Prentsa Oharren banner

Afrikako Garapen Bankua bisitan etorri da Gasteizera, bertako garapen iraunkorrerako estrategia ezagutzera

Afrikako Garapen Bankuaren ordezkaritza bat bisitan etorri da Gasteizera, bertako iraunkortasun estrategia aztertu eta jardunbide egokiak ikastera. Udal taldeetako ordezkariek egin diete harrera udaletxean, lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapenerako zinegotzi Maider Etxebarria eta bigarren alkateorde eta Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi Ana Oregi buru zituztela.

Aditu taldea udaleko zenbait arduradun teknikorekin bilduko da egunean zehar, hainbat alderdi aztertzeko: hiri-plangintza eta mugikortasun iraunkorra, hiri-hondakinen bilketa eta tratamendua, uraren arazketa, eta gizarte etxeen sarea. Afrikako Garapen Bankuak interes handia zuen Arabako hiriburua ezagutzeko Etiopian Munduko Hiriburu Berde izendatu ondoren.

Erdi Aroko hirigunea ere bisitatuko du taldeak, eta arratsaldean Gasteizko natur ingurunean ibiliko dira, bizikleta elektrikoz. Salburuko hezegunea eta Alegria eta Zadorra ibaiak ezagutuko dituzte, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko Sentsibilizazio Arloko buru lagun dutelarik.

Lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapenerako zinegotzi Maider Etxebarriak nabarmendu duenez, “Gasteizentzat harrotzeko motiboa da Afrikako Garapen Bankuan ere gure hiri-eredu berdeaz entzutea“; orobat, horrelako bisiten garrantzia azpimarratu du, “toki mailan zein maila globalean lortu nahi dugun hiri jasangarritasunari buruzko esperientziak eta ideiak trukatzeko“.

Bigarren alkateorde eta Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi Ana Oregik, berriz, Gasteizko eredua —iraunkortasun hirukoitzean (ingurumena, gizarte eta ekonomia) oinarritua— ezagutzeko interesa eskertu dio ordezkaritzari. “Gure estrategia arrakastatsuak gako izan dira Global Green City izendatzeko: Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Plana, hirigintza-plangintza, espazio degradatuak berreskuratzea, Eraztun Berdea sortzea, ekonomiaren alorreko neurriak, industriaren eraldaketa, eta ezberdintasunen kontrako borroka”, nabarmendu du.

Basquetrade sozietate publikoak antolatu du bisita; Eusko Jaurlaritzako sozietate publiko hori SPRIko nazioarteko zerbitzuak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Saileko Nazioartekotze Zuzendaritza elkartu ondoren sortu zen.

Share