimadun dendak” eta “Gourmet saltokiak” ibilbideen bitartez. Lehenengoan, bertako denden jatorria, historia, bitxikeriak eta pasadizoak ezagut daitezke; bigarrenean, gastronomiarekin lotutako dendak bisitatuko dira, produktuak dastatzeko eta aitona-amonengandik bilobengana igaro diren familia negozio horietako jabeekin hitz egiteko.

“Gozatzeko eta aldarrikatzeko eguna izango da. Adinekoek berek zentro soziokulturaletan antolatu dituzten jarduerez gozatzeko, eta adinekoek gizarteari egiten dioten ekarpen handia aldarrikatzeko. Nahitaezkoa da haien egitekoaren balioa nabarmentzen jarraitzea, eta populazioaren sektore hori gizartetik baztertzera daramaten estereotipoen aurka egitea”, ohartarazi du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak; “zahartzeak gaurko gizarteari planteatzen dizkion erronkez kontzientziatzeko beharra” ere azpimarratu du. 

Gaur egun, Gasteizko biztanleen % 21ek 65 urtetik gora du, eta % 6k, 80 urtetik gora.

 

Share