Prentsa Oharren banner

Patroiaren eguna ospatu du Udaltzaingoak, Agirrelandan

Ohi bezala, Gasteizko Udaltzaingoak Aingeru Zaindarien jaia ospatu du gaur, urriak 2, Agirrelandako udaltzain-etxean.

Arriagako San Bizente Martiriaren parrokian erlijio-ekitaldia eginez hasi dira ospakizunak; ondoren, harrera egin dute Udaltzaingoaren instalazioetan, 100 gonbidatu ingururekin.

Alkate Gorka Urtaran eta Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Marian Gutiérrez izan dira buru harrera-ekitaldian, eta arlo hauetako ordezkariak bertaratu dira, besteak beste: udal talde politikoak; estatuko eta erkidego administrazioa; tokiko, erkidegoko eta estatuko segurtasun indar eta kidegoak; epailetza, fiskaltza eta Abokatuen Elkargoa, eta erregio etxeak.

Komisario buru Roberto García Tobalinak eman du ongietorriko hitzaldia, eta haren ostean Herritarren Segurtasunaren zuzendari Javier Sáez Lanasek hitz egin du. Amaitzeko, alkate Gorka Urtaranek hau gogoratu du: “superhiri europarra izan dadin, Gasteizek kalitateko zerbitzu publikoak izan behar ditu, eta horretan oso paper garrantzitsua du segurtasunak. Berez, Euskadiko hiri seguruena gara” . Aldi berean, eskerrak eman dizkie erretiroa hartu duten agenteei, “Udaltzaingoan lanean emandako hamarkadengatik”.

Ondoren, azken 12 urteetan erretiratu diren udaltzainei (35 orotara) ibilbide profesionala aitortzeko diplomak banatu dizkiete, baita erretiratuen txartel profesionala ere.

Zerbitzuan 20 eta 30 urtetik gora daramaten udaltzainei, berriz, bereizgarri zuria eta gorria duten diplomak eman dizkiete. Lehen taldean hogeita sei agente edo buru zeuden; bigarrenean, hogei.

Jarraian, Polizia Kidegoen arteko Tiro Txapelketako garaikurrak banatu dira; Gasteizko Udaltzaingoko lehen agente bat izan da garaile banakako kategorian, eta taldeen kategorian ere kidego horrek irabazi du. Orobat, sariak eman zaizkie Areto-futboleko Txapelketako txapeldunari eta txapeldunordeari.

Share