Prentsa Oharren banner

Udalak 100.000 euro bideratu ditu emakumeen saskibaloia sustatzera, Araskirekiko hitzarmena tarteko

Gasteizko Udalaren eta Araski Arabako Emakumeen Saskibaloiaren arteko lankidetza-hitzarmena onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak, emakumeen saskibaloi-jarduerak susta daitezen 2019-2020 denboraldian. Bigarren urtez hitzarmen bidez gauzatzen den akordio honek 100.000 euroko udal ekarpena du, kirolaren arloan  emakume eta neskatilentzako sustapen- eta prestakuntza jarduerak garatzeko, eta Araskik arlo honetan egiten diharduen lana indartzeko.

Taldearen balioa  gizartearen erreferente gisa sustatzeaz gain, udalaren eta Araski AESen arteko lankidetza honek eragin nabarmena izango du klubaren harrobian,  ikastetxeekin lankidetzan burutzen den AraskiEskola proiektuaren bitartez. Harrobiak kategoria hauetan izango taldeak denboraldi honetan: lehen maila nazionalean, lurraldeko senior mailan, euskal ligako junior mailan, lurraldeko junior taldean, Euskal ligako kadete mailan, lurraldeko kadete mailan, haurren kategorian, kimuen mailan eta hastapen mailan.

AraskiEskolaz gain, badira kirola sustatzeko beste jarduera batzuk ere: ikastetxeak bisitatzea, kirol eta gizarte arloetako baloreak hedatzeko kanpainak, gizarte aitortzarako hainbat ekitaldi, Araski boluntario-taldearen  kudeaketa eta saskibaloiko emakumeen ligako hainbat partidu dinamizatzeko ekintzak.

Urtaranen gobernuak bereziki nabarmendu du Araskik egiten duen lanak haur eta gazteen arloan duen eragina, jarduera fisikoa egitera eta osasun ohiturak sortzera motibatzen dituelarik. Halaber, emakumeen kirola sustatzeko lanak osatu egiten du gizartearen kohesioa, udalak burutzen dituen berdintasun-politikak sustatu eta garatuta.

Share